Edukinera zuzenean joan

Ebaluazio funtzionalaren faseak

Ezintasunen bat duten pertsonek jokabide problematiko bat baino gehiago izan ohi dute eta, horrelakoetan, esku hartzea prestatze aldera, ebaluazio funtzionala egiteko ardura duen pertsonak horien arteko lehentasun ordena bat ezarri behar du: zehaztu beharko du zeintzuk diren lehentasunezko ebaluazioa eta esku hartzea behar duten jokabideak, zeintzuk diren aurrekoak bezainbeste premia ez duten baina ebaluazio formala behar duten jokabideak eta, zeintzuk, aldiz, berrazterketa edo jarraipen informalarekin nahikoa duten.

Oro har, premiazko esku hartzea behar duten jokabideak hauek dira: ezintasunen bat duen pertsonari edo inguruko norbaiti (adiskideak, senideak edo profesionalak) kalte fisikoa eragin ahal diotenak edo haren bizitza arriskuan jartzen dutenak. Hauek ere premiazko ebaluazioa eta eskuhartzea behar dute: ezintasunen bat duen pertsonaren edo beste pertsona baten gizarteratze edo integrazio prozesua zaildu edo oztopatzen dutenak, bai eta kalte materialak eragiten dituzten jokabideak ere. Edonola ere, premiaz esku hartzea beharrezkoa den zehazte aldera, komenigarria da, jokabidea edozein dela ere, bi faktore aintzat hartzea: (a) premiaz esku hartzen ez bada, jokabidea okertzeko edo larriagotzeko arriskua ote dagoen eta b) jokabideak modu negatiboan eragina duen pertsonaren onarpenari dagokionez.

Ebaluazio funtzionala egiteko ardura duen pertsonak, identifikatutako jokabide problematiko bakoitzaren kasuan, taulan adierazitako galdera bakoitzari erantzun beharko dio. Zerrendako lehenengo hiru galderen erantzunetako bat baiezkoa bada, horrek esan nahi du jokabide horrek ebaluazio funtzionala eta premiazko esku hartzea behar dituela jokabideari lotutako laguntza plan baten bidez. Horrez gain, informazioa jasotzeko fasean eta esku hartze planaren diseinuan zehar gerta daitezkeen krisiak bideratu ahal izateko prozedurak aurreikustea ezinbestekoa da.

Lehenengo hiru galderen erantzuna ezezkoa bada baina hurrengo galderetako erantzunen bat baiezkoa bada, esku hartzearen lehentasun eta premia maila baxuagoa da. Horrelakoetan informazioa jasotzeko fasean eta jokabideari lotutako laguntza planaren diseinuan zehar gerta daitezkeen krisiak bideratu ahal izateko prozedurak aurreikustea ez da beti beharrezkoa izango, nahiz eta zenbait kasutan ezinbestekoa izan.

Galdera guztien erantzuna ezezkoa bada, pentsa daiteke ez dela beharrezkoa inolako esku hartzerik edo jokabidearen erregistrorik eta ingurua –senideak, profesionalak, adiskideak, lagunak- dela jarrera aldatu behar duena eta toleranteagoa izan jokabide hori onartuz. Antzemandako jokabidea duen pertsonaren ingurune hurbila osatzen duten pertsonen artean, gerta daiteke zenbait pertsonen kasuan, jarrera aldaketa hori lortzea erraza ez izatea. Batez ere, pertsona horiek narriadura edo zurruntasun kognitiboa baldin badute. Kasu horietan, modu sakonagoan lan egin behar da jokabideari lotutako laguntza positiboan oinarrituta, egokitzapen horretan laguntze aldera.

Horrez gain, aintzat hartu behar da batzuetan ez dela erraza jokabide bat disruptibo gisa kalifikatu behar den edo ez zehaztea edo problematikotzat jotzeko maiztasun edo intentsitate nahikoarekin gertatzen den edo ez. Are gehiago, gerta daiteke pertsona batek pentsatzea badela eta beste batzuek, aldiz, kontrakoa pentsatzea. Horri dagokionez, komenigarria da kontuan hartzea profesionalen jarrera edo pertzepzioa aldatu daitekeela edo eraginpean egon daitekeela nekeagatik edo asetasunagatik. Ondorioz, une jakin batean jokabide batek esku hartzea behar duela pentsa dezakete baina, egoera lasaiago batean, jokabide bera onargarria eta ez problematikoa dela pentsatuko lukete. Hori dela eta, ebaluazioarekin eta esku hartzearekin lotutako edozein erabaki hainbat pertsonen iritzian eta oharretan oinarritu behar da, soilik pertsona batenak kontuan hartu beharrean.

Jokabidearen jatorriaren inguruan nolabaiteko desadostasuna dagoenean, hasiera batean, jokabidearen gainbegiratze informala egin daiteke eta egoerak okerrera egin duela antzemanez gero, ebaluazio funtzionala burutu.

Elkarrizketetan eta goian aipatu diren galderen erantzunen bitartez lortutako informazioan oinarritu analisiak eta esku hartzeak hizpide izango dituen jokabideen lehentasun maila zehazte aldera.

Jokabide bati esleitzen zaion lehentasuna edozein dela ere, profesional guztiek gogoan eduki behar dute esku hartze bati ezin zaiola hasiera eman ebaluazioa bukatu, jokabideari lotutako laguntza plana egin eta hori abian jartzea adostu arte.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.