Eranskin honen 3. atalean, jarraitutasun sentipenaz diharduenean, adierazi den bezala, garrantzitsua da egoiliarrek euren bizitzaren ibilbidearen aldi berritzat jo dezatela egoitzan sartzea (bizitzaren amaierako aldian hasi direlako sentipena izan beharrean), eta horretan oso lagungarria izan daitekeela erabiltzaile berrien nortasuna eta iraganaren, orainaren eta etorkizunaren arteko loturei eustea.
Helburuak izatea, helburuok xumeok izanik ere, adinekoa beti izan den pertsona sentitzen jarraitzeko modua da; hau da, lehen, etxean zegoenean bezala, jokatzen jarraitzeko bidea da. Helburu horiek lotuta egon daitezke autonomia fisikoari eustearekin, osasunaren alderdiren bat hobetzearekin, eta, jakina, zerikusia izan dezakete erabiltzailearen interesekin, zaletasunekin, nortasuna gordetzearekin, eta familia nahiz gizarte harremanak landu eta lehengoei eustearekin; bestela esanda, aurrerantzean erabili nahi duen edo etorkizunean prestatu nahi duen bizimoduarekin. Helburuek bizitzan jomuga jakin batzuk izaten laguntzen dute, eta horrek ekarri ohi du, nolabait, jarduera batzuk beste batzuk baino esanguratsuak izatea pertsonarentzat: hala, jarduera batek zenbat eta lotura handiagoa izan helburuetako batekin, helburua zeinahi dela ere, orduan eta zentzu handiagoa izango du pertsonarentzat.
Arreta pertsonalizatuko planean, helburu horietako batzuk defini daitezke, pertsonarekin eta horren senidearekin, arreta emateko moduan eta, behar izanez gero, beharrezko laguntzak antolatzean kontuan har daitezen. Horretarako, funtsezkoa da beharrak, lehentasunak eta arriskuak baloratzean, egoiliarraren mugak kontuan hartzea, eta egungo gaitasunak zein gaitasun potentzialak ere bai.