Egia da azken urteetan egoitza arretari dagokionez hobekuntza argiaren lekukoak izan garela:
- arreta banan-banakoa izan behar dela onartu da, gutxienez teorian, praktikan, oraindik ere zenbait jarduteko modu berriro aztertu behar diren arren;
- halaber, orokorrean, egoitza arreta komunitatean ondo integratuak dauden zerbitzu txikietan egokiagoa dela ere onartu da;
- zentroen funtzionamenduan egoiliarren eta senideen parte hartzeari nolabaiteko garrantzia eman zaio;
- sartze faseari orain dela urte gutxi batzuk baino arreta handiagoa ematen zaio;
- egoitza zerbitzu askotan zuzkidura fisikoa hobetu da;
- kanpo ebaluazioko ereduak finkatzen ari dira eta kalitatearen etengabeko hobekuntza prozedurak sartzeko beharrak garrantzia bereganatu du.
Beste modu batean esanda, egoitza zerbitzuak “gizatiartzeko” eta “duin bihurtzeko” prozedura abian jarri da eta horrek oso balorazio positiboa merezi du.
Hala eta guztiz ere, oraindik gauzak daude egiteke eta,zalantzarik gabe, arretaren hobekuntza etengabea bermatuko duten aldaketak sartzeko gakoa hauxe da: ezintasunen bat duten pertsonen oinarrizko eskubideak jarduera guztien erreferentzia puntutzat hartzea eta eskubide horiek errespetatzea kalitatezko arreta lortzeko sine qua non baldintza dela onartzea.
Eskubide horiek egoitza arretaren printzipio zuzentzaile gisa hartzea ez du esan nahi zerbitzuan bat egiten duten beste zenbait interes alde batera utzi behar direnik, bereziki, bizitza kolektiboaren antolakuntzari buruzkoak, ezta egoiliarrek betebeharrak ez dituztenik ere. Zera esan nahi du: inola ere ez dela ahaztu behar bertan bizi diren pertsonen zaurkortasun egoera eta hartzen diren erabaki guztietan, izaera orokorra eta berezia badute ere, pertsonak direla aintzat hartu behar dela eta beraiek izan daitezen eta, ahal den heinean, bizitza estiloa aukeratzeko aukera izan dezaten bermatzeko beharra kontuan hartu behar dela.
Helburu hori lortze aldera, egoitza egituraren antolakuntza beharrei eta bertan bizi diren pertsonen eskubideak gauzatzeari lotutako beharrei aldi berean erantzuteko aukera ematen duten arreta ereduak lortzeko ahalegina egin behar da. Izan ere, nahiz eta bi behar horiek aldi berekoak ez izan, bateragarriak izan daitezke, bai eta bata bestearentzako onuragarriak ere. Hala, ematen du egoitza arretaren jarraibideak malgutuz gero mesede egingo zaiela, alde batetik, egoiliarrei (zalantzarik gabe) hautaketak egiteko aukera erreal gehiago eta bizitza eurek nahi duten moduan antolatzeko aukera gehiago izango baitituzte, hau da, modu saihestezinean erabilera kolektiboei men egin beharrean euren ohitura propioak sortu. Beste modu batean esanda, beraiek izan. Eta, bestetik, profesionalei ere mesede egingo zaie; lanak modu automatikoan egitea alde batera uzteko aukera edukiko dutelako eta modu pertsonalizatuagoan lan egingo dutelako –hori, berez, edozein lan jardueran adierazle positiboa da-, bai eta haren lana ingurune gizatiarragoan eta egoera duinagoetan garatuko dutelako ere. Zentzu horretan, erabiltzaileei ematen zaien egoitza arreta gero eta gehiago duintzeak arreta funtzioak ere gero eta duinagoak izatea eragiten du.
Ondoren, ezintasunen bat duten pertsonek egoitza baliabideetan dauzkaten oinarrizko eskubideak jaso dira. Moldaketaren bat eginezEuskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Zerbitzuen Erabiltzaileen eta Profesionalen Eskubideen eta Betebeharren Gutunean jasotako adierazpenei doitu dira –aipatutako gutuna baino lehenagoko lan agirien, egoitza ebaluazioko zenbait ikerketen eta, bereziki, “Egoiliarreneskubideak eta egoitza bitartekoaren xehetasunak, nola bateratu?”izeneko txostenaren testuinguruan-. Hainbat erakunde publiko zein pribatuk, euren praktika onen gidaliburuetan eskubideak adierazterako orduan, maiz adierazpen horiek erabiltzen dituzte oinarritzat.
Gai honetan eskubideak zein betebeharrak modu labur batean adierazten dira. Jarduera egokietarako gomendio banku honetan gai espezifiko bat eskaintzen zaio eskubide eta betebeharren adierazpen zehatz eta egituratuetan oinarritutako jarraibide praktikoen proposamenari. Horrela, egoitza baliabide eta bizitza kolektiboaren antolakuntzan benetako aplikazioa ahalbidetuz.
Egoitzan bizi diren pertsonen eskubideak
- Duintasuna
- Duintasun eskubidetzat jotzen da pertsonen berezko balioa aintzat hartzeko eskubidea, egoera guztietan, indibidualtasuna eta pertsonaren beharrizanak erabat errespetatuz.
- Eskubide hori aitortzeak, egoitza eremuan, honako hau hartzen du barne erabiltzaileei dagokienez:
- Errespetu osoz arreta jasotzea, zuzentasunez eta elkar ulertuz, bai ahozko harremanetan bai, hala badagokio, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko behar duen laguntza fisikoei dagokienez.
- Banaka eta modu pertsonalizatuan arreta jasotzea.
- Profesionalek euren beharrak eta, posible bada, euren lehentasunak errespetatuz artatzea.
- Segurtasun eta garbiketa egoera onetan arreta jasotzea.
- Pribatutasuna eta konfidentzialtasuna
- Pribatutasun eta konfidentzialtasun eskubidetzat jotzen da pertsonaren eta dituen harremanen intimitatea gordetzeko eskubidea, beste inork, pertsonari zuzenean eta hari bakarrik dagozkienak eragotzi gabe eta norberaren espedientean edota norberari buruzko edozein agiritan azaltzen diren datu pertsonalak behar bezalako zuhurtasunarekin erabiliko direla bermatzen duen eskubidea.
- Praktikan eskubide horrek honako aukera hauek ematen dizkie erabiltzaileei:
- Espazio pribatu bat izatea nahi dutenean eta nahi bezala erabiltzeko eta mantentzea.
- Nahi duten guztiekin komunikazioa eta harremana edukitzeko aukera posta bidez, telefono bidez, bai eta bisiten bitartez ere.
- Erakundeei edo egoitza zerbitzutik kanpokoak diren profesionalei datu pertsonalak jakinarazi behar izanez gero horren inguruan galdetzea.
- Autonomia
- Autonomia eskubidetzat jotzen da independenteki jardun eta pentsatzeko aukera, arrisku kalkulatu batzuk hartzeko aukera barne.
- Praktikan eskubide horrek honako aukera hauek ematen dizkie erabiltzaileei:
- Euren bizitza estilo propioa aukeratzea.
- Zuzenean edo zeharka eragiten dieten erabakiak hartzen parte hartzea.
- Euren aukerak errespetatu daitezen, euren nahia adierazteko behar dituzten laguntzen intentsitatea alde batera utzita.
- Eragin diezaieketen gai guztiei buruzko informazio osoa jasotzea, modu ulergarrian emana eta, hala badagokio, euren behar berezietara egokitua.
- Beharren, nahien eta lehentasunen ebaluazioa
- Egoitza zerbitzuetako erabiltzaileek, egoitzan sartu aurretik, euren behar, lehentasun eta nahien ebaluazio integrala egin dadila eskubidea daukate. Ebaluazio horren helburua egoitzaren aukera egokia den edo ez zehaztea da eta, erantzuna baiezkoa izanez gero, egoitza aukeren artean aproposena eta hobeto egokitzen dena zein den zehaztea.
- Modu berean, egoitzan sartzeko fasearen hasieran, pertsonan oinarritutako plangintzaren ikuspegia aintzat hartuta, euren behar, gaitasun, nahi eta lehentasunen ebaluazio zehatza egin dadila eskubidea daukate. Hori guztia hobeto egokitzen diren laguntzak diseinatze aldera eta, egoitzan dauden bitartean, aldian behin edo esku hartzeen moldatzea eskatzen duen aldaketaren bat antzeman edo ikusten den bakoitzean balorazio berriak egin daitezen.
- Praktikan, eskubide horrek honako hau barne hartzen du:
- Pertsonan oinarritutako plangintzaren testuinguruan bideratzaile gisa jarduten duen pertsona bat egotea. Bere lana beharren ebaluazioa egitea eta ezintasunen bat duen pertsonak, haren bizitza proiektuari dagokionez, dituen nahiak eta lehentasunak ezagutzea izango da.
- Erabiltzaileek euren beharrei buruz egiten duten deskribapena kontuan hartzea eta hausnartzea nola eman ahal zaien erantzuna.
- Hala badagokio, pertsona ondo ezagutzen duten senideek eta lagunek ezinduaren beharren, lehentasunen eta nahien inguruan egiten duten deskribapena aintzat hartzea.
- Hala badagokio, senideek eta lagunek eskaini ahal duten laguntza mota aintzat hartzea, bai eta zer maiztasunarekin eskaini ahal duten eta hori egiteko daukaten gaitasuna ere.
- Banakako arreta plana
- Egoitza zerbitzuetako erabiltzaileek ebaluazioan zehar antzeman diren behar, gaitasun, nahi eta lehentasunei egokitutako banakako arreta plana edukitzeko eskubidea daukate. Beharren, nahien eta lehentasunen ebaluazioaren kasuan bezala, plan hori pertsonan oinarritutako plangintzaren ikuspegitik egin behar da.
- Banakako arreta plana egiteak hauxe hartzen du barne:
- Banakako arreta plana pertsonan oinarritutako plangintzaren bideratzaile gisa jarduten duen pertsonak antolatutako bileren testuinguruan diseinatzea.
- Plana idatziz diseinatzea, ulergarria den hizkuntza erabiliz eta, beharrezkoa izanez gero, erabiltzaileen behar berezietara egokituz.
- Erabiltzaileei eta, hala onartuz gero, senideei edo lagunei banakako arreta planaren kopia ematea.
- Zerbitzuak eta arretan esku hartuko duten pertsonak eta euren funtzioak zehaztasunez deskribatzea.
- Laguntza taldean erreferentziazko profesional bat izendatzea.
- Beharren ebaluazioa eta banakako arreta plana noiz egingo den zehaztea egokia den egiaztatzeko, eta hala ez bada, egoera berriari egokitze aldera.
- Zerbitzuaren kalitatea
- Egoitza zerbitzuen erabiltzaileek erabili behar dituzten zerbitzuek eta zentroek aplikagarria den araudian ezarritako baldintza materialak eta funtzionalak eta langileei buruzko baldintzak bete ditzaten eskubidea daukate.
- Praktikan, eskubide horrek honako hau barne hartzen du:
- Zerbitzuek eskatu ahal zaizkien baimen, erregistro, homologazio eta ikuskapen baldintzak bete ditzaten.
- Eskumena duten administrazioek zerbitzuek bete behar dituzten baldintza materialak, funtzionalak eta langileen gaineko baldintzak argitaratu ditzaten, betiere, ulertzeko erraza den hizkuntza erabiliz idatzitako liburuxketan eta erabiltzaileek dituzten behar bereziei hobekien egokitzen diren formatu edo euskarrietan.
- Baldintza material eta funtzionalak eta langileen gaineko baldintzak etengabeko berraztertze prozesuan egon daitezen, beti hobetzeko prest.
- Zerbitzuen kalitatearen hobekuntza sustatzea barruko zein kanpoko ebaluazioak eginez bai eta kalitatea etengabe hobetzeko prozesuak ezarriz.
- Parte hartzea
- Parte hartzeko eskubideak modu aktiboan parte hartzeko aukera ematen du, zuzenean edo ordezkarien bitartez, modu zuzenean edo zeharka, banaka edo kolektibo gisa, eragiten dieten erabaki guztiak hartzerako orduan.
- Praktikan eskubide horrek esan nahi du erabiltzaileek hauxe egin ahal dutela:
- Euren beharren, nahien eta lehentasunen ebaluazioan parte hartzea, euren ustez haiei dagozkienak zeintzuk diren adieraziz, bai eta horiei erantzuteko egokitzat jotzen dituzten laguntzak aukeratuz ere.
- Aplikatuko zaien banakako arreta planaren eraketan parte hartzea.
- Erabiltzaile gisa, zerbitzuen antolakuntzan zein funtzionamenduan esku hartzea parte hartze organoen eta iradokizunak eta kexak aurkezteko prozeduren bitartez.
- Modu pertsonalean eragiten dieten erabakietan esku hartu.
- Eskubideak ezagutzea eta babestea
- Norberaren eskubideak ezagutzeko eta babesteko eskubidea eskubideak benetan gauzatzeko aukera ematen duten informazio iturriak, parte hartzeko eta iradokizunak eta kexak aurkezteko modua ezagutzean datza.
- Hori bermatuz gero, erabiltzaileek honako hau eskuratzeko eskubidea dute:
- Idatziz zein ahoz euren eskubideen berri izatea, euren ulermen gaitasunari egokitutako hizkuntza erabiliz eta, hala badagokio, euren behar berezietara egokitutako euskarri edo formatuan.
- Iradokizunak, kexak eta errekurtsoak aurkezteko aurreikusitako prozeduren berri jasotzea.
- Idatziz konfiantzazko pertsona bat izendatzea haren eskubideak babestu ditzan edo funtzio hori bete dezan ordezkari bat izendatzeko aukera daukala jakitea. Pertsona hori beharren, gaitasunen, nahien eta lehentasunen ebaluazioa egiteko burutzen diren elkarrizketa eta bileretan egon daiteke, baita pertsonan oinarritutako plangintzaren testuinguruan egiten den banakako planean ere.