Edukinera zuzenean joan

Arreta ereduaren funtsezko osagarriak

Pertsonan oinarritutako plangintza, kontzeptuari zein aplikazioari dagokionez, ezintasunen bat duen pertsonari buruzko bi funtsezko galderetan oinarritzen da:

  • Nor da benetan pertsona hori? Zeintzuk dira bere nahiak, lehentasunak, beharrak, gaitasunak, beldurrak?
  • Zer eginkizun dauka bere bizitzan eta nola lagundu ahal diogu bere bizitza benetan nahi duen modukoa izan dadila, berarentzat garrantzitsua eta desiragarria denarekin bat etorri dadila?

Ikuspegi hori aintzat hartuta, pertsonan oinarritutako plangintza entzuteko eta ikasteko etengabeko prozesu bat izango balitz bezala egituratuta dago. Horren helburua da pertsonarentzat garrantzitsua zer den ezagutzea, bai bere gaur egungo bizitzari dagokionez, bai etorkizunerako dituen planei dagokienez. Horrez gain, izaera kolektiboa daukan prozesua da; bertan, ezintasunen bat duen pertsonaz gain, berarekin harremana duten pertsona guztiek ere parte hartzen dute -senideek, lagunek eta profesionalek-, betiere, ezinduak euren parte hartzea aldez aurretik onartzen badu.

Banakako beste programazio modu batzuekin alderatuz, ezintasunen bat duen pertsona hautemateko eta harekin lan egiteko modu guztiz desberdina da, harremanaren berdintasunean oinarritzen dena: ezintasunen bat daukan pertsonarekin edukitzen den harremana ez da boterean oinarritutako harremana, pertsona horren gizarteratzera zuzendutako laguntza harremana baita. Ikuspegi horretatik, autodeterminazioaren printzipioari eta eskubideari, laguntzen ereduari eta bizi kalitatea hobetzeko helburuarimodu zuzenean lotutako metodologia da.

 

Pertsonan oinarritutako plangintzaren abantailak

Pertsonan oinarritutako plangintzak zenbait abantaila ditu:

  • Banakotasuna eta desberdintasun pertsonalak errespetatzen ditu. Pertsonan oinarritutako plangintzak programa eta tratamendu homogeneoak, artatutako pertsona guztientzako berdinak direnak, bereizketarik egin gabe aplikatzea saihesten du eta pertsonari egokitutako zerbitzua eskaintzea ahalbidetzen du. Halaber, zerbitzuek duten joera hau ahultzen du: pertsonaren beharrak egitura beraren eskuragarritasunen arabera definitzea eta, ondorioz, pertsonak zerbitzuetara egokitzera behartzea zerbitzuen sarea eta haren funtzionamendua pertsonen behar desberdinetara egokitu beharrean. Ondo aplikatuz gero, emaitza arreta pertsonalizatuagoa, malguagoa, era askotakoa eta hobeto egokitua izan daiteke.
  • Pertsonak gaitu egiten ditu. Pertsonan oinarritutako plangintzak erabiltzaileak, pertsona den heinean, daukan garrantzi aitortzen du, hasiera batean konpondu beharreko arazo multzo bat izango balitz bezala ulertu beharrean. Ikuspegi horri esker botere harreman zentzudunagoa sortzen da laguntza langileen eta artatutako pertsonaren artean. Erabakiak hartzerakoan pertsonari garrantzia emateak etengabeko ikaskuntza prozesua eragiten du. Horren bitartez, pertsona bakoitzak komunitatean parte hartzeko eta bere bizitzaren kontrola eta ardura bere gain hartzeko lagungarriak diren gaitasunak eta jarrerak garatzen ditu. Beste modu batean esanda, erabiltzailea gaitzeak haren garapen pertsonalari laguntzen dio.
  • Zerbitzuen erabilera eraginkorragoa ahalbidetzen du. Zerbitzuak ondo definitutako eta argi eta garbi bideratutako esku hartzeak lortu nahi ditu eta ez du denbora, ezta baliabideak ere, galdu nahi onuragarriak edo behar bezalakoak ez diren eta erabiltzailearen bizitzan ia eraginik ez duten jardueretan. Laguntza langileen zeregina argiagoa da eta horrek euren esku hartzeetan koordinazio handiagoa egotea eragiten du. Plangintza mota horrek behar konplexuak dituzten pertsonekin lan egitea errazago bihurtzen du eta zerbitzuaren barruan dauden zeregin integratuak bere gain hartzea eta kudeatzea errazten du.
  • Soilik egoitza bizitza kontuan hartu beharrean, pertsonaren bizitzaren arlo guztiak aintzat hartzen ditu. Pertsonan oinarritutako plangintzak plangintza integrala izan nahi du eta abiapuntua pertsonaren bizitza da, arlo guztiak aintzat hartuta. Hori dela eta, beste zerbitzuek euren bizitzetan duten garrantzia aintzat hartzen du eta jarduerak koordinatzeko eta esku hartzeko irizpide koherenteak aplikatzeko neurriak hartzen ditu. Horrez gain, komunitatearen inguruarekin harremana sustatzen du.
  • Pertsonei laguntza ematen die nahi duten etorkizuna aurkitu dezaten. Pertsonan oinarritutako plangintzak ezintasunen bat duten pertsonei, euren senideei eta laguntza langileei laguntzen die euren behar, nahi  eta lehentasunik garrantzitsuenak zeintzuk diren erabakitze aldera. Izan ere, horiei guztiei erantzuna eman behar zaie bai une honetan, bai bizitza proiektu baten eraikuntzari begira. Planari esker, zerbitzuek komunitatean parte hartzeko aukera gehiago sortzen dituzte eta horrek, aldi berean, etorkizunerako aukera berriei atea irekitzen die.

Horrela, pertsonan oinarritutako plangintza jarduera multzoaren ardatz nagusia da. Pertsonak haren bizitzan garrantzitsutzat eta desiragarritzat jotzen duena lortzeko behar dituen laguntzak diseinatzeari dagokionez eta esku hartzeak egituratzeari dagokionez daukan garrantzia aintzat hartuta, pertsonan oinarritutako plangintzak jarduera egokietarako gomendioen banku honetan gai espezifiko bat eskaintzen zaio.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.