Eranskin honen 2. atalean, segurtasun sentipenari buruz adierazi den bezala, gizabanakook atxikimendu loturak garatu ohi ditugu urte askotan gurekin izan ditugun objektu batzuekin. Objektu horiek edozein motatakoak izan daitezke: argazkiak, altzariak, liburuak, koadroak edo dekorazio-objektuak, haurtzaroko jostailuak eta abar. Objektu horiek oso garrantzitsuak dira adinekoentzat eta hainbat eginkizun betetzen dituzte: nortasunaren ezaugarriak dira eta oroitzapenak ekartzen dituzte, iraganaren eta orainaren arteko lotura ezartzeko aukera ematen dutela, eta horrek jarraitutasun sentipena indartzen du.
Horregatik, pertsonari informazioa emateaz gain, benetan gogatu eta, hala badagokio, lagundu egin behar zaio erabilera pribatuko bere espazioa pertsonalizatzen, nahi dituen objektuak etxetik ekarrita. Horrek itxura ezaguna emango dio logelari, eta bizitzaren aurreko aldiekin daukan lotura indartuko du.
Komeni da aukera hori azpimarratzea egoitzaratu aurreko bisitetan, egoitzaratu aurreko egunean logela erakusten zaionean, eta ondoko hilabeteetan ere bai; izan ere, litekeena da egoitzan sartzeko egunean egoiliarrek eta haien senideek gogorik ez edukitzea halako gauzetan denborarik galtzeko eta espazioarekin artean ohitzeko aukerarik ere ez izatea, ezta bertara eramateko gauzarik egokienak zein izango liratekeen pentsatzeko ere.