Edukinera zuzenean joan

Eredua ezartzeko metodo mistoa

Diseinatzeko prozedura

«Kalitate Profilak» izeneko tresna adinekoen egoitzetan aplikatzeko diseinatu bazen ere, abiapuntuko ikuspegia beste mota bateko zerbitzuetan eta beste gizatalde batzuentzat taxututakoetan ere balia daitekeela uste da. Horrek esan nahi du jarraian azaltzen den diseinuaren antzekoa garatu behar dela zerbitzu mota desberdinetan erabiltzeko eta, gero, eranskin gisa txertatu behar zaiola eskuliburu honi; prozesu horien guztien ondorioz, diagnostikoa zerbitzu mota bakoitzean egiteko erabil daitezkeen galdetegiak eskuratuko dira.

Atal honetan, labur-labur deskribatuko dugu ikertzaileen taldeak erabili zuen diseinuaren prozesua. Prozesu horretan, adinekoen zazpi egoitzatako 28 erabiltzailek, 25 profesionalek eta 38 senidek parte hartu zuten.

Hiru gizataldeetako bakoitzak garrantzitsutzat jotzen zituen gertaera positiboak eta horien motak zehazteko, gertaeren maiztasuna kalkulatu zen («Event Frequency Approach» (EFA)), bi fase edo alditan jardun zutelarik:

  • Lehen aldian, «geraerak izendatu» zituzten: saio horretan, proban parte hartu zuten erabiltzaileei, profesionalei eta eta senideei eskatu zieten positibotzat jotzen zituzten gertaera motak identifikatzeko.
  • Bigarren aldian, «izendatutako gertaerak balioetsi» edo horien gaineko iritzia eman behar izan zuten: saio horretan, identifikatutako gertaerak hurrenkeran jartzeko eskatu zieten, garrantzi handienetik txikienera jarrita.

Lehenengo saioan, erabiltzaileak eta profesionalak elkarrizketatu zituzten, eta galdetegiak bidali zizkieten senideei, kasu batean zein bestean, honako galdera hauei erantzuteko eskaturik:

  • Zer jotzen duzu garrantzitsutzat egoitzako bizitzan (egoiliarren kasuan) / egoitzan egiten duzun lanean (profesionalen kasuan) / egoitzako bisitetan (senideen kasuan)?
  • Zerk gogobetetzen zaitu egoitzako bizitzan (egoiliarren kasuan) / egoitzan egiten duzun lanean (profesionalen kasuan) / egoitzako bisitetan (senideen kasuan)?
  • Zer gauza gozatzen duzu egoitzako bizitzan (egoiliarren kasuan) / egoitzan egiten duzun lanean (profesionalen kasuan) / egoitzako bisitetan (senideen kasuan)?

Identifikatutako gertaerak deskribapenezko esaldi laburretan idatzi zituen lortutako erantzunak Ikerketa taldeak, eta parte hartzaileekin egiaztatu zuen esaldi horiek benetan esan nahi zutena zehatz-mehatz islatzen zutenetz. Horrela, gertaeren hiru zerrenda prestatu ziren: 103 gertaera egoiliarrek aipatutakoak, 104 langileek eta 71 senideek.

Geroago, bigarren saioan, hiru gizataldeetako parte hartzaileei eskatu zieten zerrendan ageri ziren gertaerak garrantzi handienetik txikienera ordenatzeko. Hurrenkera egin ondoren, ikertzaileen taldeak hiru zerrendetako gertaera bakoitza Sentipenen Esparrua osatzen duten 6 sentipenetako batekin lotu zuen. Horrela, gertaeren hiru zerrenda atera ziren, gizatalde bakoitzak emandako garrantziaren arabera eta bakoitzari lotutako sentipenen arabera ordenatuta. Hortik aurrera, galdetegi luzeegiak saihesteko asmoz, hiru zerrendetako bakoitzean eta sentipen bakoitzari lotuta garrantzitsuentzat jotzen ziren 5 gertaera hautatu ziren. Horren guztiaren emaitzaz, 30 itemeko 3 galdetegi prestatu ziren, hurrenez hurren, hiru gizataldeei banatzekoak.

Berriz ere, galdera bakoitzaren formulazioa galdetegi bakoitza helburu zuen gizataldeko kideek egiaztatu zuten, zentzua bazutela eta ulertzen errazak zirela bermatzeko.

Parte hartzaileek adostu zutenez, galdera bakoitzari erantzuteko, 5 mailako maiztasun eskala erabiliko zen: «inoiz ez», «gutxitan», «batzuetan», «askotan», «beti».  Era berean, galdera egokia izan ezean, «ez aplikagarria» edo «ez daki» adierazteko modua emango zen. 

Gertakari guztiak nahitaez egunero jazoko ez zirenez, erabaki zuten, galderei erantzuteko, erabiltzaileek eta profesionalek azken hilabetean jazoriko gertaera positiboetan pentsatuko zutela; senideek, berriz, azken bi hilabeteetan gertatutakoetan.

Item egituratuez gain, hiru galdera ireki sartu zituzten, parte hartzaileek iruzkin gehigarriak adierazteko aukera izan zezaten, galderei lotutakoak nahiz arretaren beste alderdi batzuei lotutakoak.

  • Zer gustatzen zaizu gehien egoitzako bizitzan / egoitzako lanean / egoitzako bisitetan?
  • Zer gustatzen zaizu gutxien egoitzako bizitzan / egoitzako lanean / egoitzako bisitetan?
  • Zerbait aldatuko zenuke egoitzan?

Funtsezkoa da gogoan izatea tresnaren helburua ez dela banakako itemetan ateratako puntuak batzea zerbitzu batzuen eta besteen arteko kalitate maila neurtuko lukeen guztizko puntuazioa kalkulatzeko, ezpada, gertaeren maiztasun profila sortzea, ondo funtzionatzen duenaren (ohiko gertaera positiboak) eta hobetu litekeenaren (hain ohikoak ez diren gertaera positiboak) adierazgarri.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.