Edukinera zuzenean joan

Buru osasuna urritasuna duten pertsonengan

Tratamendua diagnostiko biopsikosozial oso baten ondotik eratorri behar da. Buruko gaixotasun jakin batentzako tratamendu psikiatrikoaren oinarrizko printzipioak berdinak dira, funtsean, pertsona guztientzat, ezintasuna eduki zein ez. Hala ere, beharrezkoa izaten da beti banakako beharren, bizitzako inguruabarren eta gaitasun kognitiboen eta komunikaziokoen araberako egokitzapena egitea. Garrantzitsua da oso kontuan izatea tratamenduaren helburua ez dela bakarrik sintomak ezabatzea, baizik eta, baita ere, pertsonari ahalik eta modu onenean bizitzen laguntzea.

  • Tratamendu psikosozialak eta kognitiboak
    • Eztabaidagaia da ea ezintasun intelektuala  edo narriadura  kognitiboa duten pertsonek banakako terapia psikologikoen onurak eskura ditzaketen edo ez, eta adituen artean geroz eta adostasun handiagoa dago zera baieztatzeko garaian: terapia ongi orientaturik egonez gero, ezintasun intelektual arina edo neurri batekoa edo narriadura kognitibo arina ere edukiz gero, hori ez da kaltegarria banakako terapia egiteko, betiere, pertsonak esku-hartzearen asmoa ezagutzen badu eta hartan parte hartzeko motibazioa badu. Aldiz, ezintasun intelektual larria edo sakona duten pertsonen kasuan, ziurrenik muga kognitiboak eta hitzez jarduteko gaitasun eskasak edo gaitasun faltak galarazi egingo dute emaitza egokiak eskuratzea. Horrelakoetan, desdoitze emozionalak lantzeko komenigarria da hitzezkoak ez diren terapietara jotzea, adibidez antzerkiaren, artearen, musikaren eta beste sormen forma batzuen bitartez egindako terapietara.  
    • Bestalde, trebakuntza kognitiboa, bai bakarkakoa, bai taldekoa, ezinduengan geroz eta gehiago aplikatzen den esku-hartzea da. Ezintasun intelektual arina edo neurri batekoa duten pertsonen kasuan gomendatzen da, depresioa, antsietate nahasmenduak edo nahasmendu obsesibo konpultsiboa jasanez gero. Tratamendu hau bereziki erabilgarria izan daiteke oldarkortasuna kontrolatzeko, izan ere, pertsonari irakatsi egiten zaio erantzun erasokorrak eragiten dituzten inguruneko estimuluak aztertzen eta autokontroleko teknikak ematen dizkio.
    • Ezintasun intelektuala duten pertsonek taldeko, familiako edo banakako terapien onurak eskura ditzakete. Horrelako tratamenduen helburua, jokabide disruptiboak edo egokiak ez direnak ezabatzea ez ezik, horiek beste jokabide edo gaitasun eraikitzaile eta hobeki egokituriko batzuengatik ordezkatzea ere bada.
  • Ingurune tratamenduak
    • Ingurune fisikoak eta gizarte inguruneak eragina dute jokabidean eta, horregatik, funtsezkoa da laneko, aisiako eta etxebizitzako inguruneak behar bezala egokitzea pertsona bakoitzaren behar aldakorretara. Adibidez, pertsona batek depresio fase bat bizi badu eta horrek bere itxura fisikoari eta higiene pertsonalari jaramonik ez egitea badakar, edo ordura arte komunitatean modu autonomoan garatzen zituen jarduerak bertan behera uztea eragiten badu, ezinbestekoa da hari ematen zaion laguntza maila egokitzea, zaintza pertsonalerako laguntza emanez lehenengo kasuan edo ordura arte egiten zituen jarduerekin jarraitzeko laguntza emanez bigarrenean.
    • Ikuspegi horretatik begiratuta, bereziki azpimarragarria da ingurune diseinuaren garrantzia, komunikazioaren, gizarte elkarrekintzaren eta kohesioaren alde egiteko eta hura hobetzeko. Pertsonen jokabidea eta gaitasuna oso baldintzaturik daude pertsonaren eta bere ingurunearen arteko elkarrekintzarekin. Hori dela eta, egoitza zentroetako ezaugarri fisikoek eta arkitekturakoek, antolamendu jarraibideek eta funtzionamendukoek eragin handia dute pertsonen jokabidean eta egokitzapenean.
  • Sendagai bidezko tratamenduak
    • Aurreko idatz zatietan aipatu diren terapiak psikofarmakoak erabiltzearekin osatu daitezke (psikosiaren aurkakoak, depresioaren aurkakoak...) eta, zenbait kasutan, tratamendu egoki edo posible bakarra izatera iritsi daitezke. Psikofarmakoek, ongi erabiltzen direnean, nabarmen hobetu dezakete buruko osasuneko arazoak dituzten pertsonen bizi kalitatea. Hala eta guztiz ere, sendagai horiek kontuz eman behar dira:
      • Noski, ezinbestekoa da sendagaia sendagile batek agintzea eta eman beharreko dosia beti psikiatrak finkatzea. Psikiatrak sendagaia aginduko du behin buruko nahasmendua diagnostikatzen denean. Hori bai, diagnostiko horretara iristeko, eragindako pertsonarekin elkarrizketa klinikoa edukitzeaz gain, zerbitzuko langileek antzemandako jokabide aldaketei edo aldaketa fisikoei buruz bildutako informazioa ere erabil daiteke.
      • Ez da ahaztu behar sendagaien oinarrizko helburua pertsonaren bizi kalitatea hobetzea dela. Maiz gertatzen den moduan, ikusiko bagenu sendagaiak hartzearekin antzemandako arazoak murriztu edo ezabatzen direla baina emaitza hori pertsona egunaren zati adierazgarri batean lo edo lozorroan edukitzearen ondotik lortzen dela, funtsezkoa da sendagaia egokitzeko aukera planteatzea, horren bitartez zehazteko ea sendagai egokiena den edo hobeto egokituriko konponbideak egon daitezkeen.
      • Esku-hartze psikofarmakologikoa kontrolpean egon behar da, eta kontrol horrek tratamenduaren eraginkortasuna ebaluatzea ahalbidetu behar du.
      • Sendagai psikofarmakologikoek bigarren mailako eragin oso anitzak eduki ditzakete (horietako batzuk ez dute atzera bueltarik), eta, horregatik, kautelaz jardun behar da horiek agindu eta ematerakoan. Sendagileak beti azaldu behar ditu egon daitezkeen bigarren mailako eraginak eta horiek agertuz gero zer egin behar den. Gauzak horrela, funtsezkoa da profesionalak adi egotea pertsonak berak agian komunikatu ezin dituen eragin batzuk antzemateko.
      • Egoitza zerbitzuko profesionalek ez dute ez sendagai mota, ezta ematen zaien dosia ere aldatu behar, betiere, aldez aurretik espezialistarekin kontsultatu gabe egingo bada.
      • Sendagai eraginkorraren eta orientazio psikologiko egokiaren arteko konbinazioa da esku-hartze bide eraginkorrenetako bat. Beraz, ahal den bakoitzean, sendagaien erabilera tratamendu psikosozialarekin batera joan behar da.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.