Lehenengo aldiz gaitasun bat irakasten dugunean, jakin egin behar da zenbat laguntza behar duen pertsona batek zeregina zatitu den urrats bakoitza egiteko. Hasieran, egitekoen azterketan aurreikusitako urrats bakoitza laguntzarik gabe egiten utziko diogu pertsonari, inolako laguntzarik eman gabe. Lortzen ez badu, laguntza ertaina emango diogu, hitzezkoa adibidez. Hitzezko laguntzarekin ere zeregina osatzea lortzen ez badu, keinu bidezko laguntzara joko dugu eta, ondoren, beharrezkoa izanez gero, laguntza fisikora, eta azken hori partziala edo erabatekoa izan ahalko da.
Horrela, pertsona batek jarduera xehatu den urrats bakoitza egiteko zer laguntza behar duen zehaztu izango dugu. Zeregina irakasten hasten garenean, pertsonak urrats bakoitzean zenbat laguntza behar duen idazten joango gara. Ondoren, hura lagundu behar dugun bakoitzean, aurreko aldian behar izandakoa baino laguntza gutxiago emango diogu eta, zeregina laguntza maila horrekin ezin duela egin ikusiz gero bakarrik, areagotuko dugu bizitasuna edo aldatuko dugu laguntza mota. Urrats bakoitzean prozedura berdina jarraituko dugu, zeregina osatu arte.
Laguntzen estrategia hau erabiliz, inoiz ez litzaioke pertsona bati behar duena baino laguntza biziagoa eman behar zereginaren azterketako edozein urrats osatzeko. Laguntza beharrezkoa den maila txikienera murrizten da, eta, horri esker, pertsona batek geroz eta urrats gehiago egin ahal izango ditu modu autonomoan. Laguntzak murrizten joateko prozesu honen izena laguntzak desagertzea da. Helburua pertsona batek gaitasun baten urrats guztiak egiten ikastea da, inolako laguntzarik eskuratu gabe horretarako.
Zenbait kasutan, ezintasunen bat duen pertsona ez da iritsiko jarduera modu autonomoan egitera eta beti behar izango du laguntza txikiren bat, eta hori irakaskuntza prozesua zuzena izan bada ere. Horrek esan nahi du arreta planifikatzerakoan, beharrezkoa izango dela berariazko zeregin horientzat laguntza jarraitua aurreikustea: adibidez, zerbitzu komunitario bateraino joateko laguntza pixka bat behar izango du beti, baina, behin han egonda, gai izan daiteke autonomiaz jarduteko.
Azkenik, komenigarria da kontuan hartzea, kasuen arabera, errazagoa izan daitekeela –behin zeregina urratsetan zatituta edukita– irakasten hasieratik, hau da, lehenengo urratsetik, edo amaieratik, hau da, azkeneko urratsetik hastea.