Edukinera zuzenean joan

Espazio pribatu baten erabilera sustatzea eta atxikimenduzko objektuak bertan egotea

Pertsonen inguruak, elkarrekiko elkarreragin iraunkorrean dagoela, identitate funtzio garrantzitsua betetzen du, atxikimendu loturak sortzen ditu inguru hori osatzen duten espazioarekin eta objektuekin eta haiekiko hurbiltasunak segurtasun sentipena sorrarazten dio erabiltzaileari. Atxikimenduak lotura afektibo esanguratsuak dakartza pertsonaren eta objektuaren artean. Literatura espezializatuaren arabera, objektu materialak ez dira soilik komeni zaigunean erabiltzen eta nahi dugunean baztertzen ditugun tresnak edo gauzakiak; alta, gure esperientziaren esparrua osatzen dute eta forma ematen diote.

Espazio propioa, ezaguna, eta objektu pertsonalak –bereziki, argazkiak, altzari jakin batzuk, liburuak, koadroak edo dekorazio objektuak– oso garrantzitsuak dira adinekoentzat, eta hainbat funtzio betetzen dituzte:

  • Nortasunaren ezaugarriak dira, norberaren izatearen adierazgarriak, mundu objektiborantz hedatzen direnak eta norbanakoaren pribatutasuna indartzen dutenak.
  • Oroitzapenen eragile gisa jarduten dute, eta iraganaren eta orainaren arteko lotura ezartzeko aukera ematen diete pertsonei.
  • Inguruaren gaineko kontrol eta babes sentipena ematen diote pertsonari, eta, horregatik, pertsona inguru berri batean hasten denean, haren objektu pertsonalak eta betiko gauzak inguru berria arakatzeko ainguratze tresnatzat erabiltzen ditu.

Aurreko guztia kontuan hartuta, jarraibide jakin batzuk hartu behar dira, informazioa emateaz gain, egoiliarrak zinez animatzeko eta, hala badagokio, laguntzeko, beren inguru propioa eta pertsonalizatua osa dezaten, hau da, inguru horrekin bat etortzeko eta pribatutasuna nahiz segurtasuna ematen dizkien inguru bat izan dezaten. Horretarako, hauexek egitea komeni da:

  • Egoiliar bakoitzari espazio propioa izateko aukera ematea, eta egoitzako gainerako lekuetatik bereizteko, bai itxura fisikoari dagokionez, bai espazioari eman nahi dion erabilerari dagokionez. Zalantzarik gabe, egoiliarraren gela dugu espazio pribatu bat erabiltzeko aukera bermatzen duen modurik jatorrena. Hala eta guztiz ere, aukera hori nahiago duen egoiliar bakoitzari eskaini ezin bazaio, gela partekatuetan pribatutasunerako eskubidea babesteko moduko irtenbideak aurkitzen saiatu behar gara. Horretarako, ondoko jarraibideak proposatzen ditugu:
  • Gela bereizteko elementuren bat jartzea, esaterako, altzariren bat edo itxi-irekitzeko elementuren bat, aldi berean, pribatutasuna eta segurtasuna bermatzen dituena.
  • Gelek behar besteko lekua dutela bermatzea, gurpil aulkien edo egoiliarren mugikortasuna ahalbidetzen duten bestelako laguntza produktuen erabilerak pertsonalizazioa mugatu ez dezan.
  • Espazio horietako bakoitza egoki banatu behar da, ondoko elementu hauek guztiak egon daitezen, gelan aske mugitzeko moduari eragozpenik egin gabe: ohe bat, mahai bat, ohe mahai bat, aulki edo besaulki bat, armairu bat eta tiradera bat, non egoiliarrak gauzak giltzapean gorde ahal izango dituen.
  • Logelak identifikatzea, okupatzaile(ar)en izena/k adierazita.
  • Adineko pertsona gogatzea bere espazioa pertsonalizatzera eta horretarako behar duen laguntza eskaintzera, bereziki atxikimendua sentitzen duen objektu pertsonalak gelara ekarrita (ohiko besaulkia edo beste altzariren bat, ohe estalkia, argazki batzuk, koadroren bat...). Komeni da aukera hori azpimarratzea egoitzaratu aurreko bisitetan, egoitzaratu aurreko egunean logela erakusten zaionean, eta ondoko hilabeteetan ere bai; izan ere, litekeena da egoitzan sartzeko egunean egoiliarrek eta haien senideek gogorik ez edukitzea halako gauzetan denborarik galtzeko eta espazioarekin artean ohitzeko aukerarik ere ez izatea, ezta bertara eramateko gauzarik egokienak zein izango liratekeen pentsatzeko ere.
  • Egoiliarraren espazioaren pribatutasuna errespetatzea: pertsonak sentitu behar du espazio hori berea dela eta bertara sartu nahi duten pertsonek hala ulertzen dutela eta hori erakusten dutela, sartzeko baimena eskatuz, atea joz, eta une horretan enbarazurik egiten duten galdetuz. Horrelako jarraibideek segurtasun sentsazioa indartzen dute, egoiliarrari espazio hori bere kontrolpean dagoen eremu babestutzat hautematen laguntzen baitio.
  • Pertsonaren duintasuna errespetatzen duten arreta jarraibideak hartzea, bereziki zeregin intimoak egiten laguntzen duten egoeretan, hala nola garbitzean, komunera joatean, janztean edo arropa eranztean. Jarraibide horiek egoiliarrak sentitzen duen estres, kezka eta lotsa arintzen dute, eta segurtasun sentipena izateari laguntzen diote..
  • Informazio pertsonalaren konfidentzialtasuna errespetatzea.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.