Entzute aktiboak esan nahi du pertsona zuzenean adierazten ari dena ez ezik, esaten ari denaren atzean ageri diren sentimenduak, ideiak edo pentsamenduak ere harrapatu behar direla. Oso estrategia eraginkorra izan daiteke ahoz komunikatzeko gaitasun onak dituzten pertsonekin, nahiz eta zenbaitetan oso jokabide gatazkatsuak agertu mezu zehatzen bat jakinarazteko. Jokabide gatazkatsuaren hasierako faseetan entzute aktibora joz gero, pertsonari aukera emanez bere arazoari buruz hitz egiteko eta arazoa konpontzen saiatu gabe zer sentitzen duen ulertuz, larritasuna areagotzea saihestu ahalko da. Gogoratu entzute aktiboa, estrategia orokor bezala, ez dela egokia komunikatzeko inolako gaitasunik ez duten pertsonen kasuan.
Entzute aktiborako jarduera egokietarako gomendioak
Pertsona bat aktiboki entzuteko, komenigarria da hurrengo jarraibideak jarraitzea. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi egoera fisikoa kontrolpean edukitzeari utzi behar zaionik, jokabideak okerrera egin dezakeelako eta leherketaren fasera iritsi. Hona hemen jarraibideak:
- Eman erabateko arreta pertsonari une horretan. Ezinbestekoa da zure arreta pertsonari ematea. Horretarako:
- Bilatu gainerakoengandik bereizitako toki bat, distrakziorik gabekoa, bertan pertsonari arreta guztia eman ahal izateko.
- Ez saiatu aldi berean bi gauza egiten –adibidez, erregistro bat betetzen den bitartean entzutea edo bazkaria itxaroten ari den bitartean–, pertsonak jaramonik egiten ez zaiola uste izan dezakeelako.
- Begietara begiratzen diozula ziurtatu.
- Makurtu apur bat aurrerantz, eta egin baietz buruarekin aldian behin, esaten ari dena ulertzen duzula erakusteko.
- Ez mugitu etengabe zure eserlekuan, eta boligrafoekin edota paperen klipekin ez jolastu.
- Neutrala izan, ez epaitu. Izan daiteke pertsona oso asaldaturik egotea eta ahotsaren tonua altxatzea gertatu den zerbait esateko garaian. Esan dezake, adibidez, haserre dagoela dirua lapurtu diotela uste duelako, familiaren etxera ezin joan daitekeelako asteburuan edo zerbait gaizki egin duela badakielako (alkohola edan sendagileak debekatu duenean, lanera berandu iristea, eta abar). Horrelako egoeretan, saiatu zera egiten:
- EZ eman agindurik: “utzi garrasi egiteari oraintxe bertan!”
- EZ mehatxatu: “egiten baduzu, damutu egingo zara!”, “berriro horrela hitz egiten baduzu, gelatik irtengo zara!”.
- EZ bota erretorikarik: “badakizu berandu iritsiz gero zigortu egin zaitzaketela...”, “alkohola edaten baduzu, osasun arazoak edukiko dituzu, adibidez...”.
- EZ eman aholkurik edo ez proposatu konponbiderik: “egin behar duzuna zera da...”, “aipa ezazu tailerreko zure arduradunarekin”.
- EZ kritikatu, erruduntzat jo edo harekin ados ez zaudela esan: “beti gezur berdinak esaten dituzu”, “ez duzu behar bezala arrazoitzen”, “honetan ez duzu arrazoirik”.
- EZ galdetu zeintzuk diren modu jakin batean jarduteko arrazoiak, zergatik egiten edo esaten duen zerbait aztertu gabe: “Anaren zeloak dituzu”, “hori esaten ari zara ni izorratzeko”.
- EZ saiatu bestea hobeto sentiarazten, bere kezketatik distraitzen edo horiek ezabatu edota ukatzen: “bihar beste era batera ikusiko dituzu gauzak”, “ez kezkatu. Gauzak konpondu egingo dira”, “ahaztu eta joan telebista ikustera”.
- EZ saiatu arrazoiak, zergatiak, bilatzen, ezta arazoa konpontzen saiatzeko informazio gehiago biltzen saiatu ere: “eta... noiz hasi zinen horrela sentitzen?”, “nork eman dizu ideia hori?”.
- Pertsonaren sentimenduetan jarri arreta, eta ez bakarrik esaten edo egiten duen horretan.
- Pertsona batzuk beren arazoak deskribatzeko gai badira ere, beti ez zaizu erraza egingo gertatzen ari denarekiko nola sentitzen diren identifikatzea. Adi eta kontu handiz entzun beharko duzu pertsonaren benetako mezua, zure enpatia gaitasunari helduta.
- Sentimendu horiek justifikaturikoak direla uste zein ez, kontua da pertsonarentzat oso benetakoak direla, beraz, egon adi horien aurrean.
- Onartu hausnarketarako isiltasun denboraldi bat hartzea.
- Erantzun baino lehen, utzi denboraren bat esaten duenari buruz hausnartzeko. Maiz, bera izango da isiltasuna apurtuko duena informazio berria emanez edo beste hausnarketa batzuk eginez.
- Errepikapenak egin mezuak argi uzteko.
- Ulertu duzula uste duzunean, jakinarazi iezaiozu ulertu duzula. Hori egiteko modu bat pertsona esaten ari dena zure hitzekin berresatea litzateke. Esate baterako: “iseka egin dizute” edo “ez zaizu toki hau batere gustatzen”. Beste bat nola sentitzen den ulertzen duzula esatea da.
- Adibidea: Anak begiralearengana jotzen du, eta garrasika esaten dio alde egitera doala, ez duelako eguneko zentroan egon nahi, ezta taldeko etxebizitzan ere. Horren aurrean, begiraleak zera erantzuten dio: “haserre zaude zure familiarekin bizitzea gustatuko litzaizukeelako” edo “triste zaude ez zaizulako hemen egotea gustatzen”. Anak zera baieztatzen du: “bai, nire ahizparekin hitz egingo dut, etxebizitza honetatik atera nazan”.
- Aurreko adibidean, entzuten duenak ongi ulertzen du pertsonak jakinarazi nahi diona, eta bere mezu berdina errepikatuz ematen dio horren berri. Pertsonak berretsi egiten du honelako adierazpenen batekin: “hala da, ulertu egin didazu”. Beste batzuetan, izan liteke zuk behar bezala ulertu ez izana hark esandako zerbait. Zure interpretazioa eskainiz, argitzeko aukera eskaintzen ari zara eta, beharbada, xehetasun gehiago eskaintzeko bidea.
- Entzute aktiboa pertsonak lasaitzea lortzen duen arte aplikatu behar da.
- Estrategia honen abantailetako bat da, askotan, pertsona bera dela konponbide bat ematen duena.
- Entzute aktiboak jokabide gatazkatsuaren bizitasuna murrizten du, hura kontrolatzea posible den maila bateraino.
- Ondoren, beste estrategia batzuk aplika daitezke, adibidez erlaxatzea edo gatazkak konpontzea.
Entzute aktiboaren estrategia aplikatzerakoan, funtsezkoa da komunikazioaren papera oso aintzat hartzea. Funtsezkoa da bere modu guztietan, izan ere, erantzuna nolakoa den, indarkeriak gora egitea saihestuko dugu.
- Hitzezkoa ez den komunikazioa
- Erabiltzaileari laguntza emateko, hurrengoak bete beharko ditugu:
- Pertsonaren tokia errespetatzea; bestela, antsietate gehiago sortuko dugu.
- Gorputz hizkuntza erabiltzea (keinuak, kokalekua), hitzezko hizkuntzarekin bat datorrena. Bestela, nahasmendua eragiten da eta tentsioa areagotzen.
- Jarrera horri esker, tentsio maila murriztea lortuko dugu, pertsonak ez delako sentituko desafiatuta, ezta erronka jo izan baliote bezala. Jarrerari dagokionez, garrantzitsua da alde batera pixka bat mantentzeaz gogoratzea, inoiz ez aurrez aurre. Izan ere, horrela egonez gero, pertsonak ez du liskarra sentituko eta profesionalak babes eta segurtasun handiagoa edukiko ditu. Azken batean, ustezko eraso baten aurrean gorputzak edukiko duen hurbiltasuna txikiagoa izango da.
- Para-hitzezko komunikazioa.
- “Esaten dena nola esaten den” ideiari heltzen dio. Helburua mezua hartzailearengana iristea da, argi eta zehatz. Egokia izan dadin:
- ahots tonu suabea erabili behar dugu.
- ahotsaren bolumena kontrolatu behar dugu, behar baino altuagoa dela eta antsietatea areagotzea ekartzen duela saihestuz.
- hitz egitean darabilgun kadentzia zaindu behar dugu (erritmoa eta abiadura), izan ere, pertsonak mezua ulertzea da interesatzen zaiguna.
- Hitzezko komunikazioa
- Krisi egoeraren hitzezko fasean –defentsakoa–, pertsonak duen antsietate egoerarekin hasten den ziklo bat gertatzen da beti. Ondorioz, komunikazioa eraldatuta egongo da eta komenigarria da jakitea nola iritsiko garen lasaitasuna berreskuratzera, krisi egoera erasora iristen dela galaraziz.
