Adinekoei dagokienez, jarraitutasun sentipenak lotura estua du identitatearekin, haien iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko lotura den aldetik; funtsezkoa da pertsonak, egoitza batean bizitzen hasten denean, bere bizi garapenaren aldi berri moduan ikus dezan. Adinekoek, bai eta dementziak jotako pertsonek ere, bizitza beteagoa izan dezakete, funtsezkotasun handiagokoa, euren nortasuna gorde badezakete. Beraz, trantsizio aldi horretan, beharrezkoa da nortasun horri eusteko aukera izatea, eta langileek, senideek eta hurbilekoek horretan lagundu diezaioten, egoiliarren idiosinkrasia aitortuz eta errespetatuz eta nortasuna gordetzen errazteko neurriak hartuz.
Adineko pertsona ezagutzea, harentzat garrantzitsuak diren gauzak jakitea eta nola sentitzen den ulertzea –bere balioak, beharrak, lehentasunak, beldurrak, zaletasunak, ohiturak, beldurrak... zein diren jakitea– dugu harreman esanguratsu eta jatorrak ezartzeko oinarria.
Horretarako, oso baliagarria izan daiteke bere biografiako elementu garrantzitsuak ezagutzea. Pertsona egoitzan sartzen denean, harengana hurbiltzeko eta harremanaren oinarriak finkatzeko oso jarduera esanguratsua izan daiteke bizitzaren historiaren koaderno bat egitea, egoiliarrak behar dituen laguntzak emanda. Koaderno horretan, bere biografiako gertaera garrantzitsuenak, berarentzat garrantzitsuak diren pertsonak (iraganean zein gaur egun), bizitzako tokirik nahienak, zaletasunak edo interesak deskribaturik eta argazkiz horniturik agertuko dira.
Oroitzapen eta adierazpen prozesu hori oso testuinguru egokia izan daiteke pertsonaren eta bizitzako historiaren koadernoa egiten laguntzen dion profesionalaren arteko harremanaren oinarriak finkatzeko: adinekoa ezagutzeko aukera ematen du, baina profesionalak bere bizitzako alderdiren bat aipatzeko bidea ere eman dezake, eta lotura pertsonalagoa ezarriko da.
Baliteke pertsona batzuk ireki edo kanporakoi ez agertzea egoitzako egonaldiaren hasierako aldian. Kasu horietan, bizitzaren historia aurrerago egin daiteke, pertsona konfiantza handiagoz sentitzen denean.
Dementziak edo ezagutzaren narriaduraren batek jotako pertsonei gagozkiela, senidearen edo hurbilekoaren eginkizuna funtsezkoa da artatutako pertsonaren bizitzaren historia, nortasuna eta gustuak deskribatzeko orduan.