Eskuliburu honetan proposatzen den Harremanetan Oinarritutako Arreta Ereduaren atal bat kalitatea etengabe hobetzeko metodoa dugu, zerbitzuetan eraginkortasunez ezartzeko egituratzen dena. Metodo horrek, multzo koherente baten barruan, hiru osagai batzen ditu. Hiru osagai horiek bat datoz arretaren ikuspegiarekin, eta harreman jatorrak ezartzean eta pertsona interesdun guztiek —hau da, erabiltzaileek, profesionalek eta senideek— zaintza inguru atseginak eratzeko lankidetzan parte hartzean oinarritzen da.
Hiru osagai horiek honako hauek dira:
- Iragarpenezko Arakatzearen ikuspegia, erakundeen azterketan erabiltzen dena; ikuspegi horren arabera, ongi funtzionatzen ez duten alderdiak identifikatu eta aztertu beharrean —alderdi horiek zuzentzeko helburuz— alderdi onuragarriak identifikatu eta horiek indartzen dira, eta oinarri horretan funtsaturik, hobekuntza irtenbideak edo aukerak lantzen dira, kapilaritatez (nolabait esatearren), hain ondo funtzionatzen ez duten erakundearen alderdiak hobetzeko xedez.
- Diagnostiko tresna erraz-erraza, Iragarpenezko Arakatzearen ikuspegiarekin bat datorrena, «Kalitate Profilen Tresna» deiturikoa. Tresna hori baliatuz, arreta zerbitzuan interesa duten hiru pertsona taldeek gertaera atsegintzat aitortutako gertaeren maiztasuna kalkula daiteke.
- Lankidetza Harreman Jatorretan oinarritutako Kalitate Taldea. Bertan, erabiltzaileek, profesionalek eta senideek parte hartzen dute, eta diagnostikoan identifikatutako alderdiak hobetzeko aukerak aztertu, eztabaidatu eta adostea da taldearen eginkizuna.
Neurri batean, hiru elementuak berritzaileak dira gure esparruan. Egia da, eskuliburu honen hasieran adierazi den bezala, Araban aurretik aplikatu diren beste kalitate prozesu batzuek aintzat hartzen zituztela arretan parte hartzen zuten alde guztiak, baina metodologia horiek alde handiak dituzte eskuliburu honetan proposatzen denarekin erkatuta:
- Funtsean, erabiltzaileen eskubideak errespetatzen eta egiatan gauzatzen zirela bermatzeko helburua zuten; orain dakargun metodologiak, aldiz, erabiltzaileen eskubideak, beharrak, lehentasunak eta balioak kontuan hartzeaz gain, profesionalen eta senideen eskubideak eta gainerakoak ere kontuan hartzen ditu.
- Hobetu zitezkeen alderdiak identifikatzen zituzten, ondo funtzionatzen zuten alderdietan arreta berezirik jarri gabe, orain proposatutako metodologiak dioenaren aurka.
- Diagnostikoa kalitate prozeduraren ebaluazio edo dinamizatzaile taldeak berak diseinatutako galdetegiak erabiliz prestatzen zen, literatura espezializatuaren ezagutzan oinarrituta eta hainbat arreta zerbitzutan aurretiaz izandako esperientzian oinarrituta; metodologia berriaren esparruan, berriz, erabiltzen diren galdetegiak erabiltzaileek, profesionalek eta senideek alderdi garrantzitsutzat jotzen dutenaren inguruan prestatzen dira.
Jarraian, Harremanetan Oinarritutako Arreta Eredua ezartzeko metodo misto hau osatzen duten hiru osagaietako bakoitza xehetasun handiagoz deskribatuko dugu.