Adibide honek Down-en sindromea duen 25 urteko pertsona batentzat garatu zen ebaluazio funtzionala deskribatzen du. Hori burutu zenean, Jon eguneko zentro batera joaten zen astelehenetik ostiralera eta bere amarekin bizi zen familiaren etxebizitzan. Bere bi begirale eta bere ama kezkatuta zeuden jokabide agresiboak zituelako, beraz, jokabide problematikoen ebaluazio funtzionala egiteko erabakia hartu zen, aurreko kapituluetan zehar deskribatutako urratsak jarraituz.
1. Fasea. Jokabide problematikoen identifikazioa
- Jonen eguneko zentroaren arduradunak bertan lan egiten zuten begiraleekin zenbait elkarrizketa izan zituen aztertu beharreko jokabide problematikoak identifikatze aldera. Zenbait jokabide agresibo identifikatu ziren: harramazkatzea, jotzea, bere adiskideei ukabilkadak eta ostikadak ematea... Elkarrizketetan lortutako informazioaren arabera, Jonek jokabide horiek edukitzen zituen jardueren arteko trantsizioan zehar edo taldeko jarduerak egiten zituen bitartean. Halaber, antzeman zen askotan Jonek ukabilkadak ematen zizkiola objektuei jarduera bat amaitzen zuenean edo zentrotik etxera joan edo etortzerakoan.
- Autobus zerbitzuko laguntza lan taldeko kideekin elkarrizketak izan zituen eta esan ziotenaren arabera, Jonek adiskideak jo eta harramazkatzen zituen edo paretaren kontra ukabilkadak ematen zituen haren jokabideari buruzko ohar negatibo bat zeraman bakoitzean. Ohar horiek batzuetan begiraleek idazten zituzten bere amari zuzenduta eta, beste batzuetan, amak idazten zituen begiraleei zuzenduta (etxebizitza eta eguneko zentroa bere jokabideari buruzko oharren eta bere jardueren balorazio orokorraren bitartez komunikatzen ziren).
- Jonen amarekin telefono bidez izandako elkarrizketa batean, ebaluazioaren arduradunak jakin zuen Jonek ez zituela ateak kolpatzen eguneko zentroan bakarrik, beste komunitate zentro edo zerbitzuetan sartu edo irteterakoan ere egiten baitzuen. Horrez gain, etxean zenbait objektu kolpatzen zituen haserre zegoenean edo frustrazioa sentitzen zuenean. Halaber, adierazi zuen berak ez zuela inoiz ikusi beste pertsonen aurkako erasorik, ez etxean, ez beste inon.
- Zentroko arduradunak ondorioztatu zuen Jon gaixorik zegoenean, bereziki, otitisa zeukanean, beste pertsonen aurkako jokabide agresiboak areagotzen zirela; horiek harramazkatzea, jotzea edo ukabilkadak edo ostikadak ematea barne hartzen zuten.
- Bide batez, egoera beste jokabide problematiko baten jarraipena egiteko aprobetxatu zen. Jokabide hori hitz itsusiak esatean eta keinu lizunak egitean zetzan. Jokabide hori aldez aurretik antzeman zen baina esku hartzerik ez bideratzea erabaki zen honako hipotesi honetan oinarrituta: Jonek jokabide hori erabiltzen zuen helduen arreta bereganatzeko. Jarraipen bileran, ondorioztatu zen jokabide horiek modu nabarmenean gutxitu zirela eta kezkagarriak ez zirela.
2. Fasea: Jokabide problematikoen arteko lehentasun mailak
- Ebaluazio funtzionalean esku hartzen duten ekipoko kide guztiek –Jonen amak, begiraleek, autobuseko laguntza lan taldeak- adierazi zuten ebaluaziorako eta esku hartzerako lehentasunezkotzat jotzen zituzten jokabideak hauek zirela: beste pertsonak harramazkatzea eta jotzea. Hala, jokabide horiek etxean gertatzen ez baziren ere, eguneko zentroan gertatzen ziren jokabide larrienak ziren; izan ere, askotan adiskideei zauriak eta lesioak eragiten zizkion eta, ondorioz, amak eta zentroko langileek, Jon adiskideei erasotzen jarraituz gero, lagunik gabe geratzearen beldur ziren. Jonek jokabide hori edukitzen zuen zenbait bider egunean zehar: lehenengo harramazkatzen zuen eta gero jotzen zuen; oso jarraian gertatzen ziren ekintzak zirenez, elkarrekin aintzat hartu dira, jokabide bakarra bezala.
- Analisirako bigarren lehentasuna objektuei kolpeak ematean datzan jokabidea izan zen. Dena den, ebaluazio funtzionalak lehentasunezko jokabiderako –jotzea eta harramazkatzea- esku hartzeko plana garatu arte itxaron zezakeela erabaki zen. Bitartean, horren erregistroa egingo zen eta maiztasunak edo intentsitateak okerrera egiten zuela antzemanez gero, prozesua aurreratuko zen eta jokabide horren ebaluazio funtzionalari hasiera emango zitzaion.
- Lehentasun gutxien zuten jokabideak hitz itsusiak eta keinu lizunak egitea barne hartzen zutenak ziren; izan ere, modu nabarmenean gutxitu ziren hasiera batean antzeman zirenetik, beraz, ebaluazio funtzional formala egitea ez zen beharrezkotzat jo.
- Modu berean, ondorioztatu zen une horretan ez zela beharrezkoa adiskideei ukabilkadak eta ostikadak ematean zeutzan jokabideei buruzko informazioa gehiago biltzea, ez baitziren ohikoak eta intentsitate baxukoak baitziren.
3. Fasea. Jokabide problematikoen definizio operatiboa
- Hortaz, ebaluazio funtzionala Jonen bi jokabide agresiboetan oinarritu zen: harramazkatzean zetzan jokabidea honela definitu zen “azazkalekin adiskideak besoetan harramazkatzea” eta jotzean zetzan jokabidea honela “adiskideak jotzea eskua irekita”.
4. Fasea. Hipotesiak egitea
Jonen jokabide problematikoen (adiskideak jotzea eta harramazkatzea) funtzioei buruzko hipotesiak egiteko, begiraleek egituratutako elkarrizketak eta behaketa sistematikoak gauzatu zituzten (bai scatter plots izenekoak, bai A-B-C analisiak).
- Egituratutako elkarrizketak. Egituratutako elkarrizketen bidez, honako informazio hau lortu zen:
- Jokabideak maizago gertatzen ziren Jon talde handietan zegoenean (hau da, 8 adiskide edo gehiago barne hartzen zituzten jarduerak egin bitartean), talde txikietan zegoenean baino.
- Jokabideak testuinguru jakin batzuetan maizago gertatu ohi ziren: jardueren arteko trantsizio uneak, bazkaldu ostean daukaten aisialdirako tartean, goizeko bileretan eta berak nahi zuen zerbait ukatzen zitzaionean.
- Normalean, jokabideak ez ziren gertatzen tailerreko jardueretan zehar begiraleekin eserita zegoen bitartean, sukaldeko jardueran parte hartzen zuenean eta komunitatearen inguruan garatutako zenbait jardueretan zehar (erosketak, liburutegia...).
- Errieta egiten zitzaionean jokabideak gertatzeko aukera gehiago zeuden, bai eta eguneroko ohikerian aldaketaren bat egoten zenen ere.
- Jarduera zailei (hala nola, goizeko bilerak) edo desiragarriak ez zirenei (piezak muntatzea, ordenagailua, besteak beste) aurre egin behar zienean gertatzeko aukera gehiago zeuden.
- Elkarrizketatutako pertsonek uste zuten Jonek beste pertsonak harramazkatzen zituela arreta lortzeko, beste pertsona batzuk egiten zituzten ekintzak gelditzeko (adibidez, fisikoki gidatzen zutenean edo ukitzen zutenean) eta zenbait jarduera bukatu behar zituenean protesta egiteko. Halaber, uste zuten jotzean zetzan jokabidearen bitartez inguruan edo testuinguruan zeuden langileen arreta lortzen zuela.
- Ematen zuen jokabideen helburua ez zela objektu zehatzak lortzea.
- Ez zen horrelakorik gertatzen Jon bakarrik zegoenean, beraz, xedea ez zen estimulazioa lortzea.
- Horrez gain, adierazi zuten Jonek ahoz komunikatzeko gaitasuna zuen arren, bere esaldiak 2 edo 3 hitzekoak izaten zirela eta gainontzekoek ez zutela beti ulertzen. Elkarrizketatutako pertsonek azaldu zuten, noizean behin, ematen zuela Jonek ez zuela bere frustrazioak modu egokian adierazteko hitzik topatzen.
- Behaketa sistematikoak
- Esku hartze plana garatu baino lehen, informazioa osatzea eta elkarrizketen testuinguruan aztertutako jokabideen funtzio posibleen gainean lortutako zenbait ondorio egiaztatzea beharrezkotzat jo zen. Horretarako, behaketa sistematikoak egitea erabaki zen, scatter plot izenekoaren bitartez eta A-B-C analisi baten bitartez.
- Scatter plot. Begiraleek scatter plot izenekoa burutu zuten 5 egun jarraituetan zehar, jotzean eta harramazkatzean zeutzan jokabideak behatze aldera. Horretarako, erregistro fitxa bat erabili zuten. Bertan, jokabide hori zenbait bider gertatzen zen adierazi behar zuten 30 minutuko denbora tarteetan.
-
- A-B-C analisia. Scatter plot izenekoaren emaitzak berraztertu eta gero, antzeman zen eguneko zein ordutan gertatzen ziren jokabideak maizago, hau da, 13:30ak eta 14:30ak bitartean, A-B-C analisi bat burutzeko. Behean ikusi daitekeen erregistro fitxa erabiliz, informazioa jaso zen 3 egunetan zehar:
- Hipotesien garapena
- Egituratutako elkarrizketen eta behaketa sistematikoen bitartez jasotako informazioan eta datuetan oinarrituta, taldeak Jonen jokabideen inguruko hipotesiak egin zituen. Hauexek dira egindako hipotesiak:
- Jonek, ukitzen dutenean, adiskideak harramazkatzen ditu kontaktu fisikoa saihesteko jarduera batetik beste batera pasatzerakoan edo testuinguru batetik beste batera pasatzerakoan.
- Jonek adiskideak jotzen ditu horrenbeste ez gerturatzeko eta bere inguruan espazio gehiago uzteko esateko modurik topatzen ez duenean.
- Jonek adiskideak harramazkatu eta jotzen ditu autobusean, bai etxera doanean, bai etxetik datorrenean, bere jokabideari buruzko balorazio negatiboa daramala uste duenean.
- Jonek adiskideak jo eta harramazkatzen ditu begiralearen arreta bereganatzeko.
- Jonek adiskideak jo eta harramazkatzen ditu, zailtzat jotzen dituen (goizeko bilerak) edo bere gustukoak ez diren (tailerreko eginkizun okupazionalak edo jarduerak ordenagailuarekin) jardueretatik ihes egiteko, nahiz eta denbora motzez izan.