Aurrekarien aldaketa
Jokabideari lotutako laguntza positiboko planak garatzeko funtsezko lau osagai ezberdintzen dira:
- inguruneko faktoreen aldaketa;
- gaitasun alternatiboak irakastea;
- ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak;
- bizi estiloan oinarritutako esku-hartzeak.
Lau elementu horietako bakoitza beharrezkoa da laguntza planak arrakasta eduki dezan, eta bakoitza elkarrekintzan dago gainerakoekin epe luzerako eraginkortasunean laguntzeko. Praktikan, esku-hartzearen lau osagaiak elkarrekin aintzat hartu behar dira, elkarren mendeko direlako eta ez direlako pentsatu bakarka aplikatzeko. Jokabideak gidatzeko estrategia eraginkorrenak proaktiboak dira: normalean, jokabide gatazkatsuaren agerpenaren aurretik azaltzen diren inguruneko elementuen gainean jardunez, langileek jokabide gatazkatsu gehienak azaltzeari aurrea hartu diezaiokete. Aurrekarien gainean egindako esku-hartzeak berariaz eta bakarka diseinatzen dira pertsona bakoitzarentzat, eta jokabide gatazkatsua gertatu aurretik ageri diren inguruabarrei heltzen diete.
Hain zuzen ere, ebaluazio funtzionalaren bitartez inguruneko inguruabar edo faktore horiek identifikatzen direnean, posible da horiek ezabatzea edo aldatzea, jokabide gatazkatsu bat gertatzeko aukera murrizteko. Jokabideari lotutako laguntza positiboko planak diseinatzerakoan, komenigarria da aintzat hartzea aurrekarien gaineko esku-hartzeek gutxienez bi abantaila garrantzitsu dituztela:
- Lehenengoa azkartasuna da: jokabide gatazkatsua berehala murriztu dezakete. Plana aplikatzen zaion ezinduaren ikuspegitik, aurrekarietan oinarritutako esku-hartzeek berehalako lasaitua ematen dute frustrazio edo gatazka erako egoeretan. Langileen ikuspegitik, baretasun eta lasaitasun egoera bat sortzen laguntzen dute, gaitasun alternatiboak irakasteko eta laguntzako inguruneak egituratzeko testuinguru egokia eskainiz horrela, krisi egoeretan erreakzionatzera mugatu ordez.
- Bigarrena hau da: jokabide gatazkatsua gertatzeari aurrea hartuta, saihestu egin daitezke, adibidez, jokabidea ageri duen pertsonarentzat eta haren hurbileko ingurunean dauden beste pertsona batzuentzat (adibidez jarduera berdinean parte hartzen dutenentzat), esku-hartze erreaktiboen esparruan, egon daitezkeen eragin negatiboak.
Aurrekarietan oinarritutako laguntza estrategiak diseinatzerakoan, bi gai garrantzitsu aintzat hartu behar da:
- Nola aldatu aurrekariak jokabide gatazkatsuak gertatzeari aurrea hartzeko? Zehazki, ingurune ezberdinetan (etxean, lanean edo komunitatean) gatazkatsutzat jotako faktoreak –elementu materialak, pertsonalak (pertsonak egotea edo ez egotea), ingurunekoak, ohiturak edo errutinak– nola aldatu daitezkeen aztertu behar da, horiek kasu jakin batean jokabide gatazkatsuak gertatzea eragiten badute. Gauzak horrela, jokabide horiek pertsona horrentzat dituzten funtzioak aintzat hartu behar dira, jokabide gatazkatsua saiheste edo hari aurrea hartze aldera.
- Nola aldatu edo osatu eguneroko errutinak, jokabide egokiak gertatzeko aukerak areagotzeko eta egoerak edo testuinguruak atseginagoak izan daitezen pertsonarentzat? Galdera honi erantzuteko, beharrezkoa izango da ebaluazio funtzionalaren esparruan bildutako informazioa berraztertzea. Helburua pertsonarentzat onuragarriak diren eta jokabide egokiak edukitzen lagundu diezaioketen jarduerak, gertaerak edo elkarrekintzak identifikatzea da.
Aurrekarietan esku hartzeko estrategia nagusiak:
Jarraian aurrekarietan esku hartzeko estrategia mota nagusiak bildu dira, eta horietako bakoitzaren adibideak ematen dira testuinguru ezberdinetan aplikatuta. Estrategia hauek hurrengoak izan daitezke:
- Gertaera gatazkatsu bat kentzea
- Esku-hartzeak jarduera aldagaietan
- Kide jakin baten ondoan esertzen dela saihestea.
- Lan errepikakorrak egin ditzala eskatzea saihestea (adibidez, letraz letra esaten ari diren hitzak idaztea).
- Esku-hartzeak gizarte aldagaietan edo aldagai pertsonaletan
- Kafeina duten edariak ematea saihestea.
- Jende ugari dagoen tokietara eramatea saihestea.
- Behar baino luzeagoak diren itxaronaldietan dagoela saihestea.
- Saihestu horrelako jarraibideak: “Ez egin...”
- Gertaera gatazkatsu bat aldatzea
- Esku-hartzeak jarduera aldagaietan
- Egitekoaren denbora laburtzea.
- Egin beharreko lan kopurua murriztea.
- Irakaskuntza aldatzea akats kopurua murrizteko.
- Jardueraren erritmoa biziagotzea.
- Esku-hartzeak gizarte aldagaietan edo aldagai pertsonaletan
- Ahotsaren intonazioa aldatzea.
- Programa aldatzea.
- Iradokizunak egitea jarraibideak eman ordez (adibidez: “Zer gustatuko litzaizuke orain egitea?”).
- Zuntza areagotzea dietan.
- Gaixotasuna tratatzea.
- Gertaera atseginak tartekatzea egoera edo gertaera desatseginekin
- Esku-hartzeak jarduera aldagaietan
- Egiteko zailak eta beste egiteko errazago batzuk txandakatzea.
- Nola egin badakien lana txandakatu edo konbinatzea ikasten ari den beste batzuekin.
- Esku-hartzeak gizarte aldagaietan edo aldagai pertsonaletan
- Gustuko ez dituen jarduerak programatzea (adibidez, garbitzea) erakargarri zaizkion beste jarduera batzuekin tartekatuta (adibidez, aisiakoak).
- Inolako zailtasunik gabe jarraitzen dituen jarraibideak ematea (adibidez, “ireki armairua eta hartu gustukoen duzun hortzetako pasta”), gustuko ez duen jarduera bat egiteko jarraibidea eman aurretik (“garbitu hortzak").
- Lortu nahi diren jokabideak sustatzen dituzten gertaerak eranstea.
- Esku-hartzeak jarduera aldagaietan
- Lanak, materialak eta jarduerak aukeran ematea.
- Pertsonaren lehentasunak sartzea bere jarduera planaren diseinuan eta aplikazioan.
- Kooperazioko ikaste estrategiak erabiltzea parte hartzea pizteko.
- Espero dena argi eta garbi adieraztea, norbait gaitasun bat ikasten hasten denean.
- Esku-hartzeak gizarte aldagaietan edo aldagai pertsonaletan
- Gustuko dituen jarduerak sartzea eguneroko errutinak programatzerakoan, eta pertsona esku harraraztea jardueren programazioan, horren bitartez aurrea hartzeko aukera areagotzeko.
- Pertsonak jarduera multzo zabalaren artetik aukeratu ahal izatea ahalbidetzea.
- Gizarte elkarrekintzako benetako aukerak ematea.
- Egunero ariketa Egfisikoa egiteko benetako aukera ematea.
- Dieta osasungarria sustatzea.
- Gertaera negatiboen eragina blokeatu edo neutralizatzea
- Esku-hartzeak jarduera aldagaietan
- Pertsonari atsedenaldi ugariak edukitzea ahalbidetzea, zailak egiten zaizkion jardueretan.
- Egin beharreko jarduera kopurua murriztea, pertsona asaldaturik edo urduri dagoela ikusten dugunean.
- Esku-hartzeak gizarte aldagaietan edo aldagai pertsonaletan
- Nekatuta dagoela dirudienean edo gaixorik dagoenean atsedena hartzeko aukera ematea.
- Denboraldi jakin batez bakarrik egoteko aukera ematea, berriro ere taldera itzuli aurretik, esperientzia negatibo bat bizi denean.
Aurrekarietan egin daitezkeen aldaketak ia mugagabeak dira. Kasu bakoitzean, kontu handiz aztertu behar dira bizi inguruneetara egokitzen diren estrategiak eta bakarkako behar eta lehentasunekin errespetu gehiagokoak direnak.
Laburbiltzeko, beharrezkoa da eztanda eragile modura jarduten duten edo jokabide gatazkatsua gertatzen nabarmen eragiten duten faktoreetan edo aurrekarietan oinarritzea –egoeretan, pertsonetan, jardueretan, ohituretan edo baldintzatzaile alternatiboetan–, horiek ezabatu edo aldatzeko. Horrelako esku-hartzeek berehalako lasaitua hartzea ahalbidetzen dute, bai jokabide gatazkatsua ageri duen pertsonari, bai bere kideei eta langileei, baina ez dute aldaketa eraginkorrik eragiten epe luzera.
Hain zuzen ere, aurrekarietan gertatutako aldaketen arrakasta zuzenean lotuta dago ingurunea antolatzearekin. Horrela, langileek faktore gatazkatsuak agertzeari aurre hartu ezin diezaioketenean ingurunean aldaketak sartuz, edo pertsona aldaketa hori gertatzen ez den ingurunean dagoenean, jokabide gatazkatsuek berriro agertzeko aukera ugari dituzte.
Emaitza iraunkorrak lortzeko modu bakarra pertsonei gaitasun alternatiboak eskuratzen laguntzea da. Gaitasun horiek aukera eman behar diete pertsonei beren kabuz kontrolatzeko ingurunea (gaitasun alternatiboetan entrenatzea) eta epe luzerako laguntzak sortzeko. Bizi estiloan garatzen diren esku-hartze hauek erraztu egingo dute gaitasun berriak mantentzen direla, eta, beraz, bizi kalitatea hobetuko dute. Edonola ere, funtsezkoa da argi edukitzea beti ez dela posible izango gaitasun alternatiboak hartzea, ezta bizi estiloan esku hartzea ere –hori gertatzen da, adibidez, oso hondamen kognitibo adierazgarria duten pertsonen kasuan–, eta kasu horietan, esku-hartzeak ingurunearen aldaketan oinarritu behar dira batez ere, bai jarduera eta ingurune aldagaiei dagokienez, bai aldagai pertsonal eta gizartekoei dagokienez.
Epe luzera, pertsonak gaitasun alternatiboak hartzen baditu eta taldeek bizi estiloan esku hartzeko epe luzerako laguntza gisa jardungo duten bideak martxan jartzen badituzte, aurrekarietan aldaketak sartzeak beharrezkoa izateari utziko dio, nahiz eta gerta daitekeen denboraldi batez edo iraunkorki aldaketa hauetako batzuk mantentzea komenigarri izatea bizi kalitate hobea edukiko dela bermatze aldera.
Inolako zalantzarik gabe, inork galdetuko du aurrekarietan esku hartzearen benetako erabilgarritasuna zein den, izan ere, azken batean, ingurunea aldatzeak pertsonari egoera zailei edo frustrazioa eragiten dutenei aurre nola egin ikasteko aukera ukatzea dakar.
Bada, aurrekarietan egindako esku-hartzeen erabilgarritasuna nabarmena da laguntzeko beste osagai batzuekin batera aplikatzen denean, zehazki gaitasun alternatiboetan trebatzeko jarduerekin eta bizi estiloan garatzen diren esku-hartzeekin batera. Izan ere, esku-hartze multzo honi esker, posible da baldintza positiboak eta errespetuzkoak sortzea eta horiek ikastearen alde egiten dute. Gainera, frogatuta dago benetan zaila dela irakastea eta ikastea, pertsonak, maiz, portaera arazoak ageri dituenean inguruneko faktoreei lotuta. Aldiz, ikastea errazagoa da egoerak erasokorrak egiten ez zaizkionean eta bere behar eta lehentasun pertsonalei egokitzen zaizkionean.