Iragarpenezko Arakatzearen ikuspegia garatzeko, komenigarria da eragile, dinamizatzaile eta bideratzaile gisa jardungo duen pertsona bat edo pertsona taldea egotea. Kalitatea etengabe hobetzeko edo partaidetzazko prestakuntza lantzeko beste metodologia batzuetan gertatzen den bezala, hobe da prozesu honen bidez sustatu nahi den aldaketaren ardura erakundetik at dagoen entitate bati esleitzea: alde batetik, kanpoko begirada gauza delako erakundearen kulturan murgilduta dauden alderdi batzuk behatzeko, barruko pertsonek horregatik ikusi ezin dituztenak, beren ohiko jardunbidearen zati bilakatu direlako; bestetik, taldean mahairatzen diren gaiak identifikatu eta eztabaidatzerakoan, kanpoko pertsonek ez dutelako eztabaidan gai bakoitzari lotutako erresuminik edo kezkarik ekarriko, hau da, neutraltasun handiz jorratuko dituzte gaiak; azkenik, neutraltasun handiko jarrera horretatik, elkarrizketa bideratu eta errazteko gaitasun handiagoa izango dute.
Aurrekoa esanda, zerbitzua atxikita dagoeneko zerbitzuak edo erakundeak kalitateaz arduratzen den profesionalen bat badu, edo, eginkizun hori esleituta izan gabe ere, zerbitzuan bertan aldaketak gehien bultzatzen dituena bada, dinamizatzaile eta bideratzaile ere izan daiteke, baldin eta, lehendik daukan eskarmentuagatik eta gainerako langileekiko harremanen izaeragatik, jarrera irekia izateko prestutasuna badauka eta proposamen guztiei ahotsa ematen badie.