Edukinera zuzenean joan

Zeintzuk dira ebaluazio funtzionalaren funtsezko oinarriak?

Jokabide problematikoen aurrean, bai ezgaitasun intelektualen bat duten pertsonei, bai ezintasun fisiko edo sentsorialen bat duten pertsonei eragiten dietenean, profesionalek pertsonaren eta ingurunearen beharrei modu egokian eta eraginkorrean erantzuteko gai diren esku hartzeak diseinatzeko eta aplikatzeko erronkari aurre egin behar diote.

Maiz gertatzen da, egoeraren premia dela eta, garrantzi handiagoa ematen diogula jokabide problematikoa desagerrarazteari edo gutxitzeari, jokabide hori eragin duen arrazoia edo arrazoiak identifikatzeari baino. Zalantzarik gabe ulergarria den erreakzioa da: ahalik eta azkarren desagerrarazi nahi dugu gainontzekoak distraitu egiten dituelako, suntsitzailea delako edo, besterik gabe, oso gogaikarria delako. Dena den, grina hori dela eta,honako akats hau egin dezakegu: esku hartzeak euren efektuaren berehalakotasunaren arabera aukeratzea eta ez epe luzean duten eraginaren arabera. Horrek esan nahi du, askotan, zigor izaera duten esku hartzeak aplikatzen direla (hala nola, pertsona jokabide hori garatu den ingurunetik urruntzea, haren gustukoa den objekturen bat kentzea edo bere jarduerarik gogokoenean parte hartzea galaraztea).

Hala eta guztiz ere, beste metodo bat badago: jokabidearen ebaluazio funtzionala egitean datza, jokabide problematikoan eragina duten aldagaiak antzemateko eta jokabide horrek daukan funtzioa eta lortu nahi duen helburua zehazteko. Hori guztia, oinarri hori aintzat hartuta, jokabide hori gutxitzera edo ezabatzera bideratutako jokabideari lotutako laguntza planak eratu ahal izateko. Bere oinarriak honako hauek dira:

 

1. Oinarria. Jokabideak funtzio eta helburu zehatzak dauzka

Hauxe da jokabide problematikoen ebaluazio funtzionalaren abiapuntua: jokabideak funtzio zehatza daukala eta xede zehatza lortu nahi duela uste du, hau da, jokabide mota hori duen pertsonarentzat erabilera argia dauka. Oro har, jokabidearen helburua zerbait lortzea edo zerbaitetik ihes egitea izango da.

  • Helburua zerbait lortzea denean, lortu nahi dena hau izan daiteke:
    • Beste pertsona baten arreta. Arreta gutxi jasotzen duen pertsona batek ikasi dezake zenbait jokabideren emaitza arreta lortzea dela hain zuzen. Hala, norberaren aurkako jokabide agresiboa garatzen duen pertsonak, jokabide horren erantzun gisa, arreta motaren bat jasotzen du, bai errieta gisa, bai kontsolamendu gisa, bai arreta mediko gisa.
    • Zerbait zehatza edo hautemangarria (nahi duen objekturen bat edo jarduera gogokoenetan parte hartzea). Adibidez, bakar-jokoak egiten ondo pasatzen duen pertsona batek ikasi dezake taldea egongelan telebista ikusten dagoenean edo taldeko jardueraren bat egiten dauden bitartean aztoratzen baditu, langileek beste toki batera eramango dutela, kideetatik aldenduz. Horrek kartetan bere kabuz jolasteko aukera emango dio eta horixe da hain zuzen benetan egin nahi duena.
    • Estimulazio sentsoriala (ikusmenaren, ukimenaren, gorputzaren estimulazioa... ). Adibidez, isolatuta eta bakarrik sentitzen den pertsona batek bere buruari eraso egin ahal dio beste pertsona batzuk arreta eskaini diezaioten eta kontsolatu dezaten ilea laztanduz edo eskutik helduz; horrek kontaktu fisikoa ematen dio. Halaber, gainontzekoei traba egin ahal die jarduera bat egin bitartean gelatik irteten utz diezaioten bere logelara joan ahal izateko, adibidez, eskuak miazkatzeko.
  • Jokabide problematikoen bigarren helburu nagusia zerbaitetik ihes egitea da: adibidez, jarduera jakin bat amaitu dadila edo zaila iruditzen zaion, gustatzen ez zaion, horretan ona ez den edo, besterik gabe, aspergarria iruditzen zaion lan bat egin bitartean atseden hartzeko egin dezake.

 

2. Oinarria. Jokabide problematikoa komunikatzeko modu bat da

  • Aurrekoa onartzen bada, hau da, jokabide problematikoak funtzio eta helburu zehatzak dituela, nahitaez ondorioztatu behar da jokabide horrek mezu bat jakinarazten duela, jokabide problematiko horrek dituen helburu edo funtzioetan oinarrituta dagoena. Hala nola, posible da hau esan nahi izatea: “zurekin hitz egin nahiko nuke”, “aspertuta nago”, “atsedena behar dut”, “laguntza behar dut”, “ondo ari naiz egiten nire lana?”, “jarduera honekin aspertu naiz”, etab.
  • Ezintasunen bat duten zenbait pertsonek ez dute euren nahiak, lehentasunak eta beharrak adierazteko beste modurik ikasi. Beraz, horiek adierazteko modu bakarra jokabide problematikoa da; izan ere, emaitza bera da. Beste pertsona batzuek, aldiz, bere garaian komunikatzeko modu alternatiboak ikasi zituzten baina galdu egin dituzte ezintasunaren ondorioz; hortaz, batzuetan komunikatzeko daukaten aukera bakarra jokabide problematikoa da. Profesionalek jokabidearen komunikazio saiakerak errespetatzea ezinbestekoa da, baita ezintasunen bat duen pertsonak, nahi duena lortze aldera, modu kontzientean jokabidearen estrategia erabiltzen duela bistakoa denean ere.

 

3. Oinarria. Jokabideak ingurunearekin zerikusia dauka

  • Jokabide problematikoak ez dira ausazkoak, gehienetan, ingurunea edo testuingurua kontrolatzeko balio dute. Hala, ingurunean gertatzen denarekin zenbait elkarketa egin ostean, pertsona batek jokabide jakin bat erabiltzen ikasi dezake egoera zehatzen gaineko kontrol motaren bat gauzatze aldera. Adibidez, bakarrik egotea gustatzen ez zaion pertsona batek ikasi dezake gauzak jaurtitzen edo botatzen beste pertsona batzuen arreta lortu dezakeela. Horrela, objektu bat botatzen duen bakoitzean, pertsona batek esaten dio: “Ez bota; norbaiti min egin ahal diozu. Zurekin eseriko naiz”; edo eguneko zentrora heltzerakoan motxila eta berokia euren lekuan uzteari uko egiten badio norbait gerturatzen zaio eta motxila utzi behar den aldagelara laguntzen dio.
  • Jokabide baten testuinguruak gertatu aurretiko gertakariak eta horren osteko gertakariak barne hartzen ditu. Horrez gain, zenbait gertakarik edo aldagai orokorrek jokabidean eragina izan dezakete: osasun egoera, neke maila, ohikerian egondako aldaketak, familiarekin eztabaidak, etab. Adibide bat jartzearren, pertsona batek erreakzio jakin batzuk izan ditzake gaixorik dagoenean eta oso erreakzio desberdinak ondo dagoenean: horrela, ezintasun intelektuala duen eta gripea duen pertsona batek jantokira joateko oztopoak jarri ditzake soinean txiza eginez; normalean lantokian ematen dizkioten jarraibideei kasu egiten dien eta portaera arazorik ez daukan pertsona batek jokabide problematikoak izan ditzake lanera joan eta aurreko gauean 7 ordu baino gutxiago lan egin baditu.

 

 

4. oinarria. Jokabide batek hainbat funtzio eduki ditzake.

  • Azken funtsezko elementuak honekin dauka zerikusia: jokabide batek hainbat funtzio izan ditzake. Hala, pertsona batek ikasi dezake jokabide berak ondorio bat baino gehiago eduki dezakeela testuinguruaren arabera: egoera jakin batean, pertsonak daki jotzearen ondorioa lanean atseden bat hartzea dela baina, beste testuinguru batean, jotzeak langileen eta adiskideen arreta bereganatzea dakar; testuinguru jakin batean, botaka egiteak deserosoa den egoera batetik ihes egiteko baliagarria izan daiteke eta, beste inguruabar batzuetan, kontaktu fisikoa lortzeko; batzuetan soinean txiza egitearen helburua arropa bustitzea izan daiteke gehien gustatzen zaion arropa jantzi ahal izateko eta, beste batzuetan, xedea arreta faltagatik haserrea adieraztea da; zenbait kasutan eskura dituen objektuak jaurtitzearen helburua jantokitik ateratzea izan daiteke eta, horrela, gustatzen ez zaion zerbait jatea galaraztea, dena den, langileen arreta bereganatzeko estrategia bat ere izan daiteke.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.