Une honetara arte adierazi den guztia gaitasun bat irakasteko prestakuntza fasearen barruan dago. Prestakuntza on batek, nekeza izan arren, beti merezi du; denborarekin eta praktikarekin, errazagoa irudituko zaigu eta hasieran baino denbora gutxiago eskatuko digu.
Prestakuntza aldi hau amaituta, zereginaren irakaskuntza praktikan jarri behar da eta prozesu horretan hurrengo alderdiak aintzat hartu behar dira.
Laguntza emateko moduak
- Hitzezko laguntzak.
- Hitzezko laguntzak edozein galdera edo hitzezko jarraibide izan daiteke, horren bitartez pertsonari lagundu egingo bazaio zeregina egiten. Zeharkakoa izan daiteke, egin beharreko ekintzaren gaineko pistak ematen direnean (“Zer egin behar duzu ahozapiekin?”), edo zuzena, ekintza deskribatzen denean (adibidez: “jar itzazu ahozapiak plateren gainean”). Halaber, hitzezko laguntzatzat jotzen da komeni den jarrerari buruz emandako edozein jarraibide, hau da, egin behar den urratsari buruzkoa izan ez arren, ekintza egiteko beharrezkoak diren horiek (adibidez, adi, begira, mantso, eta abar).
- Ikaste saio bat hasterakoan, eta kasuan kasuko hitzezko laguntzak eskaintzerakoan, komenigarria da ahots tonu formala erabiltzea. Autoritarioa izango ez bada ere, ahots horrek ezindua jabearazi behar du ikasteko kontzentratu egin behar duela.
- Garrantzitsua da hitzezko laguntzak beharrezkotzat jotako hitzak bakarrik sartzea pertsonari jarraibide argi bat emateko, izan ere, ulermen arazoak daudenean, bide egokiena, beti, sinpletasunarena da: asko hitz egiten badugu, lagundu ordez nahasteko arriskua dugu. Beste gako garrantzitsu bat beti hitz berdinetara jotzea da, gaitasun jakin bat irakasten diogun bakoitzean.
- Irakaste prozesuan, garrantzitsua da aginduak beti positiboak izatea; hobe da pertsonari "hau har ezazu" esatea "ez ezazu hau hartu" esatea baino, eta horrek bere jokaera aurreratzera behartuko gaitu. Pertsonek errazago ikasten dute ikaste-positibo egoeretan.
- Keinu bidezko laguntzak (keinuak edo seinaleak).
- Keinu bidezko laguntzak ukitzea, seinaleztatzea edo pertsonaren arreta ondoren egin behar duen urratsera zuzentzen duen gorputzeko edozein mugimendu izan daiteke. Adibidez, lehenik eta behin estalkian dauden platerak seinaleztatzea eta ondoren harraska seinaleztatzea, pertsonak uler dezan platerak harraskan jarri behar dituela.
- Horrelako laguntza bereziki lagungarria da entzuteko edo hizkuntzako zailtasunak daudenean, edo hitzezko laguntzak ez direnean, bere horretan, nahikoa estimulu.
- Erakustaldia/eredua ematea.
- Ezinduari egiteko osoa edo haren zati bat nola egin erakustean datza. Laguntza hau imitatzeko gaitasun onak dituzten pertsonentzat egokia da, eta, askotan, emandako jarraibideetan nolabaiteko puztera jo behar izaten da.
- Laguntza fisikoak.
- Laguntza fisikoa ezintasunen bat duen pertsona zeregina egitera fisikoki gidatzean datza: eskutik heldu eta, adibidez, gidatzea.
- Laguntza behar bezain zuzena izan behar da erantzun egokia eragiteko, baina inoiz ez da iritsi behar pertsona fisikoki erantzutera behartuta sentitzeraino. Pertsona erresumindu egiten bada, komenigarria da bestelako laguntza mota batzuetara jotzea.
- Laguntza fisikoak partzialak izan daitezke, pertsonari egin beharreko zereginaren edo mugimenduaren zati batean bakarrik laguntzen bazaio, edo erabatekoa egiteko osoan zehar gidatzen bada.
Ezintasunen bat duen pertsonak egitekoa behin eta berriro jarraibide berdinak jarraitzearen ondotik ikasiko du. Jarraibide horiek “zeregina ongi egitearekin” identifikatuko ditu berak. Horrek esan nahi du zeregina egiten irakasten dion profesionalak zeregina egiterakoan egon daitekeen edozein akats antzeman behar duela. Horretarako, beharrezkoa da etengabe bertan egotea zeregina egiten denean, akatsei aurrea hartzeko eta behar den laguntza emateko zeregina behar bezala egin dezan. Horrela, egitea beti zuzena eta arrakastatsua izango da, eta posible izango da errefortzu positiboa eskaintzea.
Noski, laguntza mota batzuk erabilgarriagoak izan daitezke beste batzuk baino pertsona jakin batzuekin. Arau orokor modura, esan daiteke hitzezko eta keinuzko laguntzek laguntza maila arinagoak ematen dituztela, laguntza fisikoek ahalik eta laguntza maila altuena ematen duten bitartean. Hala eta guztiz ere, hori ez da irizpide orokor bat besterik, izan ere, behar den laguntza maila aldatu egiten da eta gizabanakoen beharretara egokitu behar da. Gauzak horrela, pertsona batek entzumeneko zailtasun handiak baditu, hitzezko laguntza ez zaio baliagarria izango, eta keinu bidezko laguntza ere ez ikusmen arazo larriak dituen pertsona batentzat edo laguntza fisikoak uki diezaioten nekez jasaten duen pertsona batentzat.
Erabiltzaile bakoitzarekin aplikatzen den laguntza mota banaka zehaztu behar da, eta, laguntza hori egokia dela bermatzeko, komenigarria da aldez aurretik pertsona ongi ezagutzea.