Behin-behineko sartzeak edo epe motzerako sartzeak, ezintasunen bat duen pertsonari egoitza zerbitzuan epe mugatu batez egoteko aukera ematen dio. Epe hori zenbait egunekoa, hilabete batekoa edo zenbait hilabetekoa izan daiteke.
Oro har zerbitzu hori erabiltzera behartzen duten arrazoiak hauek dira:
- Zainketa lanak egiten dituen pertsonari denbora librea ematea deskonektatzeko eta ezintasunen bat duen pertsona bat zaintzeak barne hartzen duen neke fisikoa eta psikikoaren ostean atseden hartzeko. Kasu horietan, zerbitzuak indarberritzeko zerbitzutzat jotzen dira.
- Larrialdiko egoera bati aurre egitea, adibidez, zainketa lanak egiten dituen pertsona edo ezintasunen bat duen pertsona gaixorik jartzen denean edo ospitaleratu behar dutenean, bereziki, gaixotasun une larrietan, familia inguruan gatazkak edo estresa sortu daitezke eta.
- Ondoz ondoko behin-behineko egonaldien bitartez, ezintasunen bat duen pertsonari egoitza zerbitzuan bizitzea nolakoa den ezagutzeko aukera ematea. Mailaz maila etorkizunean behin betiko sartzeko prestatzen hasteko.
Egoera horietako baten bat gertatu ahal dela aurreikusten bada, komenigarria da ezintasunen bat daukan pertsonak zerbitzura ohitzeko aukera edukitzea, benetan erabiltzeko premia sortzen denean –batez ere, premiazko egoera bat gertatzen bada-, egoera horrek estresik gehitu ez dezan. Izan ere, ezezaguna den zentro batean sartzeak beldurra ematen du eta, ondorioz, estresa sortzen da. Horretarako, ohiko eta pixkanakako erabilera sustatzea komenigarria da. Hala nola, egun bateko zenbait egonaldi motzen plangintza egitea komeni da. Egonaldi horietan normalean etxebizitzan laguntza ematen dion pertsona ere egon daiteke; ondoren gau bat barne hartzen duen egonaldia probatu daiteke eta, pertsona ohitu denean, egonaldiak mailaka luzatu, lehenengo asteburuak, gero asteak, bai eta hamabostaldiak ere.
Egoitza zerbitzuak pixkanaka ezagutzea funtsezkoa da ezintasunen bat duten pertsonak behin betiko sar daitezen prestatzeko. Beti erraza ez den arren, bizitzaren zenbait alditan etorkizunari buruzko aurreikuspenak eta plangintzak egin behar dira, inguruabarrak aldatzen direnerako. Egonaldi motzeko zerbitzuen erabilera egokiak oso modu adierazgarrian lagungarria izan daiteke behin betiko sartzeari aurre egin behar dionean izan dezakeen antsietatea murrizteko. Halaber, ezinduari eta bere familia, tutore edo ordezkariei dauden egoitza aukera desberdinak ezagutzeko aukera ematen die; horrela, unea heltzen denean, horietako zein den egokiena aukeratu behar denean, hautaketan parte hartu ahalko dute, nahiz eta hautaketa hori eskaera egiten den unean plaza libreak dituen eskaintzara mugatu behar den.
Denboraldi motzeko zerbitzuen abantaila eta desabantailak
- Zeintzuk dira denboraldi motzeko zerbitzuen abantailak?
- Familia artekoak ez diren harreman berriak edo lagunak egiteko aukera ematen die. Horrek gizarte eta harreman testuinguruetan hobeto murgiltzen laguntzen die, beharbada babes gutxiagorekin baina autonomia garatzeko aukera gehiagorekin.
- Esperientzia berriak gozatzeko aukera ematen dute, bereziki, ezintasunen bat duen pertsonaren adinarekin eta interesekin edo lehentasunekin bat datozen jardueretan parte hartzeko aukera.
- Beste zerbitzu batzuetarako sarbidea errazten dute.
- Bat batean behin-behinean egoitzan sartu behar izateak edo behin betiko sartzeak sortzen duen antsietatea gutxitzen laguntzen dute.
- Beste zerbitzuekin batera, laguntza pertsonaleko zerbitzuak eta eguneko arreta zerbitzuak hain zuzen, etxebizitzako egonaldia luzatzen laguntzen dute, bai eta, batzuetan, behin betiko egoitzan sartzea saihestu ere.
- Behin betiko izaera duen erabakia hartu aurretik, senideei, tutoreei edo normalean laguntza ematen dieten pertsonei egoitza zerbitzuen funtzionamendu praktikoa ezagutzeko aukera ematen die.
- Zeintzuk dira dituzten desabantailak?
- Aldaketa dela eta, ezintasunen bat duen pertsonarengan nolabaiteko beldurra eragin dezake, epe motzerako sartu arte antzeman ez duena, ez baitu inoiz aintzat hartu bere ohiko ingurunetik urruntzeko eta bere ohiko bizitza erritmoa eteteko aukera, behin- behinean bada ere.
- Nahasketa eta desorientazio egoera bat gerta daiteke. Izan ere, ingurune fisiko eta gizarte zein harreman ingurune guztiz berrian ikusiko du bere burua eta horrek egokitzeko ahalegin handia eskatzen du, bereziki, honakoari dagokionez:
- ordutegi, ohitura eta ohikeria berriak;
- bizikidetasuna, bizitza kolektiboa eta harremanetarako jarraibide berriak;
- protagonismoa galtzea;
- bizikidetasun ingurune bera partekatzen duten beste pertsona batzuen jokabide problematikoek eragindako estres egoerak.
- Pribatutasun eta intimitaterik eza antzeman dezake.
- Ohikoa da bere inguruaren falta sumatzea: etxea, familia, lagunak, bere gauzak, bere ohiturak.
- Egonaldi motza behin betiko izaera duen egoitza zerbitzu batean egiten den kasuetan, gerta daiteke, gainontzeko egoiliarretan eragin handia edukitzea. Izan ere, soilik epe motz batean zehar haiekin biziko den pertsona bat da eta, beraz, itxaropen desberdinak eta harremanekiko beste jarrera bat edukiko ditu, behin- behinekotasunak baldintzatuta.