Sheffieldeko Unibertsitateko ikertzaile talde batek diseinatu zuen Sentipenen Esparru hau. Esparruaren lehen zirriborroa 2001ekoa bada ere, azken bertsioa 2006an argitaratu zuten Nolan, M.; Brown, J.; Davies, S.; Nolan, J.; Keady, J. ikertzaileek, «The Senses Framework. Improving Care for Older People Through a Relationship-Centred Approach» izenburuarekin. Esparruaren formulazioan, egileek nahita aukeratu zuten «sentipenen» terminoa, hura baita egokiena arretaren kalitatea baldintzatzen duten alderdien izaera subjektiboa eta pertzepziozkoa islatzeko, bai erabiltzaileentzat, bai zaintza harremanetan parte hartzen duten gainerakoentzat. Ingelesezko «sense» terminoa, kasuaren arabera, sentipen, sentimendu edo zentzu gisa itzul daiteke; lan honetan, lehen ordain aukeratu da, moldakorragoa eta egokiagoa baita adierazi nahi diren alderdi subjektibo guztien berri emateko.