Edukinera zuzenean joan

Gaitasun berriak irakasteko printzipioak

Printzipio batzuk gaitasunak irakasteko programa osoan azaldu behar dira: horiek erreferentzia bezala edukitzea, erabakiak hartzerakoan eta zailtasunak edo egoera gatazkatsuak ebazteko garaian erabilgarri izateaz gain, une oro ezinduarekiko erabateko errespetuarekin jardutearen berme elementu ere bada.

  • Profesionalek irakasteko erantzukizuna dute
    • Tentagarria da pentsatzea gaitasun berri bat ikastearen ardura ikasten  duenak duela bakarrik –kasu honetan ezinduak–, eta, beraz, ikastean kale egiten denean, porrot hori pertsonaren ahalmen faltaren emaitza zuzena dela uste izatea. Akats bat da horrela pentsatzea. Irakastearen erantzukizuna profesionalena da, beraz, pertsona batek ez badu lortzen gaitasun jakin bat ikastea, beharrezkoa da, ezintasunari porrota egotzi aurretik, zalantzan  jartzea aplikatzen gabiltzan irakaskuntza metodoak. Horrek ez du esan nahi erantzukizuna partekatu behar ez denik: ezinduak ikasteko, funtsezkoa da motibazioa edukitzea eta gaitasun berriak ikastea une positibo bat izan daitekeela sentitzea, gozatzekoa. Horretan, ordea, laguntza ematen duten langileen jarrerek ere berebiziko papera betetzen dute.
  • Pertsona guztiak dira gauza berriak ikasteko gai
    • Funtsezkoa da onartzea, konbentzimenduarekin, edozein pertsona gai dela gauza berriak ikasteko. Bere horretan, jarrera horrek posible egingo du irakaskuntza prozesua baikortasunez bideratzea.
    • Noski, horrek ez du esan nahi edozein pertsonari edozein gaitasun irakats dakiokeenik. Komenigarria da, halere, gure itxaropenak zabaltzea ezinduek ikasi behar edo ikasi ahal dutenari buruz pentsatzen dugunean. Garrantzitsua da hori aintzat hartzea eta ikaste aukera jakin batzuetatik hasiera batean kanpo ez uztea, betiere, kanpo uzte hori ezintasunaren gogortasunak ikastea edo parte hartzea galarazten diola pentsatzean oinarritzen badugu bakar-bakarrik. Ohitura eta konpromisoa hartu behar ditugu, egitea komeni dena edo egiteko hori zein modutara egitea komeni den pentsatzen saiatzeko beti. Horrela, jarduera bat garatzen irakatsiko diegu edo jarduera baten garapenean parte hartzea erraztuko diegu. Beste era batera esanda, gure egitekoa ez da, hasiera batean, pertsonaren ahalmenak edo zeregin jakin baterako egokitasuna zalantzan jartzea. Aldiz zalantzan jarri behar dugu laguntzen ari garen pertsonari ematen ari garen laguntza maila eta modua benetan egokiak diren beretzat nahiz prozesuaren helburuarentzat, adibidez:
      • zeregin berriak egiten ikasteko;
      • jada ikasitako gaitasunak mantentzearen eta egitearen alde egiteko;
      • lehendik ezagunak ziren baina galdu egin diren gaitasunak berreskuratzeko.
  • Berdintasunezko harremana eratu behar dugu ezintasunen bat duen pertsonarekin
    • Irakaste eta ikaste prozesuaren esparruan, irakasten dugunon eta ezinduaren arteko alde bakarra da guk zeregina nola egin badakigula da eta haiek ez. Helburua, bada, laguntza ematen duten profesionalek dakitena transmititzea da, pertsonarentzat ulergarria izango den modu batean. Gainerakoan, harremanak berdinetik berdinerakoa izan behar du.
  • Gaitasun “naturalei” lehentasuna eman behar diegu
    • Gaitasunak irakasteko prozesu baten esparruan, naturala denari egiten zaion aipamenak egunerokoari heltzen dio, ohikoari, edo adin berdineko eta ezintasunik gabeko pertsona batek egin ohi duen horri. Gaitasun naturalak ikasteari lehentasuna emateak lagundu egingo du ezberdintasunean oinarritutako estigmatizazioa saihesten. Hain zuzen ere, ezintasunen bat duen pertsonari irakatsi egiten badiogu zenbait zeregin egiten horiek gainerakoek egiten dituzten bezala, aukera gehiago edukiko ditu gizartean onartua izateko, eta horrek hura gizarteratzea erraztuko du.
    • Garrantzitsua da, halaber, gure laguntza hartzen duen pertsonari buruz gainerakoei transmititzen dizkiegun mezuetan pentsatzea, eta irakaskuntza metodo normalizatzaileak erabiltzeko saiakera egitea. Horri dagokionez, aintzat hartu behar dugu ezintasunen bat duten pertsonek laguntza behar izan dezaketela kasu gehienetan beste pertsona batzuek laguntzarik gabe egiten dituzten zereginak egiteko. Gainera, azken horientzat, laguntza behar hori ez  da naturala izango, beraz, garrantzitsua da barneratzaileenak diren laguntza formulak hartzen saiatzea. Gauzak horrela, esate baterako, pertsona bati laguntza eman behar badiogu dirua zenbatzeko denda batean ordaindu baino lehen, komenigarria da zuhur ibiltzea, ezinduaren eta hura atenditzen ari den pertsonaren artean eratzen den harremanean eraginik edukitzea saihesteko.
  • Erraztasuna aukeratu behar dugu
    • Erraztasunaren aldeko apustuak ez du ukatu nahi ezintasunen bat duten pertsonei gaitasunak irakastea ez dela beti erraza izaten eta hausnarketa, plangintza eta temati izatea behar dituela. Esan nahi duen gauza bakarra da amaierako emaitza sinplea eta eskuragarria den zerbait bezala ikusi behar dela. Horrela, errazagoa izango da hura erdiestea. Hori dela eta, komenigarria da egoerak behar ez diren informazio edo materialekin  zailtzen direla ekiditea, izan ere, horrek nahasmendua eragin dezake ulertzen lagundu ordez.
  • Komenigarria da benetako egoeretan irakastea
    • Inguruneak eta irakaskuntza materialek irakasten ditugun gaitasunen erabilera praktiko handiagoari edo txikiagoari eragin diezaiokete, izan ere, ezintasunen bat duten pertsonek, batez ere ezintasun intelektualak edo kognitiboak dituztenek, zailtasunak eduki ditzakete ingurune jakin batean ikasitako gaitasunak beste ingurune edo egoera ezberdin batera eraman eta hartan aplikatzeko.
    • Onena, inolako zalantzarik gabe, gaitasuna erabiliko den ingurunean irakastea da, eta benetako praktikan gaitasun hori garatzeko behar diren materialekin egitea. Hala ere, hori posible ez balitz, edo pertsonak gaitasuna gehiago praktikatzea behar balu ikastea errazteko eta eraginkor bihurtzeko, beharrezkoa izango litzateke benetako bizitzan berezko diren baldintzetara ahalik eta gehien hurbiltzen saiatzea. Horrela, litekeena da ezindu batek zer ordu den behar bezala esaten ikastea, ikaste prozesuan benetako erlojuak erabiliz gero eta ez erlojuen marrazkiak dituzten txartelak edo plastikozko erlojuak erabiliz gero. Halaber, dirua erabiltzeko gaitasunak eraginkortasun gehiagorekin irakatsiko dira benetakoagoak diren inguruneetan (dendetan, jatetxeetan, eta abarretan) eta benetako diruarekin, eta ez fikziozko inguruneetan eta gezurrezko diruarekin.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.