Datuen erregistroa zerbitzu guztietan gehiago edogutxiagoezarrita dagoen informazioa biltzeko formula bat bada ere, gutxitan ateratzen zaio horri atera dakiokeen etekin guztia, ezta erregistro horiek behar bezala egokitzen direnean ere. Egitekoen azterketari dagokionez, erregistroaegitea funtsezkoa da; horrela, erabilgarria izan daiteke gogoratzea zergatik diren garrantzitsu datu horiek, zer datu komeni den erregistratzea eta nola egin behar den.
Zergatik erregistratu behar dira datuak?
Ezintasunen bat duen pertsonaren jokabideari buruzko datuak, neurri batean, jokabidea bera bezain garrantzitsuak dira, hainbat arrazoi dela-eta:
- Jokabide jakin bati dagokionez erregistratutako datuek lagundu egiten gaituzte ulertzen zergatik gertatzen den jokabide hori, eta informazioa eman diezagukete pertsonak jokabide bat agertzeko aukera gehien dituen egoera motari edo hura saihesten laguntzen duten elementuei buruz. Ikuspegi horretatik begiratuta, funtsezkoa da ez ahaztea zer nolako eragina dugun laguntza ematen diegun pertsonen jokabideen gainean.
- Datuek aukera ematen dute jokabidea hobetzen edo okertzen ari den ebaluatzeko, eta hori, aldi berean, ezinbestekoa da aukeratutako gaitasunak irakasteko egindako esfortzuen egokitzapen maila zehazteko. Bestalde, aurrerantz jarraitu behar dugun edo gure jarduteko modua eta gaitasunak irakasteko gure jarraibideak aldarazi behar ditugun zehazten lagunduko digu.
- Bestalde, datuen erregistroak zereginen erregistroari berari buruzko erabakiak hartzen lagun gaitzake. Adibidez, ahalbidetu egingo digu jakitea ea pertsona batek zeregin bateko urrats jakin batzuk egiteko zailtasunak dituen oraindik ere, gainerako ekintzak egiteko zailtasunik ez badu ere, eta, beraz, zailen suertatzen diren zeregineko urratsak gehiago xehakatzea komeni den jakitea ahalbidetuko digu.
- Datuen erregistroak, gainera, erabilera praktiko nabarmena du: egitekoa irakasterakoan esku hartzen duten profesionaletatik bat edo beste denboraldi batez bertaratzen ez bada, erregistroa kontsulta daiteke eta egindako aurrerapenak begiratu. Profesional berri batek egiteko horren irakaskuntzan sartu behar badu, zereginaren azterketaren nahiz egindako aurrerapenen erregistro egoki batek nabarmen errazten du profesionalaren sarrera hori.
- Datuen erregistroak aukera ematen du garapen txikienak ere ezagutzen, eta horrek esku hartzen duten pertsona guztien motibazioa mantentzen laguntzen du, batez ere prozesua mantso doanean.
- Azkenik, arriskuren bat daraman zeregin bat izanez gero, datuen erregistroak aukera ematen du egiaztatzeko, hala behar balitz, segurtasun baldintzetan irakatsi zaiola hori egiten.
Datuak nola erregistratu
- Beharrezkoa da erregistro orri bat prestatzea eta hartan, laburki, egitekoen azterketaren urrats bakoitza jasotzea. Adibidez, “arropa garbitzearen” azterketa hau izan daiteke.
- 1. urratsa. Arropa zikinaren saskia hustea eta arropa bi multzotan sailkatzea: arropa zuria eta koloreko arropa.
- 2. urratsa. Hartu arropa zuria eta eraman sukaldera.
- 3. urratsa. Ireki garbigailua eta sartu arropa barruan.
- 4. urratsa. Bota garbigarria neurketarako ontzian, eta isuri garbigarri hori garbigailuko ontzi egokian.
- Eta abar.
- Erregistro orriari esker, informazioa bildu daiteke pertsonak jarduera baten urrats bakoitzari nola erantzun dion ikusteko, hura egiteko aukera eduki duen bakoitzean (maiz errepikatzen den zeregin bat izanez gero, ez da beharrezkoa aldiro erregistratzea: Adibidez, egitekoa eskuak garbitzea bada, bostetik behin erregistratu daiteke).
- Aurrerapena erregistratzeko modu sinpleena aldez aurretik adostutako kodeen bitartez egitea da: √ zeinuak esan nahi izan dezake pertsonak langileen aldetiko inolako laguntzarik gabe egin duela kasuan kasuko ekintza; * zeinuak esan nahi izan dezake laguntza motaren bat behar izan duela.
- Biltzea komeni den informazioa zehazteko garaian, beharrezkoa da lehentasuna ematea argiak eta sinpleak izateari. Garrantzitsua da erregistroko orrian ageri diren kontzeptu guzti-guztiak aldez aurretik definitzea. Horrela, erregistroa erabiltzen duten pertsona guztiek interpretazio berdina egingo dute (adibidez, egiteko bat lortu den edo ez 1 eta 5 arteko puntuazioarekin neurtzen denean, definitu egin behar da noiz ematen den horietako bakoitza).
- Jarraian datorren adibidean, datuek adierazi egiten dute ezinduak zer egitea lortu duen modu autonomoan, eta zertarako behar duen nolabaiteko laguntzaren bat.
Datuak erregistratzerakoan oinarrizko alderdiak
Garrantzitsua da datuak erregistratzerakoan kontuan hartzea oinarrizko bi alderdi:
- Zintzotasuna. Tentagarria da pertsonak ekintza bere kasa egin duela markatzea, benetan laguntzaren bat behar izan duenean, txikia izanagatik ere. Tentagarria da, batez ere pertsonak bere aldetik jartzen duenean lortzeko. Kontua da, ordea, bere kasa egin dezakeela markatzeak, hori egia ez bada, ez diola inolaz ere lagunduko eta ikastearen aurrerapena zailtzera ere iritsi daitekeela. Hori bereziki garrantzitsua izango da nolabaiteko arriskua duten jarduerak irakasten ditugunean (adibidez, errepide bat gurutzatzea).
- Kontzentrazioa. Kontzentrazio ona eduki behar dugu aurrerapenak erregistratzerakoan, zehaztasunez antzemate aldera hartutako autonomia maila eta beharrezko laguntza maila, batez ere fase aurreratuetan, izan ere, norberaren buruarengan segurtasun eta konfiantza maila altuago batek akatsetara eraman dezake.