Edukinera zuzenean joan

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planen diseinua

Gaitasun alternatiboak irakastea

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planak garatzeko funtsezko lau osagai ezberdintzen dira:

  • inguruneko faktoreen aldaketa;
  • gaitasun alternatiboak irakastea;
  • ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak;
  • bizi estiloan oinarritutako esku-hartzeak.

Lau elementu horietako bakoitza beharrezkoa da laguntza planak arrakasta eduki dezan, eta bakoitza elkarrekintzan dago gainerakoekin epe luzerako eraginkortasunean laguntzeko. Praktikan, esku-hartzearen lau osagaiak elkarrekin aintzat hartu behar dira, elkarren mendeko direlako eta ez direlako pentsatu bakarka aplikatzeko. Normalean, ezinduek jokabide gatazkatsuak arrazoi ezberdinengatik ageri dituzte:

  • beren beharrei erantzuteko behar diren gaitasunak ez dituzte;
  • edo jokabide gatazkatsuekin nahi dituzten emaitzak lortu ohi dituztela ikasi dute;
  • edo beren jokabideak kalte organiko bati atxikitzen zaizkio eta ezinezkoa zaie horiek kontrolatzea.

Lehenengo bi kasuetan, jokabideari lotutako laguntza positiboaren xedea ez da lortu nahi diren helburuei edo emaitzei jaramonik ez egitea, baizik eta gaitasun alternatibo batzuen bitartez –eraginkorragoak eta efizienteagoak– horiek lortzen laguntzea. Gaitasun alternatiboen irakaskuntzak lagundu egiten du epe luzera jokabide gatazkatsuak murrizten, izan ere, pertsonak gaitu egiten dira nahi dituzten emaitzak lortzeko baliabide egokituen bitartez eta, beraz, saihestu egiten da egoera gatazkatsuak gertatzen direla eta eraginkortasun gehiagorekin egiten zaie aurre egoera zailei. Horrela, gainera, langileen esku-hartzearen ez hain mendeko bihurtzen dira. Gaitasun alternatiboen irakaskuntzak hiru modalitate ditu:

  • jokabide gatazkatsuak ordezkatzen dituzten gaitasunak irakastea, gaitasun alternatiboak zentzu hertsian izendatuko ditugunak;
  • gaitasun orokorren irakaskuntza;
  • aurre egiteko edo tolerantziako gaitasunak irakastea.

Hurrengo taulan modalitate hauetako bakoitza definitzen da, eta horientzako guztientzako adibideak eskaintzen dira:

  • Gaitasun alternatiboak zentzu hertsian
    • Lehenengo irakaskuntza eredua, gaitasun alternatiboak zentzu hertsian, ezinduari jokabide alternatibo batzuk erabiltzen irakastean datza. Jokabide horiek gatazkatsu suerta dakizkiokeen egoera edo inguruneetan erabiltzekoak izango dira eta jokabide gatazkatsuaren funtzio berdinerako balio izango dio. Horrela, bada, funtzio berdinerako zer gaitasunek balio dezakeen pentsatzean datza.
      • Adibidez: Jonek, oraindik amaitu gabe duen zeregin bat berehala amaitu nahi duenenean, ukabilkadak ematen baditu mahai gainean, irakatsi ahal zaio “egin dut jada” edo “bukatu dut jada” bezalako zerbait komuniatzea. Horrek jokabide gatazkatsua saihestuko luke eta testuinguru hobea emango luke Jonek, atsedenaldia eta gero, etendako zeregina amaitzeko. Anek egongelako pertsianak ixten baditu bere amak DVDa piztea nahi duenean, hautabidea “Bideoa, mesedez” bezalako zerbait komunikatzen ikastea litzateke.
      • Ezinduari “laguntza behar dut” esaten edo komunikatzen irakastea, lan zailei aurre egin behar dienean bere burua jotzean dantzan jokabide bat ordezkatzeko. Gizarte elkarrekintzak hasten irakastea (adibidez: “jolastu zaitez nirekin”), kideak iraintzean dantzan jokabide bat ordezkatzeko. Bideojoko batekin jolasten irakastea, atsedenaldian behatzak mugitzean datzan jokabidea ordezkatzeko.
    • Jokabide gatazkatsuaren funtzio berdin-berdinetarako eta lortzen dituen emaitza berdin-berdinetarako balio duen gaitasun alternatibo bat aukeratzea funtsezkoa da arrakasta edukitzeko. Behin pertsonak ikusten duenean jokabide alternatiboa jokabide gatazkatsua bezain eraginkorra edota eraginkorragoa izan daitekeela nahi diren emaitzak lortzeko, murriztu egiten dira jokabide gatazkatsua azaltzeko aukerak. Jokabide gatazkatsu berdin batek hainbat funtzio izan ditzakeenez hura agertzen duen pertsonarentzat, laguntza eraginkorra izan dadin funtsezkoa da jokabide gatazkatsu batentzat identifikatu diren funtzio guztiak adina jokabide alternatibo irakastea.
    • Bestelako hautabideen irakaskuntzak, beraz, berehalako eragina du, eta aldaketa azkarra dakar jokabidera. Hala eta guztiz ere, bere horretan ez da nahikoa epe luzera jokabide gatazkatsua ezabatzeko, ez delako arazo horien azpian dauden arrazoietan oinarritzen eta, beraz, pertsonari ez dizkio beharrezko gaitasunak ematen egoera gatazkatsuak gainditzeko. Jonen kasuan, jokabide alternatiboa “Egin dut jada” esatean datza eta horrek eraginkortasunez ordezka dezake mahaian kolpeak emateko bere jokabidea. Aitzitik, ez du konpontzen Jonek egitekoa amaitu baino lehen lan egiteari utzi nahi izatea. Lana zailegia delako, azkar nekatzen delako edo lana aspergarri egiten zaiolako al da? Frustraziorik sentitu gabe bere lana egiteko behar diren gaitasunak ba al ditu? Ba al daki nola erlaxatu eta nola prebenitu nekea? Jarduera ezberdinen artean aukeratzen edo irakaslearekin jarduera batzuk gustuago dituela negoziatzen ba al daki?

 

  • Gaitasun orokorrak
    • Gaitasun orokorren irakaskuntza egoera gatazkatsuei aurrea hartzea ahalbidetzeko gaitasunak garatzean datza eta, horiekin, egoera gatazkatsuei aurre egitean jokabide gatazkatsurik eduki behar gabe.
    • Horrela, bada, jokabide gatazkatsuak agertzeari aurrea hartzen pertsonari lagun diezaioketen gaitasun orokorrak pentsatzea da egin beharrekoa –gizarte gaitasunak, zaintza pertsonalekoak, komunikaziokoak, aisiakoak, akademikoak edo bestelakoak izan gorabehera–. Xede horretarako, hurrengo galderak aintzat hartu behar dira:
      • Zer faktore ari da laguntzen egoera gatazkatsuan? Zereginaren zailtasuna izan liteke, adibidez? Piezak poltsa batean sartzeko zeregina zailegia al da Jonentzat?
      • Faktore hauei eraginkortasunez aurre egiteko gaitasunik ba al du?. Adibidez, poltsan sartu behar duen pieza kopurua zenbatzen ba al daki?
      • Egoera hori behar bezala aldatzen laguntzeko zer gaitasun irakatsi diezaiokegu? Adibidez, 5era bitarte zenbatzen irakasterik ba al dago zeregina egingarria izan dakion eta frustrazioa senti ez dezan?
    • Gaitasun orokorretan trebatzea oso gaitasun ezberdinei buruzkoa izan daiteke: arazoak konpontzea, autokontrola, aukeraketa, komunikazioa, gizarte elkarrekintza, ikastea eta, baita ere, aisia eta denbora librea. Adibideak: hainbat zeregin egiteari aurre egin behar zaienean pertsonak frustrazioa sentitzeari aurrea hartzeko antolamendu gaitasunak irakastea, gizarte elkarrekintzako gaitasunak zabaltzea, pertsonari adiskideak egiteko aukera gehiago ematen baitiote; pertsonari jarduerak bere kabuz nola hasi irakastea.

 

  • Egoera gatazkatsuak jasan eta hauei aurre egiteko gaitasunak
    • Saihestezina da ezinduek zenbaitetan gatazkatsuak egiten zaizkien eta saihestu ezin ditzaketen egoerei aurre egin behar izatea, eta horien aurrean ezin dute alde egin edo ez lukete alde egin behar edo ezin zaie beren beharrei berehala erantzun. Kasu horietarako, beharrezkoa da egoera zailei edo itxaron beharreko arrazoizko denborei aurre nola egin edo horiek nola toleratu irakastea.
    • Horrela, bada, horrelako egoera bazterrezinei aurre egiteko gai izateko hartu behar diren autokontroleko gaitasunak finkatzean datza: ezinegona nola kontrolatu, jarduera batean pazientziaz itxarotea, nola erlaxatu zailak egiten zaizkion jarduerak egiterakoan mantentzen diren estres egoerak sortzen direnean.

 

Gaitasun alternatiboak irakasteko jarduera egokietarako gomendioak

Gaitasun alternatiboak irakasteko garaian, aipatu diren hiru modalitateen arabera hautatzeaz gain –gaitasun alternatiboak zentzu hertsian, gaitasun orokorrak eta aurre egiteko eta tolerantziako gaitasunak–, komenigarria da hurrengo alderdiak beti aintzat hartzea:

  • Ziurtatu gaitasun alternatiboak zentzu hertsian jokabide gatazkatsuaren funtzio berdin-berdinerako balio duela Gaitasun alternatiboak ez badu emaitza berdina eragiten denboraldi berdinean, pertsona ezinduak ez du eraginkortzat joko eta, beraz, ez du hartara joko.
  • Aukeratu gaitasun errazak. Gaitasun alternatiboak aukeratzen dituzunean, aukera itzazu ezinduari ikasteko nahiko erraz egiten zaizkionak, izan ere, jokabide gatazkatsuaren emaitza berdina lortzeko nahiko esfortzu eskatuko badio, ez du hartara joko beti. Adibidez: pertsona batek jarduera batean atsedenaldia behar duenean oso urduri jartzen bada eta gauzak lurrera botatzen baditu, izan liteke errazagoa izatea eskua altxatzen ikastea atsedenaldia nahi duela komunikatzeko, hori hitzez esaten ikastea baino, esaldia oso erraza bada ere.
  • Irakatsi, lehenik eta behin, berehalako eraginak dakartzaten gaitasunak. Hasiera batean, irakatsi nahi diren emaitzak azkar eragiten dituzten gaitasunak: horrela, jokabide gatazkatsuak murriztu egingo dira azkar eta ingurunea egokiagoa izango da ikastea erraza eta atsegina izan dadin.
  • Irakatsi jokabide gatazkatsua gertatu aurretik. Akats bat da gaitasun alternatiboa jokabide gatazkatsua gertatu bitartean edo hura gertatu eta berehala irakastea, eta akatsa da bi arrazoirengatik: lehenik eta behin, inguruabar horietan pertsona ez delako ikasteko prest egoten; bigarrenik, horrelako egoera bat eta gero irakasteak nahi denaren kontrako efektua eduki dezakeelako, izan ere, ezinduak interpretatu dezake jarraitu behar den sekuentzia hau dela: jokabide gatazkatsua eduki eta, ondoren bakarrik, jo gaitasun alternatiboetara.
  • Aldiz, jokabide gatazkatsua azaldu baino lehen gaitasun alternatiboa irakasteak aukera ematen dio ezinduari aldez aurretik ezagutzeko eta aplikatzeko egoera gatazkatsuari, hura azaltzen denean, aurre egiteko lagungarri izango zaizkion gaitasunak. Horretarako, gaitasun alternatiboa praktika arazi dakioke simulatutako egoeretan edo benetako egoeretan, maiz gogoraraziz jardueraren hasieran edo kasuan kasuko egoeraren hasieran gaitasun alternatiboak erabili behar dituela (adibidez: “gogoratu Jon, lehenik eta behin saiatu piezak zenbatzen, baina lortzen ez baduzu, eskatu laguntza").
  • Posible den bakoitzean, aukeratu egoera ezberdinetan eta ingurune ezberdinetan erabil daitezkeen gaitasun alternatiboak . Helburua da gaitasun alternatiboak ahalik eta erabilgarritasun handiena edukitzea eta jokabide gatazkatsua gertatzen dela saihestea ahalbidetzea, egoera edo ingurunea zein den gorabehera. Aukeratzen dituzunean, beraz, saiatu hiru baldintza hauek betetzen: egoera ezberdinetan erabili ahal izatea, beste pertsona batzuk erraz ulertzeko modukoak izatea eta ingurune ezberdinetan egokiak izatea.
  • Hartutako gaitasunak mantentzearen eta orokor bihurtzearen alde egiten duzula ziurtatu. Garrantzitsua da ikasitako jokabide alternatiboa ohitura bihurtzea pertsonarentzat, eta bizi den eta moldatu behar duen testuinguru ezberdinetara eramateko gai izatea.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.