Adinekoa egoitzaratzeak eragin handia izan ohi du aurretik arreta edo laguntza ematen zioten senide edo hurbileko pertsonengan. Azken pertsona horientzat ere momentu zaila da adinekoa egoitzan sartzea, trantsiziokoa, eta lasaitua, errua eta kezka nahasten dira haien buruan.
Igaroaldi horretan, senideek eta hurbilekoek adineko pertsonaren arretan parte hartzen jarraitu nahi izaten dute, etxean ez bezala, baina laguntza ematen jarraitu. Garrantzitsua da horretarako aukera ematea, aurreko eginkizuna pixkanaka alboratzen eta eginkizun berria egituratzen lagun baitiezaieke.
Garrantzitsua da aurrekoa kontuan hartzea arreta jarraibideak zehazterakoan, kasu guztietan, oreka egokia aurkitzeko: batetik, egoiliarrari arreta ematen jarraitu nahi duten senideen eta hurbilekoen parte hartzea sustatzea eta erraztea, eta, bestetik, profesionalek esleituta dituzten eginkizunak baldintza onetan egiteko beharra bermatzea.