Edukinera zuzenean joan

Zer dira estrategia erreaktiboak?

Jarduera egokietarako gomendio banku honetan jokabideari lotutako laguntza positiboko planak diseinatzeko gaian esaten da ingurunean eta bizi estiloan esku hartzera eta jokabide gatazkatsuentzako gaitasun alternatiboak irakastera zuzendutako estrategia sistematikoak behin eta berriro erabiltzea metodo eraginkorra dela horrelako jokabideen maiztasunean eta bizitasunean murriztapen bortitza lortu ahal izateko. Hala eta guztiz ere, murriztapen hori lortzen den arte, pertsonak jokabide gatazkatsuko uneak eduki ditzake. Horietan, beharrezkoa izango da laguntza ematen duten langileek berehala esku hartzea, horren bitartez pertsona bera nahiz bertan dauden beste batzuk arriskuan egongo diren egoerak saihesteko edo kalte material adierazgarriak eragin daitezkeen beste egoera batzuk galarazteko.

Egoera hauek gertatzen direnean horiei aurre nola egin jakitea da jokabide gatazkatsuak ageri dituzten pertsonei laguntzen lan egiten dugunon kezka nagusienetako bat: egoera hemen eta orain gertatzen da, beraz, epe ertain edo luzera horiek murriztea lortuko duten esku-hartzeak aplikatzearen kaltetan izan gabe, beharrezkoak ditugu, baita ere, egoera horiek eta horien ondorioak berehala kontrolatzen lagunduko gaituzten estrategiak.

Gidaliburu honek jokabide gatazkatsuentzako estrategia erreaktibo batzuk deskribatzen ditu, eta horiek lagungarri izan dakizkiguke azkar, segurtasunez eta eraginkortasunez kontrolatzeko kasuan kasuko jokabideak horiek gertatzen direnean. Estrategia horiek “Okerrera egin baino lehen, jokabide bati erantzuteko estrategia” eta “Jokabideari erantzuteko estrategiak pertsona bere onetik aterata dagoenean” ataletan azalduko dira, eta hertsapeneko hierarkia hurrenkeraren arabera aurkeztuko (hertsapen gutxienekotik hertsapen gehienekora). Proposatu den hurrenkera ez dago zertan zorrozki aplikatu, baina baliagarria da kontuan izateko beti ahalik eta hertsapen gutxieneko aukera aplikatu behar dela, eta, inoiz ez, zorrozki behar den denbora baino gehiagoan. Horiek kontsultatzerakoan, halaber, garrantzitsua da aintzat hartzea askotan erabilgarria izan daitekeela estrategia bat baino gehiago erabiltzea, jokabide gatazkatsua zein fasetatik igarotzen ari den.

Gidaliburu ixteko azken idatz zati bat dago, eta hura laguntza ematen duten langileen behar emozionalak estaltzera zuzendutako estrategia multzo bat ematean oinarritzen da. Halaber, norberak bere burua kontrolatzeko teknikak ematen dira, izan ere, oso erabilgarriak izan daitezke horrelako krisi egoerei maiz aurre egiteak eragin dezakeen estresari aurre egiteko.

Horrelako estrategiak eduki ahal izatea funtsezkoa da laguntza ematen duten profesionalen egoera emozionala zaintzeko, izan ere, egunero egoera zailei aurre egin behar izateak, neurri bateko erasokortasuna dutenak, emozio eta sentimendu negatiboak eragin ditzake eta horiek estres handikoak izan daitezke behar bezala bideratzen ez badira. Gure sentimenduei aurre egiten eta gure estresa bideratzen lagunduko diguten estrategiak aurreikusten ez baditugu, ziurrenik zigor erako neurriak hartuko ditugu oldarkor, jokabidea eten dezaketela uste dugulako, iraganean horiek egokiak izan ez badira ere. Horrela jarduteak, jarraibiderik gabe, hausnarketa gutxiko erreakzioek gidatuta, gure porrot sentimendua indartzen lagunduko du bakarrik, eta baita gure buruarengan dugun konfiantza maila murrizten ere.

Krisi egoerei aurre egitea ahalbidetuko diguten estrategiak edukitzeko beharraren kaltetan izan gabe, ez dugu ahaztu behar jokabideari lotutako laguntzako esku-hartzeen helburu nagusia pertsonaren bizi kalitatea hobetzea dela, eta baita epe luzera haren jokabide gatazkatsuak gainditzen laguntzea ere. Ikuspegi horretatik begiratuz gero, krisiaren aurrean erreakzio erako estrategiak tresna osagarri bihurtzen dira, eta horietara jo beharra geroz eta garrantzi gutxiagokoa izango da, jokabideari lotutako laguntza positiboko esku-hartzeek emaitzak lortzen doazen heinean, jokabide gatazkatsuak murrizteari eta gaitasun alternatiboak ikasteari dagokionez.

Hori dela eta, estrategia erreaktiboak azaldu baino lehen, interesgarria da jokabideari lotutako laguntza positiboaren ikuspegiaren oinarrizko alderdiak azpimarratzea estrategia hauei dagokienez. Halaber, interesgarria da esku- hartzearen faseak deskribatzea, krisiaren etapen arabera, eta baita komunikazioak betetzen duen papera agertzea ere esku-hartze prozesu osoan zehar.

 

Estrategia erreaktiboak aplikatzeko funtsezko oinarriak

  • 1. oinarria.- Jokabideari lotutako laguntza positiboa oinarritu egin behar da pertsonan oinarritutako balioetan. Balio horiek pertsona bakoitzaren duintasuna, lehentasunak eta helburuak errespetatu behar dituzte.
    • Jokabideari lotutako laguntza positiboa pertsonaren duintasunarekiko errespetuan oinarritutako balioetan oinarritzen den ikuspegi bat da, eta, bakarka eta pertsonalizatuta, aplikazioaren hartzaile den pertsonaren berariazko beharrei erantzuten saiatzen da.
    • Ezinduei abusuaren edo zabarkeriaren xede izango ez direla bermatzeko modu onena haiek estigmatizatuko ez dituzten estrategiak planteatzea da, ohiko inguruneetan adin berdinekoak diren eta ezintasunik ez duten pertsonei aplikatzen zaizkienen antzekoak hain zuzen. Aplikatzen diren estrategia erreaktiboak, beraz, jokabide gatazkatsuak ageri dituen eta krisi fasean dauden ezintasunik gabeko pertsonei aplika dakizkiekeenen antzekoak dira.
  • 2. oinarria.- Estrategia erreaktiboak erabiltzea aurrea hartzeko beste estrategiarik gabe ez da etikoa eta ezta onargarria ere.
    • Jokabideari lotutako laguntza positiboko planek hainbat estrategia bildu behar dituzte:
      • Batzuen helburuak ingurune aldaketak ezabatu edo sartzera zuzendutakoak izango dira, inguruneak beharretara hobeki egokitzen zaizkiela lortzeko eta, hartara, jokabide gatazkatsuak agertzeari aurrea hartzeko.
      • Beste batzuen helburua jokabide gatazkatsuentzako gaitasun alternatiboak irakastea izango da, horien bitartez aldaketa iraunkorrak eta epe luzerakoak lortzeko.
      • Zenbaitetan, gainera, beharrezkoa izango da estrategia erreaktiboak sartzea, jokabide gatazkatsuak bideratzeko horiek gertatzen diren unean bertan.
    • Estrategia erreaktiboek, erabiltzen direnean, izaera osagarria edukitzen dute: ezin da diseinatu jokabideari lotutako laguntza positiboko plan bat bertan estrategia erreaktiboak sartuta bakarrik. Aldiz, horiek beti ingurunean esku hartzeko estrategien eta gaitasun alternatiboak ikasteko estrategien osagarri izan behar dira. Kontrakoa, aldiz, gerta daiteke: jokabideari lotutako laguntzako plan bat diseina daiteke, eta bertan ingurunean esku hartzeko estrategiak eta gaitasun alternatiboak ikastekoak bakarrik sartzea, estrategia erreaktiborik aurreikusi gabe. Beste era batera esanda, estrategia erreaktiboak beharrezkotzat jotzen direnean bakarrik sartzen dira plan batean.
    • Estrategia erreaktiboak eta krisiak gidatzekoak larrialdi egoerei erantzuteko bakarrik erabiltzen dira, eta ez epe luzera jokabide gatazkatsuak murrizteko modu bat bezala. Ondorioz, pertsona baten kasuan horrelako estrategietara behin eta berriro jo beharra igartzen bada, horrek esan nahi izan dezake jokabideari lotutako laguntzako planaren beste osagai batzuk ez direla funtzionatzen ari eta, beraz, horiek berriro ebaluatu eta aldatu behar direla.
  • 3. oinarria.- Estrategia erreaktiboak ezinikusia eragiten ez dutenetakoak dira.
    • Estrategia erreaktiboek ez dute irakaste funtziorik planaren baitan. Larrialdiko prozedura bat dira, eta prozedura hori jokabide gatazkatsua ageri duen pertsonak berak nahiz hurbileko inguruneko beste persona batzuk kalteak jasaten dituztela saihesteko erabiltzen da, edo krisi egoeren bizitasuna murrizteko (erasoa, norberaren buruari egindako erasoa, jabetza hondatzea), laguntzako planaren baitan jokabide arriskutsuei aurrea hartzeak kale egin duenean.
    • Ezinikusia eragiten ez duten estrategiak dira, hau da, zigorraren erabilera gaitzesten dute, izan ere, osagai anitzeko jokabideari lotutako laguntzako plan baten esparruan eraginkorragoak dira hauek zigor estrategiak baino.
  • 4. oinarria.- Krisi egoerak bideratzeko modurik onena horien agerpenari aurrea hartzea da.
    • Aurrea hartzeak esan nahi du, funtsean, aldaketak ezabatu edo sartuko direla pertsona bizitzen den, lan egiten duen edo aisiako jarduerak burutzen dituen inguruneetan, modu horretara jokabide gatazkatsuak agertzeko aukera gutxiago eduki ditzan. Ideia nagusia hau da: jokabide gatazkatsua pertsonaren banakako ezaugarrien eta bere bizi ingurunearen ezaugarrien arteko elkarrekintzaren emaitza da. Jokabidearen ebaluazio funtzionalaren bitartez –serie honetako praktika onei buruzko gidaliburu baten berariazko gai–, faktore horiek identifikatuko ditugu, eta jokabideari lotutako laguntzako planak ezabatu edo aldatu behar diren gauzak, pertsonak, jarduerak edo tokiak adieraziko ditu.
    • Maila honetako prebentzioak, halaber, inguruneko aldaketak eskatzen ditu, horien bitartez arazoen eragina murrizteko jokabideak agertzea saihestea ezinezkoa denean. Adibidez, pertsonaren jokabidea gauzak botatzea bada, bere helmenaren barruan egongo den objektu kopurua murriztu dezakegu, edo eskura dauden objektuak material bigunago batean egindakoak direla ziurtatuko dugu, ahalik eta kalte gutxienak egon daitezen.
  • 5. oinarria.- Estrategia erreaktiboak ahalik eta hertsapen gutxienekoak izan behar dira.
    • Jokabideari lotutako laguntzako planek estrategia erreaktiboak hartu behar dituzte beren baitan, larritasun maila ezberdinak estaltzeko:
      • Pertsona batzuentzat, neurri horiek beste jarduera batzuetara bideratzea besterik ez dira izango edo jarraibide bidezko kontrolekoak krisia identifikatzeko fasean, hau da, jokabidea areagotzearen ondotik agertzen den krisiko fasean.
      • Beste kasu batzuetan, planak toki mugaketan oinarrituko dira.
      • Pertsonak berak, bere kideek edo langileek erasoren bat jasateko arriskua dutenean, beharrezkoa izan daiteke esku-hartze fisiko laburrak identifikatzea horiek saiheste aldera.
      • Identifikatzen diren jokabideak larriagoak direnean eta iraupen luzeagoa dutenean, beharrezkoa izan daiteke euspen fisikoko prozedurak erabiltzea.
    • Krisi egoera bat agertzen denean, beharrezkoa da lortu nahi den emaitza ekar diezaguketen estrategia guztiak hartu eta horietatik hertsapen gutxienekora jotzea.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.