Adierazi da jada jokabide gatazkatsua ezabatu edo murrizteko modu bat, epe luzera, pertsonari portaera egokiagoak irakastea dela, horien bitartez jokabide gatazkatsuak ageri dituenean lortu nahi dituen helburuak lor ditzan.
Pertsonak jokabide gatazkatsua ageri ohi duen egoera une on bat da irakatsi zaizkion jokabide alternatiboak lantzeko: norberak bera burua kontrolatzea, komunikazioa, gizarte gaitasunak edo autonomia pertsonalekoak, eta abar.
- Adibidea
- Ainhoak ikasi du bazkaldu eta gero jangelatik azkar irteteko modu bat platera botatzea dela. Erabilgarria izan daiteke langileei jangelatik irteteko nahia erakusteko modu egokiago bat irakastea. Musuzapia plateraren gainean jartzea edo platerak harraskara eramatea jokabide onargarriak izan daitezke platera botatzearena ordezkatzeko.
Lehen deskribatu diren estrategientzat bezala, ez itxaron pertsonak jokabide desegokia agertu arte zuk jarduteko; komenigarria da une horiei aurrea hartzea, lehenengo arrastoa antzematen den bezain laster.
- Adibidea
- Xabierrek garrasi egiten du langileek bere gustuko musika jar diezaioten lortzeko, eta bere komunikazio taulan musikaren sinboloa seinalatzea irakasten ari zaio.
- Toki batetik bestera azkar ibiltzen hasten denean –hori egin ohi du musika gailua dagoen aretoan sartzen denean–, bere komunikazio taulara joateko gonbitea luza dakioke, eta han kasuan kasuko sinboloa erakuts dezala. Horrela, langileek bere CD gustukoena jartzen lagundu ahal izango diote.
- Gogora ezazu pertsonak benetan jokabide alternatiboa ikasteko (platera harraskara eramatea, musikaren sinboloa erakustea), beharrezkoa dela orain arte jokabide gatazkatsuarekin lortutako edo saihestutako gauza berdinak lortu edo saihestea (jangelatik irtetea, musika entzutea).