Frogatuta dago zahartzaroko bizi kalitatea, neurri handi batean, aurretik gozatu izan denaren mendekoa dela neurri handi batean. Gauzak horrela, osasungarriak ez diren bizi ohitura jakin batzuk areagotu egiten dute pertsonen zaurgarritasuna gaixotasunen aurrean. Adibidez, bizitza estilo osasungarriek, alegia, dieta osasungarria, ariketa fisiko pixka bat, erregulartasuna loan eta neurri bateko maiztasuna gizarte harremanetan integratzen dituzten bizitza estiloek joera dute zahartzaroan osasun egoera hobea bermatzeko. Aldiz, egoneko bizitza estilo batek obesitatea eta diabetesa edo kolesterol maila altuei uztartutako gaixotasun batzuk jasateko arriskua areagotzen du, adibidez bihotz hodietako gaixotasunak eta hipertentsioa.
Adineko ezinduek aukera gehiago dituzte gainerakoen aldean zenbait osasun arazo jasateko, baina arazo mota berdina izan ohi da:
- Arazo fisikoak ez dira adinekoek, orokorrean, jasaten dituztenetatik oso ezberdinak, nahiz eta maizago agertzen diren giharretako arazoak eta hezurretakoak (osteoporosia bereziki), arnasakoak eta erdiko belarrikoak.
- Buruko nahasmenduen artean, nabarmen ageri dira dementziak eta depresioa.
Aurrekoaren kaltetan izan gabe, azterlan batzuk erakusten dute berariazko sindrome batzuen kasuan osasun nahasmendu jakin batzuk nagusiago izaten direla. Xehetasunetan galtzeko asmorik eduki gabe, azpimarragarrienak hurrengo hauek dira:
- Down Sindromea badirudi zahartze goiztiarrarekin eta ezintasun intelektuala duen gainerako biztanleriak duena baino bizi itxaropen murritzagoarekin uztartzen dela. Adinak aurrera egin ahala, begi lausoak, ikusmen eta entzumen nahasmenduak, epilepsia eta Alzheimer erako dementzia areagotu egiten dira, nahiz eta, logikoki, biztanle multzo horretan gertatzen den eragin handiago hori ez den interpretatu behar Down Sindromea duten pertsona guztiei aplikatu beharreko arau bezala.
- X hauskorraren sindromea duten pertsonei, adin aurreratuetara iristen direnean, dezentetan mugitzen zaie balbula bat edo biak bihotzeko ezker aurikulara, normala ez den modu batean. Gihar eta hezurretako nahasmenduak, epilepsia gertaerak eta ikusmen urritasuna ere ohikoak dira. X hauskorraren sindromea duten emakumeen kasuan, halaber, ikusi da gainerako emakumeei baino lehenago hasten zaiela menopausia.
- Prader-Williren Sindromea duten pertsonek diabetes tasa altuak ageri ohi dituzte, eta baita maiz obesitate morbidoari uztartutako gaixotasun kardiobaskularrak ere.
- Paralisi Zerebralaren kasuan, gainerako biztanleengan baino bizi itxaropen laburragoa ikusten da. Arrazoia patologia honi uztartutako lehen mailako nahasmenduak (batez ere mugimendu gabeziak eta jarrera eta gihar tonuko arazoak, mugikortasunari eta hizketari eragiten dietenak) eta bigarren mailakoak dira (mugikortasun gastrointestinaleko arazoak, arnasa hartzeko arazoak, hezurren mineralizazio galerako arazoak –apurtzeak eta etzanda egotearen ondotiko ultzerak jasateko arriskua areagotuz–).
- Hartutako kalte zerebral larria duten biztanleen artean, bizi itxaropena murriztu egiten dela ikus daiteke, eta baita epe luzera Alzheimer erako dementzia bat garatzeko arriskua areagotzen dela ere.
Pertsonen osasunarengan zahartzearen eragina txikiagotzeko jarraibideak
- Noski, garrantzitsuena goiz topatu eta tratatzea da bizitza osoan zehar; horrela, zahartzerakoan ondorio negatiboak minimizatzeko aukera areagotuko da. Horregatik zaindu behar da osasuna bizitzako ziklo osoan zehar. Arretako jarraitutasun horrek aukera emango du berariazko gaixotasunen bilakaera edota ondorioak identifikatzeko eta esku-hartze terapeutiko egokienak planifikatzeko.
- Ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan, prebentzioa zaildu egin daiteke, izan ere, edo beren sintomak ez dituzte ongi azaltzen, edo jokabide gatazkatsuen bitartez adierazten dituzte. Horrelakoetan, gerta daiteke patologia ezkutaturik geratzea eta oso aurreraturik dagoen arte ez azaltzea, horrek dakarren sufrimenduarekin eta bizi kalitatearen narriadurarekin.
- Ondorioz, 45 urteetatik aurrera, komenigarria da osasun jarraipen zorrotza egitea eta horien bitartez zahartzearen lehenengo aztarnak antzematea gertatzen direnean. Horretarako, beharrezkoa da aldez aurretiko osasun egoera ezagutzea, eta baita pertsonak jasan dezakeen berariazko sindromean ezintasunaren ezaugarri diren sintomak eta seinaleak ere. Helburua agerpen berriko prozesuak –zahartzeari uztartu dakizkiokeenak– aldez aurretik existitzen diren patologietatik bereiztea da.
- Esparru horretan, funtsezkoa da jokabidean, emotibitatean eta komunikazioan igartzen diren aldaketen aurrean adi egotea. Gainera, arrazoitzeko gaitasunetan eta memorietan beherakadak gertatzen diren zaindu behar da. Halaber, garrantzitsua da ez ahaztea gaitasun batzuen narriadura jokabide nahasmenduei egotzi dakiekeela, baina, baita ere, bizitzako krisiek eragindako antsietatearen ondotik agertu daitezkeela, adibidez, senideak galtzeagatik edo bizitokia aldatzeagatik.
- Hori dela eta, gomendagarria izaten da egoeraren gaineko eta pertsonaren bilakaeraren gaineko ebaluazioak hainbat eremu funtzional hartzea eta diziplina anitzeko talde batek egitea. Talde horrek lankidetza estua edukiko du ezinduaren banakako arretaren plangintzan esku hartzen duen pertsona taldearen aldetik, eta gai izan behar dira osasunaren alorreko profesionalei jakinarazteko pertsonak ageri duen aztarna multzoa eta diagnostiko hobea egiten lagun dezaketen alderdiak.