Lehen adierazi den bezala, adinekoa egoitzaratzeak eragin handia izan ohi du aurretik arreta edo laguntza ematen zioten senide edo hurbileko pertsonengan. Azken pertsona horientzat ere momentu zaila da adinekoa egoitzan sartzea, trantsiziokoa, eta lasaitua, errua eta kezka nahasten dira haien buruan.
Igaroaldi horretan, senideek eta hurbilekoek adineko pertsonaren arretan parte hartzen jarraitu nahi izaten dute, etxean ez bezala, baina laguntza ematen jarraitu. Garrantzitsua da horretarako aukera ematea, aurreko eginkizuna pixkanaka alboratzen eta eginkizun berria egituratzen lagun baitiezaieke.
Eginkizun berri horren esparruan, adinekoari buruz duen ezagutzatik eta zaintzaile gisa metatu duen eskarmentutik abiatuta, funtsezkoa da senideak hautematea bera egoteak, bere iruzkinek eta aholkuek eraginkortasunez parte hartzen dutela erabiltzailearen nortasuna babesten, eta, horren bidez, erabiltzailearen duintasuna, giza izaera eta bakantasuna errespetatzen. Sentipen hori indartzen lagun dezake senidearen ekarpenak kontuan hartzen direla igartzeak, bai beharren balorazioaren eta banakako planaren esparruan, bai arretaren eguneroko jardunean.