Egiteko guztietan, hainbat elementu iraunkor dago, eta horiek ikasten ari den pertsonari informazioa ematen diote egin beharreko hurrengo urratsari buruz. Guztiok erabiltzen ditugu aztarna natural horiek, nahiz eta ez kontzienteki. Adibidez, jatetxe batean sartzen bagara, nola dakigu barrara joan behar garen edo mahai batean eseri eta atenditzen diguten arteitxaron behar dugun? Txanda itxaroten dagoen jende ilara edo kutxa erregistratzailea janari azkarreko jatetxe baten aztarna naturalak izan daitezke. Aldiz, menuak mahai gainean badaude edo zerbitzariek esertzeko gonbitea luzatzen badigute, horiek ohiko jatetxe baten aztarnak izango dira.
Aztarna naturalak berezkoak dira egoera bakoitzean, eta egoera horietako bakoitza gertatzen den testuinguruan bakarrik ikus daitezke. Beharrezkoa da horiek identifikatzea eta ezinduari irakastea benetako testuinguruetan. Aztarna naturalak identifikatzea gaitasun bat ikastearen barruan dagoen zatia da, eta, hala, zereginen azterketan sartu behar da. Hori dela eta, zeregina xehatu den urrats bakoitzarekin batera, komenigarria da adieraztea aztarna edo seinaleren bat badagoen, pertsona ikaste lan horretan laguntzeko.
Gaitasun jakin bat irakasterakoan iraunkor izatea funtsezkoa da, eta, horretarako, irakaskuntzan esku hartzen duten pertsona guztiek, zeregina azterketa berdinean oinarritzeaz gain, aztarna edo seinale berdinak erabili behar dituzte.