Edukinera zuzenean joan

Ebaluazio funtzionalaren faseak

Behaketa sistematikoak

Hainbat kasutan, egituratutako elkarrizketen bitartez jasotako informazioa osatu egin beharko da. Hala, elkarrizketen bidez jakin daiteke jokabide problematiko zehatz bat bereziki ohikoa dela jarduera jakin bat egin bitartean baina beharbada, informazio horri esker, ezin da jakin zergatik gertatzen den testuinguru horretan. Kasu horietan, jarduera horretan zehar zuzeneko behaketa egitea hipotesia egiteko lagungarria izan daiteke. Bestalde, behaketa zuzena erabilgarria izan daiteke elkarrizketen bidez lortutako informazioan oinarrituta ateratako ondorioak egiaztatzeko. Gogoan eduki: zenbait eta informazio gehiago, orduan eta zehatzagoa izango da hipotesia.

Oinarrizko bi metodo daude behaketa sistematiko zuzena egiteko: lehenengoa, “scatter plots” izenekoak erabiltzean datza; bigarrenak A-B-C analisia erabiltzen du.

Datuak jasotzea, scatter-plot zein A-B-C analisiaren bitartez, hainbat behatzaileen esku utzi daiteke (hezitzaileak, begiraleak, gurasoak edo zeharkako arretako funtzioetan esku hartzen duten beste pertsonak).

Bi metodoak aldi berean erabili daitezke; izan ere, scatter-plot izenekoarekin lortutako emaitzak lagungarriak izan daitezke A-B-C analisi bat noiz gauzatu behar den erabakitzeko.

Horrela, adibidez scatter plot baten bitartez ondorioztatzen bada jokabidea normalean goizeko 9:00etatik 10:30ak bitartean gertatzen dela eta une horretan eragina duten faktore bereizgarriak identifikatzeko gai ez bazara, informazioa zabaldu dezakezu denbora tarte zehatz horretan A-B-C analisi bat eginez.

 

SCATTER-PLOT metodoa

  • Datuak biltzeko modu horri esker gertaera ereduak lortu daitezke. Eredu horiek eguneko momentu edo ordu desberdinei lotuta daude. Adibidez, jokabidea maizago gertatzen da 13:00etatik aurrera? Ez da inoiz eguerdia baino lehen gertatzen?.
  • Metodo hori aplikatzeko egin behar den lehenengo gauza hauxe da: behaketaren datuak apuntatzeko txantiloia diseinatzea. Horretarako bi atal desberdin izango dituen taula bat osatuko dugu:
    • 1. Atala. Identifikazio datuak:
      • Pertsonaren izena
      • Behatzailearen izena
      • Hasiera data
      • Amaiera data
      • Behatutako jokabideak (1. Jokabidea, 2. Jokabidea, 3. Jokabidea, 4. Jokabidea, etab.)
    • 2. Atala. Behaketa datuak
      • Atal honetan bi ardatz sortuko ditugu. Ardatz horizontalak asteko egunak erakusten ditu eta ardatz bertikalak eguneko orduak. Eguna 30 minutuko tarteetan banatu daiteke edo tarte handiagoak edo txikiagoak erabili daitezke, behaketarako erabilgarriena denaren arabera. Adibidez, pertsona bat zu behatzen ari zaren jardueran bakarrik ordu bat egoten bada erabilgarria izan daiteke behaketa tartea 15 minutura murriztea.
  • Metodo hau aplikatzen den bakoitzean erabaki beharko da, jokabide problematikoak gertatzen direnean, txantiloiaren laukietan oharrak nola hartu behar diren. Oro har, jokabide problematikoen erregistroa hiru marka motaren bidez egiten da: laukia hutsik uztea; laukian zehar diagonal bat egitea; laukia guztiz koloreztatzea. Marka horietako bakoitzak esanahi desberdinak ditu behatzailearentzat: orokorrean, laukia zuri uzteak esan nahi du tarte horretan ez dela behaketak  hizpide duen jokabidea gertatu; laukia diagonal batekin markatzeak jokabidea erdiko kopuruen barruan gertatu dela adierazten du; laukia guztiz koloreztatzeak, berriz, jokabidea askotan gertatu dela esan nahi du. Behatutako jokabide bakoitzaren kasuan, zuk zehaztuko duzu zer den erdiko kopuruen barruan egotea eta zer den oso maiz gertatzea. Adibidez, behaketa jakin batean, aukeratu dezakezu diagonalean egindako marra batek esan nahi duela jokabidea gehienez ere bost aldiz gertatu dela eta guztiz koloreztatua dagoen laukiak, berriz, jokabidea, behaketak iraun duen bitartean, bost bider baino gehiagotan gertatu dela adierazten duela.
  • Metodo horren bitartez, zenbait eguneko datuak biltzen direnean, jokabide problematikoaren gertatze edo ez gertatze orduei lotutako ereduak antzeman ahalko dira. Jokabidea beti eguneko ordu zehatzetan gertatzen dela egiaztatzen bada, denbora tarte horiek arretaz aztertzea komenigarria da, jokabidean eragina eduki dezaketen faktore bereizgarriak identifikatze aldera. Modu berean, gertatzen ez den orduak aztertzea ere komeni da, tarte horiek komunean duten  faktoreak ikusteko.

 

  • Jarraian scatter plots izenekoetan jasotako datuak aztertzeko lagungarriak izan daitezkeen zenbait galdera jaso dira. Horrez gain, jokabide problematikoaren funtzio edo funtzioei buruzko hipotesiak egiten lagundu dezakete ere:
    • Pertsonaren jokabide problematikoa azaltzen den denbora tartean, zailtzat jotzen duen lanen bat egin behar du? Zer jardueratan parte hartzen ari da? Jarduera horietan akats tasa altua dauka?
    • Parte hartzen ari den jarduera horiek, bere gustukoak dira? Asko gustatzen zaion jarduera bat bukatu berri du eta une hori gutxiago gustatzen zaizkion jarduerak egiteko erabili behar izan du?
    • Jarduera horietan gogoko ez dituen adiskideak parte hartzen ari dira?
    • Gogoko ez dituen pertsonak ari dira irakasten edo gainbegiratzen?
    • Posible da atsedena behar izatea nahikoa denbora jarraian egon delako lanean?
    • Pertsona haserre egon daiteke?
    • Eguneko une horretan zer tokitan dago? Toki hori atsegina eta erosoa da (tenperatura, argia, zaratari dagokienez)?
    • Jarduera desberdinen artean hautatzeko aukera eman zaio?
    • Berarentzat balio funtzionalen bat, hau da, erabilera praktikoren bat duen jarduera bat egiten ari da?
    • Behaketak irauten duen bitartean gertatzen diren jokabide egokiei dagokienez arreta motaren bat jasotzen ari da?
    • Pertsona asko daude aldi berean gela berean? Jende multzo txikiagoak nahiago ditu?
    • Pertsona bakarrik dago une horretan?
    • Apur bat itxaroteko eskatu zaio jarduera jakin bat hasi baino lehen, pertsona jakin batekin edo baino lehen edo gauza jakin bat eman baino lehen?
    • Denbora tarte horretan zehar, objekturen bat berariaz arbuiatu du edo jarduera jakin bat egiteari uko egin dio?

 

A-B-C analisia

  • A-B-C analisi bat (aurrekaria-jokabidea-ondorioa) pasadizozko izaera duen erregistroa da, jokabidea gertatu baino lehenago eta gertatu eta segituan jazotakoa erregistratzen duena.
  • Bi ataletan banatutako taula bat diseinatuko dugu:
    • 1. Atala. Identifikazio datuak:
      • Pertsona
      • Behaketaren data
      • Behatzailea
    •  2. Atala. Atal hau hiru zutabeetan banatuko dugu:
      • Ezkerreko zutabean, “aurrekariak” izena daukan horretan, langileek edo ezintasunen bat duen pertsonaren adiskideek jokabide problematikoa gertatu baino lehen esan diotena edo egin diotena idatzi behar da. Horrez gain, jokabidearen aurretiko testuingurua osatzen duten ingumeneko inguruabarrak deskribatzea beharrezkoa da.
      • Erdiko zutabean, “jokabidea” izena daukan horretan, idatzi behar da, termino eraginkorretan, jokabide problematikoa zertan datzan, hau da, ezintasunen bat duen pertsonak esan edo egin duen edozein gauza.
      • Azkenik, eskuineko zutabean, “ondorioak” izena daukan horretan, langileek edo ezintasunen bat duen pertsonaren adiskideek jokabide problematikoa gertatu eta berehala esan diotena edo egin diotena idatzi behar da.

  • Behaketa egun bakoitzerako erregistro orrialde desberdina erabiltzea komenigarria da.
  • Gogoetak modu ez nabarmenean erregistratzen saia zaitez. Halaber, saia zaitez ezintasunen bat duen pertsonarentzat ulertzen zaila den modu batean egiten. Horrela, uneren baten erregistroa ikusten badu, ez du bere erantzuna edo jokabidea aldatuko erregistratutako datuen arabera.
  • Saia zaitez jokabideari buruzko interpretaziorik edo iritzirik ez ematen: behaketan zehar, soilik ikus daitezkeen gertakariak erregistratzen dira, ez dira gertakari horiek interpretatzen.
  • Datuak zenbait egunetan zehar jaso behar dira, jarraian ez bada ere. Modu horretan, jokabidearen aurretiko eta ondorengo gertakariei dagokienez ereduak antzeman ahalko dira. Hala, adibidez, jokabide problematikoaren aurrekariak berraztertzerakoan beharbada ohartuko zara jokabidea beti jarduera mota jakin baten ostean gertatzen dela. Modu berean, ondorioak berraztertzerakoan, saiatu behar zara ikusten ea langileen edo ezintasunean bat duen pertsonaren adiskideen eskutik erantzuteko ohiko eredu bat ote dagoen. Adibidez, jokabide hori daukanean edo eduki eta berehala,  inguruko norbaitek modu sistematikoan arreta (positiboa edo negatiboa) eskaintzen diola ikusi duzu? Kontuan hartu emandako arreta oso desberdina izan daitekeela eta langileen eskutik (norbait kontsolatzen saiatu daiteke, norbaitek errieta egin ahal dio, langileak errazagoa den jarduera batean parte hartu dezan edo gustatzen zaion jarduera bat egin dezan erabaki dezake), bai eta adiskideen eskutik ere etorri daitekeela. Jasotako datuen analisiak jokabidearen funtzioaren gaineko hipotesiak egiten lagundu dezake.
  • A-B-C analisiek zorroztasuna behar dute euren aplikazioan, bai behaketan, bai erregistroak egiterakoan. Praktikan, maiz, mota ezberdineko akatsak gertatzen dira, horiek behaketaren baliozkotasuna hutsaltzen dute eta, ondorioz, fidagarritasuna galtzen dute eta datuak interpretatzen ituena ondorio akasdunetara eraman dezakete:
    • ohikoa da, adibidez, behaketa erregistratzerakoan jokabidearen aurrekaria edo atzekaria nahastea, nahiz eta jokabidea aldez aurretik ondo definitu;
    • horrez gain, noizean behin erregistroak oso zehaztugabeak izaten dira eta orokortzeko joera daukate: hala nola, jokabidearen testuingurua deskribatzerakoan, batzuetan behaketa eta erregistroa egiten ari den pertsonak bakarrik idazten du “betikoak” bertan zeudela, pertsona horiek nortzuk diren zehaztu gabe, egon ohi den norbait falta ote zen idatzi gabe eta normalean ez dagoen norbait bertan zegoen aipatu gabe.

 

Autoebaluazioa egiteko fitxa

Une honetan, ezintasunen bat duen pertsonaren bizitzan adierazgarriak diren pertsonen eskutik jasotako informazioa bildu eta erregistratuko zenuen eta, posible izan bada, ebaluatu nahi den jokabidea daukan ezinduak berak emandako informazioa ere. Informazio hori jokabide problematikoak duen funtzioaren gaineko hipotesiak egiteko erabiliko zenuen eta, hori egiteko nahikoak ez baziren, behaketa sistematikoak egingo zenituen, scatter plot izenekoaren bitartez eta/edo A-B-C analisiaren bidez. Hori guztia, hipotesiak egiteko lagungarria den informazio osagarria lortzeko edo behaketa egin aurretik egindako hipotesiak egiaztatzeko. Hipotesiak egiteko unea datuek ematen dizuten segurtasun mailaren araberakoa da: elkarrizketen bidez lortutako datuak nahikoak badira, formulazio hori egin ahalko da; nahikoak direla ematen badu baina egiaztatu nahi badira edo nahikoak ez direla uste bada, behaketa sistematikoa erabiliko da, bai hasierako hipotesia egiaztatze aldera, bai hipotesi bat egite aldera. Behaketa sistematikoko fase bat burutu arren, oraindik ere eskuragarri dauden datuek hipotesiak segurtasunez emateko aukera ematen ez badute, jokabide horren analisi funtzional sistematikoa aurrera eraman beharko litzateke.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.