Ezinduentzako defendatzen dugun arreta ereduak bi funtsezko euskarri ditu:
- Alde batetik, zerbitzuetan azken hamarkadetan diseinatutako aurrerapenak modu eraginkorrean aplikatzea, nazioarteko mailan eta ezintasunaren gizarte eredu batetik abiatuta. Gizarte eredu hori 70. hamarkadan jaio zen Estatu Batuetan ezinduen eskubideen alde garatu zen mugimenduarekin batera. Mugimendu hori ordura arte gailentzen zen eredu medikuari aurre egin zion eta ikuspegi berri bat agerian jarri zuen. Horren arabera, ezintasunen bat duten pertsonek dituzten mugak inguru fisiko eta sozialaren egokitasunik ezari egotz dakizkioke. Ikusmolde berri horrek, guztiz apurtzailea eta erradikala zenak, arretaren ildoak aldatzeko beharra agerian jarri zuen eta kontzeptualizazioaren eta arretaren diseinuaren arloan zenbait aurrerapenen garapenari hasiera eman zion. Aurrerapen horiek funtsezkotzat jo dira ereduaren egituran, hau da, haren artikulazioan eta lan metodologietan; neurri handiago edo txikiago batean ikuspegi hori zerbitzu sarearen barruan dago baina ez beti beharrezkoa den intentsitate eta garrantziarekin.
- Bestalde, ezinduen eskubideen errespetua eta sustapena zerbitzuen eta profesionalek garatzen dituzten jardueren nukleoan jartzeko konpromisoa bai eta, plangintzari eta zuzkidurari dagokienez, erakunde mailan hartutako erabakien nukleoan jartzeko konpromisoa ere.
Gai honen barne dauden beste fitxa guztien edukiak arreta ereduaren bi funtsezko oinarrietara hurbiltzeko aukera ematen dute. Halabeharrez kontzeptu nagusien aurkezpen oso sintetikoa da baina, gure ustez, pertsona askorentzat lagungarria izango da. Izan ere, askotan entzun dituzte baina inoiz ez dakite zein den horien esanahia eta benetako inplikazioa.