Egoiliarrak egoitzako edo, hobeto esanda, egoitzako esparrua osatzen duen komunitateko kide –gainerako erabiltzaile, profesional, senide edo hurbileko beste pertsona batzuekin batera– senti daitezen lortzeko, beharrezkoa da giro atsegina eta lasaigarria sortzea, enpatian, errukitasunean eta elkarrekikotasunean oinarritutako harreman jatorrak finkatzeko asmoz. Langintza horretan, ondokoak izan daitezke lagungarriak:
- Inguru erosoa sortzen saiatzea, bizitzeko leku bati dagokiona. Zalantzarik gabe, horretan lagundu dezake egoiliarrek egoitzaren dekorazioan eta altzarien aukeraketan eta antolaketan parte har dezaten, ez soilik euren espazioa apaintzen, ezpada, eremu komunak ere bai, batez ere, egongelak, jantokia, korridoreak edo sarrerako ataria. Bereziki, komeni da etxeko edo lagunarteko moldea sustatzea, nolabaiteko aniztasuna dakarrena, leku edo eremu guztietan apaindura eta altzari berdinak aukeratu beharrean, izaera kolektiboko zerbitzuen berezko uniformetasuna hausteko.
- Elkarrenganako errespetua ezartzea egoiliarren, profesionalen, egoiliarren eta profesionalen arteko harreman guztien eta egoitzatik kanpoko pertsonekin dituzten harremanen zutabe nagusi gisa.
- Egoitzako giroa lasaia eta barea izan dadin eta txandako langileen arabera gehiegi alda ez dadin ahalegintzea.