Edukinera zuzenean joan

Ebaluazio funtzionalaren faseak

Analisi funtzional esperimental sistematikoa

Egituratutako elkarrizketen eta/edo behaketa zuzenaren bitartez, hipotesi bat segurtasunez egiteko nahikoak diren datuak lortu ez direnean, jokabide problematikoaren analisi esperimental sistematikoa egitea komeni da.

Analisi hori jokabide problematikoan eragina izan dezaketen faktoreen manipulazio sistematikoan oinarrituta dago.

Zenbait pertsona metodologia horren aurka daude eta argudiatzen dute egoera errealetan aplikatzea oso zaila dela –praktikan nekagarria eta deserosoa delako eta horren aplikazioa nahitaez esperientzia handia duten profesionalen esku utzi behar delako-; beste espezialista batzuek, berriz, baliagarria dela uste dute testuinguru esperimentalean eta denbora tarte motzean aplikatzen bada. Edonola ere, analisi funtzional esperimental sistematikoaren aplikazioan dena ezin hobeki kontrolatuta, araututa, programatuta eta zuzenduta egon behar da. Halaber, hori aurrera eramaten duten profesionalek metodologia hori oso ondo ezagutu behar dute eta ohituta egon behar dira, egon daitezkeen arriskuak gutxitzeko.

Jokabide problematikoa oso larria bada, beharbada analisi funtzional esperimentala egitea ez da egokia, nahiz eta laburra izan; izan ere, kalte fisikoak egoteko arriskua dago. Kasu horretan, hipotesiak jokabidearen funtzioa aintzat hartuta egin beharko dira, horretarako, soilik lehenengo faseetan (aurreko ataletan deskribatutakoak) lortutako informazioan oinarritu beharko da.

Analisi funtzional esperimental sistematikoa aurreko faseetan bildutako informazioan oinarritu behar da, bai jokabide problematikoaren identifikazio zein definizio operatiboaren faseetan, bai egituratutako elkarrizketetan eta behaketa zuzenean lortutako emaitzetan; informazio hori analisi funtzional esperimentalaren testuinguruan manipulatuko diren faktoreen diseinurako baliagarria izango da.

 

Aplikazio eredua

Ondoren aurkeztuko den adibidean faktoreak modu jakin batean manipulatu dira helburu argitzaileekin; benetako aplikazio batean faktoreak beste ordena batean manipulatu daitezke, egoeraren inguruabar zehatzak aintzat hartuta, komenigarriena denaren arabera. Faktore posible eta imajinagarri guztiak manipulatzea ez da beharrezkoa, soilik jokabide problematikoa eragiteko aukera gehien dituztenak.

  • Lehenengo faktorearen behaketa.
    • Demagun aldez aurretiko faseetan lortutako emaitzen berrazterketak honako ondorio hau eragin duela: ziurrenik ezintasunen bat duen pertsonarentzat jokabide problematikoaren funtzioa ihes egiteko aukera dela pentsatzea, baina  ez dakizu segurtasunez eta hipotesi hori hobeto oinarritu nahi duzu, jokabidea zailtzat jotzen duen jarduera batetik edo gustatzen ez zaion jarduera batetik ihes egiteko aukera ematen dion egiaztatuz. 
    • Egiaztapen hori egin ahal izateko, zenbait faktore manipulatu behar dira eta jokabide problematikoak testuinguru esperimentalean dauzkan ondorioak aztertu. Kasu zehatz horretan, aztertu nahi den jokabidea daukan pertsona zailtzat jotzen duen jarduera bat egin dezan eskatu beharko zaio (beste pertsona batzuek zailtzat jotzen ez badute ere). Demagun “erratzez garbitzea" zeregina aukeratzen dela. Pertsonari erratza pasatzen has dadila eskatzen zaio eta jokabide problematikoa gertatzen den bakoitzean garbitzeari uzteko baimena ematen zaio oso denbora tarte motzez; hau da, jokabide problematikoa daukan bakoitzean lan horri dagokionez atseden txiki bat lortzen du (10 segundo besteak beste).
    • Behaketaren denboraldian zehar, jokabide problematiko bakoitzaren erregistroa egiten da, emaitza horiek ondoren beste faktore batzuen behaketan lortzen diren emaitzekin alderatzeko: horrela, behaketa horretan zehar jokabide problematikoa askotan gertatzen bada, beste faktore batzuen behaketaren testuinguruko maiztasunarekin alderatuz, horrek esan nahi du lehenengo faktoreak eragin handiagoa daukala jokabide problematikoari dagokionez. Jokabide problematikoaren maiztasuna, berriz, baxuagoa bada beste faktore  batzuen behaketaren testuinguruko maiztasunarekin alderatuz, horrek adierazten du behatutako faktorearen eta jokabide problematikoaren artean ez dagoela loturarik edo oso lotura txikia dagoela.
  • Bigarren faktorearen behaketa.
    • Lehenengo faktore horren behaketa  egin eta gero, saiatu gaitezke zehazten pertsonak jokabide problematikoa arreta deitzeko erabiltzen duen edo ez.
    • Horretarako, denbora tarte motz bat ezarri behar da (hala nola, 10 minutu) eta tarte horretan zu edo ezintasunen bat duen pertsonarekin harreman ona duen beste pertsona bat bere ondoan eseri behar da elkarri eragin gabe; are gehiago, denbora tarte horretan inork ez dio elkarri eragin behar. Jokabide problematikoa gertatzen den bakoitzean, jokabide horri arreta zehatza eskaini behar zaio; hala nola, jokabide problematikoa objektu bat jaurtitzean badatza, hori gertatzen den bakoitzean horrelako esaldi bat esanez erantzun ahal zaio “Utzi gauzak botatzeari” edo “Norbaiti min egin ahal diozu” edo “Ez bota”.
    • Beste kasu batzuetan (adibidez, norbere buruari min egitean datzan jokabidea), kontsolatuz erantzun ahal zaio. Lehenengo faktorearen behaketan bezala, jokabide problematikoa erregistratu behar da emaitza horiek beste faktore batzuen behaketetan lortutako emaitzekin alderatu ahal izateko eta, lehenengo behaketa horretan bezala, oso maiz gertatu bada horrek esan nahi du manipulatutako faktorearen eta hizpide dugun jokabidearen arteko lotura oso sendoa dela; emaitza baxuek, berriz, harreman gutxi edo harremanik eza adierazten dute.
  • Hirugarren faktorearen behaketa.
    • Hirugarren behaketa proba bat egin daiteke osagarria den faktore bat manipulatuz, hau da, jokabide problematikoaren funtzioa hautemangarriak diren gauzak (janaria, jostailuak edo beste objektu batzuk edo bereziki gustatzen zaion jarduera bat egitea) lortzea dela kontuan hartuz. Horretarako, ezinduarentzat erakargarriak diren eta prozesuaren aurreko faseetan horrela identifikatu diren gauzak edo jarduerak aukeratu behar dira.
    • Behaketa burutu ahal izateko, aukeratutako objektua ezintasunen bat daukan pertsonari begi bistan baina hartu ezin duen toki batean jartzen zaio; jokabide problematikoa gertatu bezain laster aukeratutako objektua denbora tarte labur batez ematen zaio (10 segundo adibidez).
    • Ondoren, objektua kentzen zaio eta begi bistan baina hartu ezin duen toki batean jartzen da berriro ere jokabide problematikoa bigarren aldiz gertatzen den arte, orduan ematen zaio berriro. Eragiketa hori errepikatu behar da aldez aurretik ezarritako behaketa tartean zehar (hala nola, 10 minutu) eta bitartean jokabide problematiko bakoitza erregistratu behar da, ondoren, emaitza horiek eta beste faktoreei dagozkien behaketetan lortutako emaitzak alderatu ahal izateko.
  • Laugarren faktorearen behaketa.
    • Laugarren behaketa batean, egiaztatu daiteke pertsonak jokabide problematikoa bakarrik dagoenean ote daukan estimulazio sentsoriala lortze aldera. Horretarako, pertsona bakarrik utziko da elkarri eragiten dion inolako objektu edo materialik gabe. Ez da inor egon behar baina norbaitek eszena ezkutatuta begiratu dezake segurtasunez jakin ahal izateko pertsonak ez duela jokabidea arreta lortzeko erabiltzen.
    • Aurreko behaketetan bezala, behaketa saioan zehar jokabidea gertatzen den bakoitzean erregistratu behar da.
    • Behaketa hori honetan oinarritzen da: jokabide problematiko bat pertsona bakarrik dagoenean eta inolako objekturik eskura ez daukanean gertatzen baldin bada, helburua nolabaiteko estimulazio sentsoriala izango da: entzumenaren estimulazioa (burua eskuekin kolpatzerakoan egindako soinua, besteak beste), ikusmenaren estimulazioa (hala nola, argi iturri batera begiratzerakoan eta atzamarrak argi iturri horren aurrean mugitzerakoan sortzen diren argi distirak) edo kinestesikoa (kulunkatzea bezalako mugimendu atsegingarriak).

Faktore bakoitzaren behaketa denboraldia berdina izatea garrantzitsua da alderaketak baliagarriak izan daitezen.

Faktore bakoitzaren kasuan, jokabide problematikoa grafiko batean erregistratu behar da eta horrek emaitzak modu errazean alderatzeko aukera emango du. Lehenengo behaketa txanda eta gero, behaketak bigarren txanda batean errepikatzea beharrezkoa da, gutxienez, muturreko emaitzak lortu dituzten faktoreei dagokienez. Horren helburua da horiek egiaztatzea eta mantentzen diren edo aldatu diren ikustea. Bigarren txandan emaitzak antzerakoak badira, baliagarritzat jo daitezke.

Faktore desberdinen arteko alderaketek erakutsi dezakete faktore batek baino gehiagok jokabidean eragina daukatela edo, kontrakoa, soilik bat dela jokabidea eragiten duena.

 

Analisi funtzional esperimental sistematiko baten balizko emaitzak

Hurrengo irudiak analisi funtzional esperimental sistematiko baten balizko emaitzak erakusten ditu:

  • Hasierako behaketan zehar, “zerbaitetik ihes egin” faktoreari buruzkoa, behatutako pertsonak 8 bider garatu zuen jokabide problematikoa. Jokabidea hozka egitean eta harramazkatzean zetzan;
  • “Arreta lortzea” faktorearen behaketan zehar, lau bider gertatu zen;
  • “Hautemangarriak diren objektuak lortzea” faktorearen behaketan zehar, behin gertatu zen;
  • “Estimulazio sentsoriala lortzea” faktorearen behaketan zehar ez zen inolako gorabeherarik gertatu.

 

Autoebaluazioa egiteko fitxa

Prozesuaren une honetan, aztertu nahi diren eta esku hartzeak hizpide dituen jokabide problematikoek ezintasunen bat duen pertsonarentzat duten funtzioaren inguruan baliagarria den informazio asko edukiko duzu (egiaztatua): zenbait faktore identifikatu eta definituko zenituen eta, ohar batzuk aintzat hartuta, manipulatuko zenituen jakiteko horietako zein edo zeintzuk eragiten duten jokabide problematikoa edo zein edo zeintzuk daukaten eragin adierazgarria jokabide horri dagokionez; faktoreak manipulatu eta gero, grafiko batean faktore desberdinen behaketan lortutako datuak erregistratuko zenituen lortutako emaitzak alderatu ahal izateko; ondoren, behaketa errepikatuko zenuen, gutxienez, lehenengo behaketan jokabide maiztasun handia eragiten zuten faktoreei dagokienez. Lortutako datuei esker pentsa daiteke faktore horiek direla benetan jokabidea eragiten dutenak, eta horrek esku hartzeak hizpide dituen jokabide problematikon funtzioen gaineko hipotesiak zehaztasunez egiteko aukera ematen du.

 

 


 

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.