Edukinera zuzenean joan

Buru osasuna urritasuna duten pertsonengan

Antsietate nahasmenduak

Antsietate erantzunak arriskuaren aurrean instintu erako babes erreakzioak bezala defini daitezke. Erantzun hauek, pertsonaren segurtasuna zalantzan jar dezaketen egoeren aurrean, egokiak eta beharrezkoak dira, izan ere, babes funtzioa betetzen dute. Hala ere, erantzun horiek neurriz gainekoak bihurtzen direnean, arrazoirik gabekoak eta pertsonaren borondatezko kontroletik kanpo geratzen direnean, beharrezkoa da kasuan kasuko pertsona antsietate nahasmendu bat jasaten ari den diagnostikatzea.

 

  • Sintomak
    • Sintoma subjektiboak, kognitiboak edo pentsamendukoak: kezka, segurtasun eza, beldurra edo izua, gainerakoak baino gutxiago izatearen sentimendua, kontzentratzeko zailtasuna, kontrola galtzen aritzearen sentsazioa...
    • Mugimenduko sintomak edo behatu daitezkeenak: hiperaktibitatea, mugimenduak gelditzea, hitz motela eta hitzez adierazteko beste zailtasun batzuk, zenbait gauza saihesteko jokabideak.
    • Sintoma fisiologikoak edo gorputzekoak:
      • Kardiobaskularrak: taupadak, pultsu azkarra, tentsio altua, bero aldiak.
      • Arnasakoak: arnasestu sentsazioa, itobeharra, arnas azkarra eta azalekoa, opresio torazikoa.
      • Gastrointestinalak: goragaleak, oka egitea, beherakoa, ondoeza digestioan.
      • Genitourinarioak: pixa maiz egitea, enuresia, eiakulazio goiztiarra, frigidotasuna, inpotentzia.
      • Neuromuskularrak: giharretako tentsioa, dardara, inurridura, buruko mina tentsioaren ondorioz, neurriz gaineko nekea.
      • Neurobegetatiboak: ahoa lehor edukitzea, neurriz gain izerditzea, zorabioak.
    • Aintzat hartu behar dugu, berriro ere, ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonek arazo larriak eduki ditzaketela “urduri daudenean” nola sentitzen diren ulertu eta azaltzeko. Sintoma hauek interpretatzerakoan akats bat edukitzeak diagnostiko okerrak eragin ditzake, adibidez psikosia diagnostikatzea. Antsietate egoeran islatzen diren jokabide baliokideak maiz ikusiko dira ere, adibidez kexa somatiko ugari (sabeleko mina, zehaztu gabeko mina, buruko mina...).

 

  • Gaixotasuna dakarten faktoreak
    • Faktore psikosozial jakin batzuk lagundu egin dezakete dakarten antsietate nahasmenduak garatzen edo azaltzen, eta ezintasun faktoreak              intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan, maiz ageri dira hauek: autoestimu gutxi edukitzea, kale egiteko beldurra, ohiko zaintzaileen galera. Zenbaitetan, beren egoera komunikatzen saiatzen dira eta horretarako zenbait egoera zein desatsegin zaizkien adieraziko, horiek antsietatea eragiten dietela esan ordez; gainera, ihes egiteko jokabideak ere agertu daitezke (adibidez, ikastetxera edo lanera joateari ezezkoa ematea).

 

ANTSIETATE NAHASMENDU MOTAK

  • Fobiak
    • Fobia bat objektu, animalia, jarduera edo egoera jakin batekiko beldur iraunkorra eta arrazoiz kanpokoa da. Objektu hori agertzen denean, neurriz gaineko antsietate erreakzioa sortzen da eta antsietate nahasmenduetarako deskribatutako sintomatologia agertzen da.
    • Ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonengan antzemateko arreta jarri behar dugun sintoma nagusia saihestearena da. Objektu, animalia, jarduera edo egoera berezi baten aurrean pertsonak saihesteko jokabide zorrotza edota ezagunengan babesa bilatzen baditu, edo eguneroko errutinan mugak baditu, ziurrenik fobia baten aurrean egongo gara. Horrez gain deskribatu diren gorputz sintomak edo jokabide nahasmenduak topatzen baditugu, ziurrenik gure diagnostikoa zuzena izango da.

 

  • Antsietate orokorreko nahasmenduak. AON.
    • Kasu honetan, kezka eta antsietate eredua gertaera edo jarduera ezberdin askotan ageri da, eta pertsonaren bizitza osoa zipriztintzera iristen da. Horrelakoetan, deskribatu diren antsietate sintomak etengabe ageri dira pertsonarengan, eta oso zaila izaten da egoera jakin bat gaixotasuna azaldu baino lehenago existitzen zen egoerarekin alderatzea. Ondorioz, antsietate orokorreko nahasmenduek, sufrimendu ikaragarria badute ere, askotan oharkabean igaro ohi dira ezintasun intelektuala eta narriadura kognitiboa duten pertsonengan.
    • Beldurtia izatea, gauzak saihesteko nortasuna, lotsatia izatea edo antsietateko egoera jarraitu batean dagoen norbaiten berezko adierazpenak, maiz, ez dira ongi interpretatuko eta gaizki diagnostikatuko dira. Gauzak horrela, ezintasunari berari edo jasaten ari dena ez den beste buruko nahasmendu bati egotziko zaizkio sintomak, maiz psikosiari.

 

  • Izu nahasmenduak
    • Beldur biziko krisi errepikakorrak eta espero ez direnak eragiten dituen antsietateko nahasmendu bat da; horiek minutu batzuetako edo hainbat orduko iraupena eduki dezakete. Antsietatearentzat deskribatu diren sintomak ageri dira, baina gertaera hauetan kontzentratzen dira. Horrelakoetan hain biziak izan daitezke sintomak, pertsonak hil egingo dela, “zoratu” egingo dela edo bihotzeko bat jasango duela sinetsi dezakeela.
    • Berriro ere, ezintasun intelektuala duten pertsonek jasaten dituzten izu krisien ezaugarria da jokabide gatazkatsuen bitartez ere agertu ahalko direla.

 

  • Trauma baten osteko estres nahasmenduak
    • Oso nahasmendu zehatza da, eta bizitza edo pertsonaren osotasuna arriskuan jartzen duen esperientzia bat bizi izanaren edo hura ikusi izanaren ondotik garatzen da. Orokorrean, gainera, pertsonak sentitzen du ezin duela ezer egin bizitako egoeraren aurrean eta beldur bizia jasaten du.
    • Sintomak bizitako esperientzia eta gero agertu daitezke, baina lehenengo aztarnak agertu arte hilabeteak edota urteak ere igaro daitezke:
      • Gertatutakoa behin eta berriro gogora ekartzea. Egoeran estualdiko egoeraren oroitzapenak, amesgaiztoak edo gertaera traumatikoa gogorarazten duten egoeretan gorputz erreakzioak behin eta berriro agertzean dantza.
      • Saihestea. Gertaera traumatikoaren alderdi garrantzitsuak gogoratzeko ezintasunaren bitartez adierazten da, edo, baita ere, axolagabekeriako edo ezaxolako sentimenduak, ezegonkortasun emozionalekoak eta isolatzeko joera handikoak agertzearen bitartez. Gertaera traumatikoa gogorarazi  dezakeen edozein elementu nabarmen gaitzetsi ohi da.
      • Alerta egoera. Suminkortasun handiagoa edota haserre krisiak azaldu ohi dira, lo egiteko zailtasun handiak, kontzentratzeko arazoak, neurriz gaineko zaintza egoera...
      • Gaixotasun honekin zerikusia eduki dezakeen beste sintoma bat gertaeraren inguruan errudun sentitzearen sentimendua da, nahiz eta hori ez den hain ohikoa izango ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonengan.
    • Nahasmendu honen ezaugarri nagusia da gertaera traumatikoa bera agertzea. Horrek, orokorrean, erraztu egiten du diagnostikoa ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonengan. Hala eta guztiz ere, aintzat hartu beharreko gai batzuk ere planteatzen dira:
      • Lehenik eta behin, ezintasun intelektualik gabeko pertsonentzat traumatikoak ez diren baina ezindu intelektualarentzat edo narriadura kognitiboa duen pertsona batentzat traumatikoak izan daitezkeen gertaerak edo egoerak egon al daitezke? Badirudi erantzuna baiezkoa dela: funtzionamendu kognitibo txikiagoak eragin egiten du egoeren gaineko ulermen kaskarragoa edukitzea eta, ondorioz, zaurgarriagoak izatea horrelako egoeretan eta horien aurrean zaurgarriago sentitu ahal izatea.
      • Bigarrenik, sintomatologia aldatuz joango da garapen kognitiboaren mailak behera egin ahala:
        • alerta egoeraren hazkundeak suminkortasuna edo erasoak ekar ditzake;
        • ametsak edo amesgaiztoak zehaztasun gutxiagokoak izan daitezke, eta esperientzia traumatikoarekin hain harreman estua ez dutenak;
        • norberak bere buruari kalte egiteko jokabideak agertu edo areagotu daitezke;
        • bizipen traumatikoa gertutik edo urrunetik gogorarazi dezakeen edozein egoerari fobia edukiz azaldu daiteke;
        • azkenik, gerta daiteke pertsonak, esperientzia gogoratu ordez, fisikoki gogoratzea, hau da, jasandako egoera bezala interpretatzea. Hori gertaera psikotiko batekin nahastu daiteke eta diagnostiko akastunera eraman.

 

  • Nahasmendu obsesibo konpultsiboa
    • Antsietate nahasmendu bat da, pentsamendu, sentimendu, ideia edo sentsazio errepikakorrak (obsesioak) edota pertsona batek egin behar dituela sentitzen dituen jokabideak (konpultsioak) dituena. Pertsona batek obsesioak nahiz konpultsioak eduki ditzake.
    • Ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan, nahasmendua modu ezberdinetan azaltzen da: pertsonak jokabide konpultsiboa errepikatzea galarazten saiatzen garenean, antsietate edo erasokortasun handiarekin azalduko da. Norberak bere burua kaltetzeko izaera konpultsiboko jokabideak ere topa ditzakegu; horregatik, horiek agertuz gero, kontuan izan behar dugu nahasmen obsesibo konpultsibo bat agertzen ari daitekeela.
    • Garrantzitsua da zera kontuan hartzea: antsietate nahasmendu bat izan arren, ez da beti ohiko antsietate modura agertzen. Aldiz, modu lausoago batean azaldu daiteke, jokabide nahasmendu modura hain zuzen.
    • Aldiz, ezintasun intelektuala duten pertsonen artean maiz agertzen diren beste fenomeno batzuk, adibidez estereotipoak, tikak edo autismo errituak, nahastu egin daitezke konpultsioekin eta, ondorioz, diagnostiko akastuna eragin.
    • Maiztasun gehien ageri duten konpultsioen artean, ordena, txukuntasuna eta egiaztatze erritualak aipa daitezke. Zentzu horretan, pentsamendu abstraktua aplikatzea behar duten konpultsioak ez dira horrenbeste agertzen ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonengan.
    • Jokabide fenotipoei dagokienez, nahasmendu obsesibo konpultsiboa ohikoena da Prader Williren sindromea dutenengan, batez ere elikagaiak modu konpultsiboan irensteari dagokionez; Williamsen sindromea dutenengan, osasunarekin zerikusia duten obsesio modura; eta agerpen handiagoa iradoki da ere Down Sindromea dutenengan eta autismoaren eremuko nahasmenduak dituztenengan.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.