Edukinera zuzenean joan

Zeintzuk dira pertsonan oinarritutako plangintzaren funtsezko oinarriak?

Pertsonan oinarritutako plangintzaren prozesua zehaztu baino lehen, funtsezko oinarriak zeintzuk diren ezartzea komeni da.

  • 1.oinarria. Pertsona prozesuaren erdigunea da. Pertsonan oinarritutako plangintza ezintasunen bat duen pertsonaren autodeterminazio printzipioan eta eskubidean oinarritzen da eta, printzipio horrekin bat eginez, haren bizitzaren kontrola bere gain hartu dadila beharrezkoak diren laguntzak emateko beharra aintzat hartzen du. Ondorioz, botere harreman orekatua lortzen da, erabakiak inposatu beharrean partekatzen dituena. Ezintasunen bat duten pertsona askoren egoera hau da: beste pertsonek euren bizitza kontrolatzen dute eta euren erabakiak hartzen dituzte; hala nola, denbora nola pasatzen duten, zer jaten duten, ateratzen diren edo ez, norekin duten harremana edo nola jokatu behar duten. Pertsonan oinarritutako plangintza harremanean nolabaiteko oreka ezartzeko lagungarria izan daiteke; izan ere, pertsonari haren eguneroko bizitzaren plangintzan parte hartzeko aukera ematen dio, bai eta haren beharrak, nahiak, lehentasunak eta helburuak plangintzaren ardatz nagusia izateko aukera ere. Beste modu batean esanda, botere partekatua barne hartzen duen harremana ezartzean datza. Horren helburuetako bat pertsonak bere bizitzaren plangintzan parte hartzea da; horrez gain, plangintza hori bideratzeko laguntza ematen zaio bere bizitza hobetze aldera, betiere, berak hobekuntzatzat jotzen duen testuingurua aintzat hartuta.

 

  • 2. oinarria. Familiak eta lagunek prozesu horretan zehar lagunduko diote. Pertsonan oinarritutako plangintzak beste oinarri bat ere badu, ezintasunen bat duten pertsonen bizitzan garrantzitsuak diren pertsonei funtsezko eginkizun bat esleitzea hain zuzen ere, senideei eta lagunei bereziki: zalantzarik gabe, euren interesek pertsona horiek kezkatzen dituzte eta horien alde egin nahi dute, euren modura egiten badute ere eta batzuetan ezintasunen bat daukan pertsonarekin eta artatzen duten profesionalekin bat ez datozen arren. Ondorioz, prozesuaren testuinguruan garrantzitsua da harremana eta proposamenak egiteko boterea senideekin eta lagunekin partekatzea, elkarrizketaren barruan sartzea, euren inplikazio aktiboa mantentzea eta elkarren arteko ezagutzan eta konfiantzan oinarritzen diren lotura sendoak egitea. Horrela, profesionalek “ezintasunen bat duen pertsonan adituak” izateari utziko diote eta euren eginkizuna elkarrizketa eta adostasun prozesuan adituak izatea izango da. Horren bitartez, pertsonaren behar eta lehentasunekin bat datorren bizimodua lortu ahalko da.

 

  • 3. oinarria. Plangintzak pertsonarentzat garrantzitsua dena islatzeaz gain, dituen gaitasunak eta hori lortzeko behar dituen laguntzak ere islatzen ditu. Pertsonan oinarritutako plangintza, prozesuan esku hartzen duten pertsona guztien eskutik, ezintasunen bat daukan pertsona eta bere bizitzaren egoera hobeto ulertzean datza. Halaber, berarentzat garrantzitsua denaren, bere helburuen eta hori lortzeko behar dituen laguntzen arteko oreka lortu nahi du. Tradizioz, ezintasunen bat duten pertsonek zerbitzuak eskuratzen zituzten euren ezintasunaren arabera –sentsoriala, fisikoa edo intelektuala- eta profesionalen eginkizuna, funtsean, hau zen: pertsona horien defizitak ebaluatzea eta horien arabera, egiteko gai ez ziren lanak edo funtzioak identifikatzea, gainditu nahi ziren helburuak ezarriz. Oro har, pertsonek ohiko komunitate ingurunean parte hartzen zuten soilik langileek horretarako prest zeudela uste zutenean. Ikuspuntu hori alde batera utzita, pertsonan oinarritutako plangintzak kontrako ikuspuntua bereganatu du, positiboa, pertsonak zer diren oinarritzat hartzen duena, euren bertute edo gaitasunetan eta egin ahal duten gauzetan oinarritzen dena. Ikuspuntu hori abiapuntutzat hartuta, independentzia ez da definitzen laguntza barik egin ahal dituen zereginen arabera, baizik eta bizitza estiloa eta bizimodua hautatzeko aukeraren arabera. Hori guztia, horretarako behar dituen laguntzen intentsitatea alde batera utzita.

 

  • 4. oinarria. Plangintzak, bakarrik arreta jasotzen duen zerbitzuetan daukan bizitza aintzat hartu beharrean, pertsonaren bizitzari bere osotasunean erreferentzia egiten dioten zenbait ekintza barne hartzen ditu. Ekintza horiek posiblea den guztia islatzen saiatzen dira, soilik eskuragarri dagoena islatu beharrean. Pertsonan oinarritutako plangintzak prozesuan parte hartzen duten pertsona guztiek partekatzen duten konpromisoa lortu nahi du, aldaketak eragiten dituzten erabakiak hartzeko eta jarduerak garatzeko. Aipatutako aldaketak oro har garrantzi handirik ez duten baina eguneroko bizitzan eragin handia daukaten xehetasunetan kontzentratu daitezke, bai eta bizitza estiloan funtsezkoak eta erabakigarriak diren alderdietan ere, pertsonak dituen xedeekin eta nahiekin bat eginez eta modu inklusiboan bizitzen laguntzen diotenak. Ohiko plangintzetan, hauxe zen lortu nahi zen helburu nagusia: pertsonak zerbitzuetara eta zeuden baliabideetara moldatzea. Pertsonan oinarritutako plangintza, aldiz, pertsonaren zerizanean eta bere nahi eta beharretan oinarritzen da eta, ondoren, oinarri hori aintzat hartuta, laguntza egokiak egituratzen ditu. Pertsonan oinarritutako plangintza bizi komunitate inklusiboagoak eraikitzera bideratuta dago. Komunitate horietan, aniztasunak elkartasun eta pertsonen arteko laguntza aukera gehiago sortzen ditu. Pertsona gehienentzat pertsonen arteko harremanak bizitzaren oinarrizko elementuak dira; ia guztientzat beldurrik handienak gaitzespena eta isolamendua dira. Beste pertsonen bizitzaren zati bat izan behar gara eta haiek gure bizitzen zati bat izan behar dira. Ezintasunen bat duten pertsona asko baztertu egin dira denbora luzez eta, kasu askotan, euren harreman adierazgarri bakarrak arreta ematen dieten profesionalekin izandakoak izan dira. Pertsonan oinarritutako plangintzak onartzen du zerbitzuen munduak ezin diela pertsona baten behar guztiei erantzun. Horregatik, pertsonak haren familiarekin, lagunekin eta komunitate inguruneko beste zenbait  pertsonekin dituen harremanak sendotzeko moduak bilatzen ditu.

 

  • 5. oinarria. Plangintzak izaera dinamikoa dauka eta etengabeko entzute eta ikaskuntza prozesu batean oinarritzen da. Pertsonan oinarritutako plangintza prozesu etengabea da: pertsonek etorkizuna dutela, pertsonaren xedeak aldatuko direla eta esperientziekin batera handituko direla onartzen du; hori dela eta, une jakin batean baliagarria den laguntzen eta zerbitzuen eredua, aurrerago baliorik gabekoa izan daiteke. Gauza berriekin saiatzea garrantzitsua da, horietatik ikastea, zailtasunak eta gatazkak negoziatzea eta irtenbidea topatzea, elkarrekin lan eginez aldaketak lortzeko helburuarekin.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.