Edukinera zuzenean joan

Arreta ereduaren funtsezko osagarriak

Azken bi hamarkadetan zehar “Laguntzen paradigma” izenekoak gero eta garrantzi handiagoa eskuratu du, alde batetik, 70. hamarkadako normalizazio filosofiari esker eta, bestetik, 80. hamarkadan garatutako bizitza independentearen eta komunitatearen integrazioaren aldeko mugimenduari esker. Azken hori, 90. hamarkadatik aurrera bizi kalitateari ematen zaion garrantziari lotuta dago. Horrek guztiak eragin duen funtsezko aldaketa hauxe da: arreta ezintasunen bat duen pertsonaren gabezian jarri beharrean pertsona horren autodeterminazioan eta gizarteratzean jartzea.

 

Laguntzen Ereduaren funtsezko elementuak

Laguntzen Ereduaren funtsezko elementuak honela laburtu daitezke:

  • Ikuspegi aldaketa horren oinarria honako galdera honen bidez adierazi daiteke: zer laguntza behar ditu pertsona batek bere komunitatean parte hartu ahal izateko, gizarteak onartzen dituen rolak bere gain hartu ahal izateko, eduki nahi duen bizitza edukitzeko eta bere bizitzarekin pozik sentitzeko?
  • Galdera horren erantzunak honako hau hartzen du barne: pertsona batek dituen ahalmenen eta abilezien eta haren komunitatean funtzionatu ahal izateko eta haren lehentasunekin eta aukerekin bat datorren bizitza eduki ahal izateko behar dituen ahalmen eta abilezien artean dagoen aldea zein den zehaztea.
  • Pertsonek hainbat testuinguru desberdinetan funtzionatzen dutela aintzat hartuta, testuinguru desberdinen artean dagoen aldea ebaluatu edo neurtu beharra dago. Horretarako, laguntzen ereduak pertsona bakoitzaren bizitzan eta garapen pertsonalean zenbait arlo bereizten ditu: etxeko bizitza; bizitza komunitatean; prestakuntza eta hezkuntza; lana; osasuna eta segurtasuna; jokabidearen arloa; eta pertsonaren zainketa eta babesa.
  • Arlo horietako bakoitzean, gerta daiteke pertsona bakoitzak laguntza mota desberdinak behar izatea bai eta intentsitate desberdinekoak ere.
  • Hauxe da helburua: bizitzaren zenbait arlotan laguntza eskuratuz, pertsonak independentzia maila, erlazio maila, komunitatean duen parte hartze maila eta bere ongizate pertsonala hobetu ditzan.

Logikoa denez, berezko xarmatik harago, paradigma berri hori praktikara eramateak garrantzi handiko erronkak eragin ditu:

  • Alde batetik, laguntza horiek behar dituzten ezinduen deskribapen berria egiteko beharra agerian jarri du. Deskribapen berri hori euren gabezietan oinarrituta egon beharrean, gertatu ohi zen moduan, euren behar pertsonaletan eta helburuetan oinarrituko da. Kontzeptualizazio berri horrek sailkapen sistema berriak garatzea eskatzen du.
  • Bestalde, eguneroko oinarrizko jarduerentzako eta jarduera instrumentalentzako laguntzan oinarritutako ikuspegi tradizionala zabaldu behar izan da bizitzaren beste arlo batzuk ere barne hartu ahal izateko. Arlo berri horiek garapen pertsonalarekin, ahalduntzearekin, autodeterminazioarekin, gizarteratzearekin eta gizartean onartutako rolak bere gain hartzearekin zerikusia daukate.

Erronka horiei aurre egin ahal izateko laguntzak ezartzeko sistemak honako hau egiteko gai izan behar dira:

  • laguntza beharren sorta handia barne hartu;
  • pertsonan oinarritzea;
  • banakako lehentasunetan nolabaiteko aldakortasuna onartzeko nahikoa malguak izatea;
  • banakako beharretan eta lehentasunetan eta, ondorioz, behar diren laguntzetan, antzematen diren aldaketen aldian behingo ebaluazioa egiteko aukera ematen duten tresnak edukitzea.

 

 

Pertsonak arlo jakin batean funtzionatu ahal izateko dituen ahalmen eta abilezien eta hori gauzatzeko beharrezkoak diren ahalmenen eta abilezien artean dagoen aldea behin definituta, eredua bideragarria izan zedin, pertsonaren laguntza beharren intentsitatea neurtzeko gai zen tresna bat edukitzea beharrezkoa zen. Horrela sortu zen laguntzen intentsitatearen eskala; batzuetan LIE ere esaten zaio baina ohikoena SIS siglak erabiltzea da, hau da, ingeleseko izenetik datozen siglak: Supports Intensity Scale.

 

Laguntza beharren inguruko oinarrizko premisak

Lau osagarrien ikuspuntua zein SIS eskala ezintasunen bat duten pertsonen laguntza beharren jatorriari buruzko funtsezko bost premisatan oinarritzen dira:

  • Lehenengoa. Laguntza motak banakako beharrei eta lehentasunei egokitu behar dira. Ezintasuna pertsona batek modu gutxi gorabehera autonomoan egin dezakeen gauzen eta bere inguruen eta testuinguruen arteko doikuntzarik eza da. Inguruneen ezaugarriak oso desberdinak direnez, gaitasun pertsonalaren maila ere aldatu daiteke pertsona batetik bestera. Horrez gain, helburuak eta nahiak ere desberdinak izan ohi dira; oso arraroa da bi pertsonek laguntza behar berak edukitzea eta, ondorioz, banakako laguntza plan bera. Laguntza plan batek laguntza mota desberdinak eskaini behar ditu eta banakako ahalmen, behar, lehentasun eta inguruabarrei egokitu.
  • Bigarrena. Laguntzak ematea malgua izan behar da. Pertsonen laguntza beharrak dinamikoak dira, hau da, ingurune fisikoaren, egoeraren eta momentuaren arabera aldatzen dira. Ondorioz, laguntza beharren ebaluazio prozesuak eta laguntzen plangintza egiteko eta emateko prozesuak, halabeharrez, nahikoa malgua den laguntza sorta identifikatu behar du inguruabar guztiei erantzun ahal izateko. Halaber, aldian behin beharren eta emandako laguntzen ebaluazio berria egin behar da, horien arteko doikuntza mantentzen den edo aldaketaren bat egitea beharrezkoa den jakite aldera.
  • Hirugarrena. Pertsonaren arabera, laguntza batzuk beste batzuk baino garrantzitsuagoak dira. Bai beharren ebaluazioak, bai laguntzen plangintza egiteko prozesuak behar desberdinen arteko lehentasun ordenaren definizioa barne hartu behar dute. Hala, laguntza emateak baliabideak eskatzen dituenez eta baliabideen eskuragarritasuna mugatua dagoenez, lehentasunezkotzat jotzen diren laguntzen eta lehentasunezkoak ez diren laguntzen artean desberdintzen jakitea funtsezkoa da. Laguntza behar jakin baten lehentasuna zehazteko banakako lehentasunak kontuan hartu behar dira baina, aldi berean, oinarrizko beharrak asebetetzen direla bermatzea ezinbestekoa da, bereziki, segurtasunari, etxebizitzari edo elikadurari lotutakoak.
  • Laugarrena. Laguntza beharren ebaluazio sistematikoak banakako laguntza planen garapena eta berrazterketa bideratu behar du. Laguntza beharrak ebaluatzeko prozesu batek nahikoa informazioa eman behar du laguntzen plangintzan parte hartzen duten pertsonei lagundu diezaien. Izan ere, pertsona horiek laguntzak ezinduak gaur egungo bizitzari zein etorkizuneko bizitzari dagokionez dituen nahietara egokitu behar dituzte. Jakintza horri esker, taldeak lehentasun horiekin bat datozen laguntzak identifikatzeko, egituratzeko eta koordinatzeko konponbideak bilatuko ditu. Prozesu horren emaitza gisa, diseinatzen den laguntza planak, gutxienez, hauxe identifikatu behar du:
    • laguntzen ematean esku hartuko duten laguntza iturri desberdinak: profesionalak, zerbitzuak, senideak, lagunak, boluntarioak, etab.;
    • aurreikusitako laguntza mota desberdinek bete behar duten funtzioa;
    • beharrezkoak diren laguntzen intentsitatea.
  • Bosgarrena. Laguntza beharren ebaluazioak hainbat faktore aintzat hartu behar ditu. Beharren ebaluazioa egiten denean, taldea sentsibilizatu behar da eta pertsona baten bizitzan eragina duten balioak, sinesmenak eta itxaropenak errespetatu behar ditu. Plangintza taldean senideak edo lagunak sartzeak prozesu horretan faktore kulturalak gaineratzea errazten du.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.