Ezintasunen bat duten pertsonen parte hartzeko gradua, neurri handi batean, zerbitzuan sortzen diren parte hartzeko aukeren araberakoa da, ez bakarrik zuzeneko arretaren laguntzako langileen eskutik -horien egitekoa erabakigarria bada ere-, baita egoitzaren testuinguruan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten profesionalen eskutik ere. Hortaz, zerbitzuak dira jarduera aukera zabala sortzeko betebeharra dutenak eta partaidetzarako bidea ematen duten lanegiteko moduak antolatu eta diseinatu behar dituztenak. Horrek agian esan nahi du antolamenduaren inguruko aldaketak sartu behar direla eta horiek onartzea beharrezkoa dela, garbiketa, sukalde, erosketak egiteko zereginei, etab. dagokienez. Horrez gain, senideek eta beste pertsona garrantzitsu batzuek kontuan hartzeko rola eduki dezakete eguneroko bizitzaren jarduera orotan parte hartzeko aukerak sustatzerakoan, ez horrenbeste egoitzazerbitzuanbertan baina bai bertatik kanpo, alegia, komunitatearen esparruan, edo etxean.
Garrantzitsua da kontuan hartzea ezinduak benetan parte hartzeko aukera ematen bazaio bakarrik parte har dezakeela eta horrek egitekoan zehar laguntza ematen dion pertsona tartean oso modu estuan sartuta dagoela esan nahi du: alde batetik, ezintasunen bat duen pertsonak gara ezin ditzakeen zereginaren zatiak garatu beharko ditu eta, bestetik, ezinduak egin dezakeen jardueraren zatia gainbegiratu beharko du.
Hala ere, eta laguntza ematen duten pertsona horiek tartean egon arren, gerta daiteke partaidetza sustatzeko ahaleginak zenbait egoeratan kale egitea, eta ez izatea agerikoa zergatik egin duen kale edo zer egin behar den pertsona tartean sartu eta estimulatzeko eta, hori horrela izateak, laguntza ematen duten profesionalei ahalegin horren erabileraren inguruko zalantzak eragin ahal dizkie eta desanimatu ahal die.
Honako jarraibideek egoera horiek ilustratzen dituzten eta kasu horietan nola jardun behar den adieraz dezaketen zenbait adibide ematen dituzte:
- Nola jokatu ezintasunen bat duen pertsonak jarduera batean parte hartu nahi ez duenean eta langileek konbentzitzeko zer egin ez dakitenean?
- Egin behar den lehenengo gauza da jarduteko modua zalantzan jarri eta oinarrizko hainbat galdera planteatu:
- Pertsonak ulertzen al ditu ematen ari gatzaizkion jarraibideak?
- Hala ez bada, ulertu arte aldatu behar dira, komunikazioari buruzko kapituluan aipatzen den moduan, hitzezko hizkuntza nahikoa ez denean, komenigarria da keinuekin, seinaleekin, objektuekin edo irudiekin laguntzea.
- Fisikoki eskatzen zaiona egiteko gai al da? Adibidez, egiaztatu behar da haren motrizitate finaren mailak koilara hartzen uzten dion hori egiteko eskatzen zaionean.
- Jarduera bertan parte hartzeko gogoa edukitzeko nahikoa modu erakargarrian eta dibertigarrian antolatu al da? Umorea funtsezkoa da partaidetza bultzatzeko eta pertsona batek nahi dugun edo espero dugun moduan ez jarduteagatik haserretzeak eta errietan aritzeak, oro har, ez dute parte har dezan laguntzen.
- Gerta daiteke aurreko esperientziaren batek partaidetza zailtzea? Pertsonak iraganean partaidetzaren inguruan esperientzia txarrak eduki ditzake edo kale egin dutenak eta gerta daiteke benetako partaidetzaren esperientziarik ez edukitzea. Kasu horietan, ezinbestekoa da hautatzea aparteko zailtasunik eduki gabe parte hartuko duela ziurtasunez dakigun jarduera, estimulu gisa erabil dadin eta aurrerago beste jarduera batzuetan parte har dezan anima dadin.
- Nola jokatu ezinduari jarduera batean parte har dezan ematen diogun laguntza hain handia denean, ia-ia jarduera osorik profesionalek egiten dutela dirudienean?
- Egoera horretan, kontuan hartu behar da, eskatzen den laguntza maila altua izan arren, beti bila daitezkeela garatutako jardueran tartean egotea dakarten moduak, minimoak badira ere: adibidez, janari goxo bat usainarazi, ehun zati bat sentiarazi, bainuaren urari gela bota eta aparra nola egiten den ikusi, janaria eginda dagoenean labearen alarma itzali, etab.
- Batzuetan, laguntzarako langileak gogorik gabe egon daitezke eta ezinduak eguneroko bizitzaren jardueretan parte har dezaten sustatzeko egiten den ahaleginak merezi ote duen eta zerbitzuko zuzendaritzak eta erabiltzaileek benetan baloratzen ote duten galdetzen diote euren buruei.
- Gerta daiteke laguntzarako langileek informazio gutxi jasotzea haien jarduera planifikatu eta zuzentzen duten pertsonen eskutik, hain zuzen, haien lanaren inguruan duten iritziari buruz. Horrez gain, gerta daiteke erakundeen zerbitzuetako arduradunak beti ez ohartzea egindako ahaleginaz eta horren ondoriozko emaitza positiboez. Zalantzarik gabe, egoera horrek eta jarrera horrek ondorio larriak izan ditzake, une oro erabiltzaileekin harreman zuzena duten pertsonen iniziatiba geldiarazi dezakeen neurrian. Ezinbestekoa da erakundeak eta egoitza zerbitzuetako arduradun zuzenak profesionalen ekimenak eta arrakasta baloratu, estimulatu eta ospa ditzaten.
- Aintzatespen hori errazteko, komenigarria da egoitza zerbitzuetako langileek artatutako pertsonentzat egunero sortzen diren partaidetzarako aukerak konta ditzaten, adosten diren erregistroaren formatuak eta maiztasunak aplikatuta, baita aukera horien bidez lortu nahi den partaidetza benetan zenbat aldiz lortzen den ere. Hala, lanaldiaren amaieran, lortutako emaitzen adierazle objektiboagoa eta ordutik aurrera ahaleginak non jartzeko ideia argiagoa edukiko dute; informazio hori beste langile batzuekin eta nagusiekin egindako aldian behingo bileretan partekatuz gero, lana aintzatesteko aukera handiagoa egongo da.
- Ohikoa da arreta zuzeneko profesionalak lanaren erritmoarekin obsesionatzea eta haien buruari galdetzea ez ote litzatekeen hobe izango eginkizunak haiek egitea ezinduaren parte hartzea lortzen tematzea baino.
- Jarrera hori oso ohikoa da, batzuetan eginkizunak betetzerakoan nolabaiteko erritmoa bermatzeko beharragatik eta beste batzuetan erabiltzailearen partaidetza lortzeko egiteko jakin batzuk burutzeko izandako moteltasunaren aurrean pazientziarik ez edukitzeagatik. Egoera horietan, kontuan hartu behar da ezinduarentzat jarduera horretan parte hartzea agian eguneko unerik aktiboena dela eta, hori horrela izanda, oso funtsezkoa da.
- Beste jarrera ohiko bat da laguntzarako profesionalek uste izatea artatutako pertsonek ezintasun hain larriak dituztela ezingo dutela parte har dezaten lortu.
- Teorian ezinduak gradu handiagoan edo txikiagoan jardueran beti parte har dezakeela onartzen bada ere, batzuetan zaila da zehaztea jardueraren zein zatitan parte hartu ahal izango duen, ezintasun gradua kontuan hartuta. Kasu horietan, onena izaten da hizpide den jarduera bere osotasunean aintzat hartzeari uztea eta hainbat urratsetan zatitzera ohitzea. Horrek bidea emango du pertsonak jarduera osatzen duten zenbait urratsetan parte har dezan eta, horrela eginda, beste batzuei begiratuta, gainontzeko urratsak egin nahi izateko aukera dauka. Egia honako hau da: parte hartzeko benetako aukerak eman arte, inoiz ez da jakiten pertsona bat zer egiteko gai den, pairatzen duen ezintasun gradua oso altua izan arren.
- Askotan, langileek eskatutako laguntza emateko profesionalen ratioa txikiegia dela pentsatzeko joera dute.
- Gerta daiteke hori horrela izatea zenbait kasutan baina egia da baita ere beti dagoela denbora hobeto antolatzeko eta ezinduek jarduera batean edo zenbaitetan parte hartzen laguntzeko nolabaiteko denbora bermatzeko aukera, dela banaka edo taldean.
- Baita ratioak egokiak, irekiak direnean ere, baliabide nahikorik ez dagoela sentitu ohi da. Beharrezkoa da artatutako pertsonen partaidetza sustatzeko nolabaiteko errezeloa islatzen duen jarrera hori gainditzea, modu automatikoagoan jardutea baino zailagoa suertatzen baita, harremanak edo eginkizunen plangintza beharrezkora denera bakarrik mugatuz.
- Ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonak artatzen dituzten pertsonen artean ohikoa da zalantzak edukitzea agian ulertzen ez duten jarduera batean parte hartzeak benetan eduki dezakeen garrantziaren gainean.
- Erraza da zalantza horietan erortzea. Izan ere, egiazki, beti ez da agerikoa ontzat ematea partaidetzaren bidea. Agian dilema adibide batekin hobeto adieraz daiteke. Demagun Mikelek xurgagailua pasatzeko laguntza fisikoa behar duela eta ez dela jabetzen noiz pasatu behar den. Zer abantaila dauka Mikelentzat hori egiteak agian zikin eta garbi dagoena desberdintzen ez dakienean? Kasu horretan, benetan pentsatu behar duguna da egiazki beharrezkoa ote den ikastea garbi eta zikin egotearen desberdintasuna haren etxea garbitu baino lehen edo ez ote litzatekeen erabilgarriagoa izango desberdintasuna ikastea eginkizuna egiten duen bitartean. Hala, zeregin hori gauzatzeko beste arrazoirik ez ote dagoen hausnartu behar da: agian xurgagailuaren hotsa baino ez zaio gustatzen edo hori pasatzerakoan egiten den mugimendua eta hori jardueran haren partaidetza justifikatzeko nahikoa izatea.
- Profesionalek maiz aurre egin behar dioten beste dilema bat da pertsona horiei eginkizun guztietan parte hartzeko aukera eman behar ote zaien edo eginkizunen artean desberdintasun bat ezarri behar ote den, hain zuzen, partaidetza nahitaezkoa den zereginen eta partaidetza gehiago lehentasunen, arima egoeraren, etab. araberakoa den zereginen artean.
- Ohikoa da esatea hautatu ahal izango bagenu, harrikoa egingo ez genuela eta etxeko gainontzeko lanak egingo ez genituela. Ez al genuke nahiago besaulkian eserita egon beste pertsona batek gure ordez egiten duen bitartean?
- Egia da, etxeko lanak ez egiteko aukera izango bagenu, segur aski beste jarduera estimulagarriagoak edo dibertigarriagoak bilatuko genituela, horietan parte hartzeko, hain zuzen. Eta horixe da kontua: ezinduei etxeko lanetan parte hartzeko aukera eman beharrean parte hartzeko beste aukera batzuk eskainiz gero, lehentasun ordena ezarri ahalko litzateke, egoeren, premien eta banakako programaren arabera. Jarduerak pasiboak bakarrik badira, aldiz (telebista ikusi edo egongelan eserita zain egon, adibidez), ezin da esan hautatzeko benetako aukerak ematen ari direnik.
- Ildo horretan, ez da ahaztu behar, alde batetik, eguneroko bizitzaren jarduera batzuk zainketa pertsonalerako oinarrizko jarduerak direla eta, horietan parte hartzean ez da komenigarria hautapen irizpidea aplikatzea eta, bestetik, zenbait jarduera instrumentalek gizarteratzea (adibidez, janaria prestatu) edo komunitatearen inguruan sartzea (esaterako, erosketak egin) errazten dutela eta, izaera hori dutela kontuan hartuta, oso estimulagarriak izateaz gain, ezinbestekoak izan daitezke.
- Horregatik, aparteko garrantzia dauka, banakako plangintzaren esparruan, ezinduen laguntzarako profesionalen eta plangintzan parte hartzen dutenen iritzia partekatzeak, hain zuzen, jarduera bakoitzaren garrantzi handia edo txikiari dagokionez, pertsonaren bizi kalitatea pixkanaka aberasteko aukera emango duen konpromiso bat, akordio bat lortze aldera.