Edukinera zuzenean joan

Laguntza harremanaren izaera

Egoitza zerbitzuetako profesionalen eta bertan bizi diren ezinduen artean sortzen den laguntza harremana, beste edozein harreman bezala, positiboa, hurbila, bizia edo behar bezalakoa izan daiteke edo ez. Diren modukoak direla ere, harreman horiek existitzen dira eta beti egokiak direla bermatzeko zenbait jarraibide ezartzea komeni da.

 

  • Laguntza harremanaren izaera
    • Pertsonen arteko harreman guztietan erantzukizunak eta konpromisoak daude, baita egoitza zerbitzuan lan egiten dutenen pertsonen eta zerbitzu horietan bizi diren ezinduen artean sortzen diren laguntza harremanetan ere.
    • Dena den, egoitzen eremuan sortzen diren harremanek zenbait xehetasun dituzte:
      • Harremanak profesionalei esleitutako zereginen berezko zati bat izateak mugatu egiten ditu. Hala, laneko edozein harremanetan, langilearen ardura haren funtzioa, eskuragarri dituen bitartekoak erabiliz, ahalik eta ondoen burutzea da. Baina lana beste pertsona bati laguntza ematean datzan kasuetan, profesionalen erantzukizuna harago doa, hau da, euren funtzioak modu egokian burutzea baldintzatuta dago, alde batetik, ezintasunen bat duen pertsonak jasotzen duen laguntzaren kalitateagatik eta laguntza jasotzeko moduagatik eta, bestetik, sortzen den harremanaren kalitateagatik.
      • Laguntza harremanean botere harremana ere badago eta botere hori erabiltzeak egoitza arretan esku hartzen duten profesionalentzat zenbait erantzukizun dakar berarekin. Hori gogoan eduki behar da laguntza funtzioa garatzerakoan; halaber, zerbitzuak artatutako pertsonen  bizitzetan izan dezakeen eragina eta kontrolaz jabetu beharra dago. Egoera horretaz jabetzen laguntzeko, pertsonan oinarritutako plangintzaren azpian dagoen filosofiak harremanaren oreka lehengoratu nahi du, pertsonari haren eguneroko bizitzaren plangintzan parte hartzeko eta plangintza hori bere bizitza proiektuaren inguruan egituratzeko aukera emanez, hau da, dituen beharrak aintzat hartzeaz gain, haren gaitasunak, lehentasunak, nahiak eta helburuak ere kontuan hartuz. Gogoan eduki behar da laguntza profesionalean oinarritutako harremana honako hau lortzera zuzenduta dagoela:
        • Arreta jasotzen duen pertsona ahalduntzea.
        • Laguntza ematea, bai emozioei dagokienez, bai bizitza praktikoari dagokionez.
        • Jakintza iturri bat eta ikaskuntza eredu bat izatea.
        • Esperientzia adierazgarria eta ona osatzea.
      • Laguntza harremanetan ez da beti erraza harremanaren testuingurua zehaztea eta profesionala eta pertsonala bereiztea. Hala ere, honako orientabide hauek erreferentzia gisa erabili daitezke:
        • Harremana modu egokian egituratzeko eta oreka mantentzeko funtsezko elementu bat hauxe da: sekula ez ahaztea egoitza eremuan laguntza ematerakoan, profesionalen eginkizuna laguntza horiek jasotzen dituzten pertsonen bizitokian burutzen dela, hau da, batzuen lantokia beste batzuen bizitokia da.
        • Arreta jasotzen duen pertsonarekin sortzen den harremanean bere duintasuna guztiz errespetatuz jardun behar da.
        • Profesionalen eta erabiltzaileen arteko harremanak naturalak dira eta laguntza emateari atxikita daude. Harreman horiek oso biziak eta oso positiboak izan daitezke baina osagarri negatiboak ere izan ditzakete; hortaz, zenbait kasutan harremanak aztertzea komeni da eta, hala badagokio, berriro bideratu behar dira une oro laguntzen kalitate ona bermatu dezaten.
        • Harremana profesionala izan behar da eta profesionalen erantzukizuna da hala izan dadila bermatzea.
        • Profesionalek, laguntzaren arloko profesional gisa duten eginkizunaren barruan, euren emozioak modu egokian kudeatzen ikasi behar dute.

 

  • Laguntza harremanaren kalitatea
    • Pertsona guztiek euren burua ezagutzen eta euren buruarenganako  poztasun zein konfiantza sentimenduak garatzen ikasten dute  gainontzekoek haiei buruz transmititzen duten ikuspegiaren bitartez. Egoitza zerbitzuetako profesionalek hori gogoan eduki behar dute eta jakin behar dute euren jarreraren arabera, arreta jasotzen duten pertsonak irainduta, baztertuta, laidotuta edo mespretxatuak sentitu daitezkeela, bai eta alderantziz ere, hau da, pozik, maitatuak, inplikatuak eta errespetatuak.
    • Egia da egoitzan arreta eskaintzen dieten profesionalekin dituzten harremanak ezintasunen bat duten hainbat pertsonek dituzten pertsonen arteko harremanen funtsezko zatia dela, beraz, neurri handi batean,  euren buruarekin gustura sentitzea langile horien esku dago. Gaitasuna ematea eta irakastea profesionalen lanaren barruan dauden jarduerak dira; horiei esker, pertsonak bere buruaren gaineko irudi positiboa  eratzen doaz. Euren nortasunari edo izaerari buruzko iritziak emateak, maiz kritikatzeak, etiketak jartzeak edo bertan egongo ez balira bezala jarduteak, berriz, ez die laguntzen euren autoestimua hobetzen.

 

  • Malgutasuna eta gozamena laguntza harremanean
    • Pertsonei arreta emateko zerbitzuetan, gizakien eta harremanen inguruko alderdiak duen protagonismoa dela eta, kontuak ez dira beti ateratzen hasiera batean aurreikusi bezala eta komenigarria da profesionalen funtzioak eta zereginak ezusteko horiei moldatzen eta egokitzen jakitea.
    • Eguneroko ohikeria jarraibide orokorren inguruan egituratua dagoen arren, posible eta beharrezkoa da berezkotasunarentzako eta gozamenarentzako nolabaiteko esparrua uztea. Ohikeria apurtzeko aukera eman behar da, bai eta, beharrak eta egoiliarrak zerbitzuaren ezaugarrietara eta funtzionamenduaren gaineko jarraibideetara egokitzen saiatu beharrean, erabiltzaileen beharretara egokitzen den funtzionamendua ezartzen ikasi ere. Sistema zorrotzegia bada ez da pertsonen lehentasunei modu egokian egokituko eta inplikazio aktiboa zailago bihurtuko du, beraz, bizi kalitatea hobetzeko aukerak oso mugatuak izango dira.
    • Bizi kalitatea hobetzea da gure esku hartzearen azken helburua, hortaz, gure erantzukizun nagusia ezintasunen bat daukaten pertsonei euren gaitasunak ahalik eta gehien garatzen, independenteago izaten  eta, azken finean, bizitza guztiz gozatzen laguntzea da.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.