Edukinera zuzenean joan

Behin-betiko izaera duen sartzea

Ezintasunen bat duen pertsona bat egoitza zerbitzu batean behin betiko sartzeko hiru arrazoi nagusi egon ohi dira:

  • Ezintasunen bat duen pertsonak berak familiaren etxebizitzatik ateratzeko erabakia hartzea, bizitza autonomoagoa edukitze aldera.
  • Normalean zainketa lanak egiten dituzten pertsonak une horretatik aurrera laguntza funtzio hori euren gain hartzeko gai ez izatea, ezintasun horren arrazoia alde batera utzita: heriotza, gaixotasuna, bizitza aldaketa edo ezintasunen bat duen pertsonaren laguntza beharraren ondoriozko beste zenbait egoera (adibidez, jokabide problematikoen maiztasuna edo larritasuna areagotzeari lotutakoak, osasun arazoak agertzea, mugikortasunaren gaineko mugak ugaritzea, oso nagusia izatea, etab.). Ezintasunen bat duen pertsonari laguntza ematen jarraitzeko ezintasuna gizarte zerbitzuek eragin dezakete. Izan ere, premiazko egoera batean, ezintasunen bat duen pertsona ohiko familia ingurunetik bereiztea beharrezkoa dela adierazi dezakete, edo epailearen ebazpen batek hala ezarri dezake.
  • Beste egoitza zerbitzu batetik lekualdatzea.

Sartzearen arrazoia edozein dela ere, hori gertatzen denean bi kontu aintzat hartu behar dira:

  • Etxebizitza aldatzea eta maite ditugunak galtzea edozein pertsonak bizitzan zehar bizi ditzaken egoerarik estresagarrienetarikoak dira eta, egoitza zerbitzu batean sartzerakoan, ezintasunen bat duten zenbait pertsonek bi inguruabar horiei aurre egin behar diete aldi berean. Halaber, egoera hori larriagotu daiteke etxebizitza aldatzeak beste zerbitzu batzuk ere aldatzea barne hartzen duenean, hala nola, eguneko zentroa edo zentro okupazionala.
  • Pertsonak bakarrak dira eta ikuspegi desberdina eta banakako arreta eskatzen duten behar eta lehentasunak dituzte.

Horrek zera esan nahi du: egoeraren premiak galarazten ez duenbitartean, egoitzan sartzeko prozesua ezintasunen bat duen pertsonarekin eta, hala badagokio, bere familiarekin planifikatu eta zehaztu behar da, bere gaitasun, lehentasun eta nahiak aintzat hartuta, egoitzaren aukera egokiena den zehazteko eta, hala ez bada, bizitza independentea pertsonaren egoera zehatzari hobeto egokituko zaion egiaztatzeko.

Egoitza hautatuz gero, eskuragarri dauden aukeren artean xehetasun horiei gehien egokitzen dena zein den zehaztu behar da eta, ahal den heinean, aldi berean bizitza aldaketa horri zerbitzuaren aldaketak gehitu behar izatea galaraziko da.

 

Egoitza zerbitzu batean sartzea norberak hala erabaki duelako

Independentzia gehiago nahi duelako, pertsona bera denean egoitza zerbitzu batean sartzeko erabakia hartzen duena aipatu berri dugun sartzearen plangintza egitea beharrezkoa da eta, horren bitartez, laguntza motak aintzat hartu eta antolatu behar dira. Laguntza horietako batzuk pertsona berari zuzenduta egongo dira eta beste batzuk familiari.

  • Ezintasunen bat duen pertsonari erabakia hartzen laguntzea
    • Familiaren etxebizitzatik ateratzeko erabakiak edozein pertsonarengan sentimendu anbibalentea eragiten du: alde batetik, ilusioa eta nolabaiteko urduritasuna eskaintzen zaizkion aukera berrien aurrean ; bestetik, nolabaiteko kezka gauza ezezagunengatik eta egoera berri horretan zehar egon daitezkeen zailtasunengatik.
    • Erabaki hori hartzerako orduan garrantzitsua da pertsonek, hala behar izanez gero, beharrezkoa den laguntza eduki dezaten, bai erabakia hartzerako orduan, bai erabakiaren ondorio errealentzako prestatzeko. Horretarako, aukera desberdinen abantailak eta desabantailak aztertu behar dira:
      • familiaren etxebizitzatik ateratzeak dituen abantailak eta desabantailak;
      • bi aukerak bideragarriak direnean, egoitza aukeraren aurrean, bizitzeko modu independentea aukeratzeak dituen abantailak eta desabantailak;
      • zenbait egoitza aukeren abantailak eta desabantailak, horietako bat baino gehiago bideragarria denean eta lekua dutenean.
    • Aukerak baloratzeko eta erabakia hartzeko laguntza hori ezinduaren ingurunetik etorri daiteke, bai eta eguneroko bizitzan laguntza ematen dioten pertsonetatik edo konfiantzazkoak diren beste pertsona hurbilengatik ere (hala nola, lagunak, familia medikua). Horrez gain, gizarte zerbitzuetako profesional baten laguntza izatea beharrezkoa da, ezintasunen bat duten pertsonei arreta emateko egoitza zerbitzu sareen ezaugarriak ezagutzen baititu, prozesuan erreferentzia gisa jardun dezake eta zerbitzuan sartzea planifikatu dezake.
  • Ohiko zaintzaileei laguntzea
    • Ezintasunen bat duen pertsonak etxetik ateratzea erabakitzen duenean, familia inguruneak garai zaila pasa dezake, gurasoek seme-alaba etxetik joaten  denean izan ohi dituzten kezkez gain, beste batzuk ere izaten baitira: erru sentimendua izan dezakete pertsona horrek joan nahi duelako; egoitza zerbitzuaren eta arretaren kalitatearen gaineko beldurrak eta kezkak ere sortu daitezke, batez ere, zerbitzu horien funtzionamendua ezagutzen ez denean.
    • Sentimendu horiek hainbat modutan azaleratu daitezke:
      • zerbitzuak eskaintzen duen arretaren eta zaintzaren kalitatea gehiegi kritikatzea edo kontrakoa, hau da, esker on neurrigabeak eta irizpiderik gabeko jarrera.
      • pertsona egoitza zerbitzuan ez bisitatzea eragiten duen tristura;
      • zerbitzua gehiegi bisitatzea eragiten duen erru sentimendua.
    • Muturreko jarrerak saihesteko eta trantsizioa errazteko, familia lasaitzea garrantzitsua da. Horretarako, azpimarratu behar da egoitza zerbitzu batean sartzeak ez duela esan nahi familiarekin duen harremana apurtuko denik, bizitzeko modu bat besterik ez da eta bizimodu berri horretan ere harreman horrek, aldatzen bada ere, garrantzi handia dauka.

 

Egoitza zerbitzu batean sartzea familia inguruneak ezintasunen bat duen pertsonari laguntza ematen jarraitzeko aukerarik ez duelako

Askotan, ezintasunen bat duten pertsonek egoitza zerbitzu batera joatera behartuta ikusten duten euren burua euren ohiko zaintzaileak hil direlako edo gaixorik daudelako. Egoera hori oso penagarria eta zaila izaten da haientzat; izan ere, testuinguru eta bizitzeko estilo berri batera egokitu behar dira egoera berri haiek aukeratu ez duten arren. Aldi berean, euren senideen faltari aurre egin behar diote –adibidez, horien gaixotasunak bisitak urritu edo zailago egiten dituenean- edo, are gehiago, atsekabeari aurre egin –egoitzan sartzea pertsona horren heriotzak eragin duenean-. Ezin dugu ahaztu, askotan, ezintasunen bat duen pertsona heldua zen bitartean ere gurasoen etxean bizi izan denean oso harreman desberdina garatzen dela, gainontzeko familiekin alderatuta; izan ere, eguneroko bizitzako jarduera guztiak eta aisialdiko jarduerak partekatu dituzte...horren estua, bizia eta, askotan, esklusiba den harreman batean aldaketa bat egotea oso mingarria eta estresagarria izan daiteke.

Hori gutxi balitz, ohiko ingurunea galtzeak eragiten duen estresa gehitu behar zaio, ezagunak eta erreferentziazkoak eta, hortaz, lasaigarriak ziren aurpegiekin, inguruneekin eta gauzekin harremana galtzen baita. Egoera hori larriagotzen da egoitza zerbitzua familiaren etxebizitzatik urrun dagoenean, distantziak, praktikan, harremanak mantentzea zailago egiten baitu, batez ere, gaixotasun bat edo autonomia galtzea barne hartzen duen egoera gertatzen denean, horrek, praktikan, senideak zerbitzura joan daitezen saihesten du eta.

Ezintasunen bat duten pertsonek egoera horiei aurre egin diezaieten laguntzeko beharrezkoak diren laguntzak egituratzea garrantzitsua da.

Egoitzan sartzea ordura arte ohiko zaintzaileak ziren pertsonak hil direlako gertatzen denean, edozein pertsonak maite duen norbait hiltzen denean duen atsekabea gainditzeko behar duen denbora errespetatzea ezinbestekoa da, bai eta emozioak eta sentimenduak adierazten laguntzea ere. Dena den, oro har, atsekabe prozesu batek emoziozko hiru fase ditu –tristuraren fasea, amorruaren eta frustrazioaren fasea eta doitze eta birdoitze fasea-. Ezin dugu ahaztu hori guztia bakoitzak modu batean eta erritmo batean bizitzen duen prozesu naturala dela. Zenbait kasutan, atsekabeari lotutako emozioak ez dira berehala adierazten. Egoera horietan, ematen du gertakariak pertsonarengan ez duela eraginik eduki edo pertsona hori ez dela gertakariaren esanahiaz eta ondorioez ohartu, baina, egia esan, eragina lehenago edo beranduago azaleratuko da eta horri arreta eskaintzea ezinbestekoa da, seguruenik ez baita espero den moduan gertatuko.

Banakako xehetasun horiek zehazten dute une horietan beharrezkoa dela, inguruabarren arabera, zenbait jarraibideen egokitasuna baloratzea, batez ere, pertsonak ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboren bat daukanean:

  • heriotzaren berri nork eman behar duen eta noiz;
  • hiletara eta beste errituetara gainontzeko senideekin joateko aukera ematea komenigarria den gertatu dena ulertzen eta laguntzen gainditzeko;
  • galdu dituen pertsona maiteen argazkiak eta oroigarriak gordetzera animatu behar den;
  • denborarekin, hil den pertsonarekin partekatzen zituen tokiak berriro bisitatzea eta zenbait jarduera egitea komeni den.

Atsekaberako epe zehatzik ez dago baina argi dago denboraldi horretan zehar pertsonei behar duten laguntza ematen ez bazaie prozesua nahi baino gehiago luzatu daitekeela.

 

Egoitza zerbitzua aldatzea

Batzuetan, ezintasunen bat duten pertsonek zerbitzua lekualdatzearen ondoriozko egoitza ingurua aldatzeari aurre egin behar diote. Lekualdaketa hori zenbait arrazoirengatik gerta daiteke:

  • Egoitza arreta mota ezintasunen bat duen pertsonaren beharrei eta, ahal den heinean, lehentasunei egokitzea. Horrek esan nahi du egoitza handietan bizi diren pertsonak txikiagoak diren eta komunitate ingurunean integratuago dauden etxebizitzetan bizitzera pasa daitezkeela, baita alderantziz ere, hau da, komunitate ingurunean bizi diren pertsonak egoitza zerbitzu handiagoetara joatea laguntza beharrak areagotu direlako.
  • Familiarekin harremana erraztu.
  • Egoitza zerbitzu sarearen antolakuntza beharrei erantzutea.

Hasiera batean, ezaugarri horiek dituen lekualdaketa bat pertsonaren bizi kalitatea modu nabarmenean hobetzeko asmoarekin pentsatzen eta artikulatzen da baina desabantaila garrantzitsua ekarri dezake berarekin: ordura arte haren etxebizitza zen egoitza zerbitzuko langile eta adiskideekin zeukan harremana galtzea eta hori gizarte harreman mugatuak dituzten pertsonentzat oso galera adierazgarria izan daiteke. Hala eta guztiz ere, egia da harremanen eremua zabaltzeko aukera ematen duela, bai eta haren bizitzaren zenbait arlotan dituen harremanen arteko gehiegizko kointzidentzia saihestu ere: etxebizitza, laneko, jarduera okupazionalen edo eguneko zentroa edo aisialdirako jardueren zentroa.

Hemen ere, zerbitzu batetik bestera dagoen trantsizio hori errazteko, kontu handiz plangintza egitea eta mailaz maila aurrera eramatea garrantzitsua da, ahal bada, lekualdaketa burutu baino lehen zerbitzu berriarekin harremanak edukiz. Pertsona zein egoiliar taldean sartu nahi den arreta handiz aukeratu behar da eta, batez ere, aurreko etxebizitzarekin harremanak mantentzea erraztu. Aldi berean, egoitza testuinguru berrian harremanetarako aukera berriak sortuko dira.

Lekualdaketa egoitza zerbitzu batetik beste batera joatean datzan kasuetan, gerta daiteke eta aurreikustea komeni da, senideak haserre egotea edo nakar izatea; izan ere, kostatuko zaie ulertzea hasiera batean zerbitzu jakin bat gomendatu zieten pertsonek une horretan aukera hobea dagoela esatea.

Beraz, zerbitzuan uste badute egoitza aldatzea komenigarria dela, proposamen hori banakako plangintzari buruzko bileretan aurkeztea komeni da; izan ere, pertsonan oinarritutako plangintzarekin bat eginez, bilera horietan ezintasunen bat duen pertsonaz gain harekin lotura handia duten pertsonek ere parte hartzen dute. Testuinguru horretan, egokitzat jotzen den erabakia adostu  behar da, toki berriak eskaini ahal dituen hobekuntzak aintzat hartuta.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.