Pertsonari eguneroko bizitzako jardueretan parte hartzen laguntzeko, beharrezkoa da, batetik, langile taldeko kideen artean antolamendu ona edukitzea eta, bestetik, ezinduaren parte hartzea lortzeko saiakera egingo den jardueren eta denboren programazio ona izatea. Gauzak horrela, arretaren ereduak eta antolamendu sistemak bermatu egin behar dute toki eta une egokian langileak egongo direla programatutako jarduerez arduratzeko, kasu bakoitzean behar izango den dedikazioarekin.
- Langileen antolamendua
- Lana ongi egiteko, arreta zuzeneko laguntzaren profesionalek jarraibideak eduki behar dituzte beren erantzukizunak definitzeko eta nork, zer, zein ordutan eta norekin egin behar duen adierazteko. Antolamendu hau eta bere funtzionamendua planifikatzeko, garrantzitsua da egoitza zerbitzu bakoitzean taldeko aldizkako bilerak edukitzea eta horietan posible izatea iritziak, zalantzak, zailtasunak, lorpenak edo aholkuak partekatzea egoiliar bakoitzari arreta emateko moduari dagokionez kasuan kasuko bakarkako plangintzaren esparruan.
- Bilera hauei esker, posible da hausnarketarako denbora edukitzea, eta neurri bateko maiztasunarekin planteatzen diren gaientzat konponbideak adostea errazagoa izan daitekeen foro bat dira. Adibidez:
- Hasiera batean bertan egon beharko liratekeenak baino langile gutxiago badaude, adibidez gaixotasunagatik norbait bertaratzen ez denean gertatzen den bezala, nola jardun behar da?
- Taldeko parte hartzea nola antolatu behar da?
- Nola banatzen da denbora lagundutako pertsona guztiek parte hartzeko aukera eduki dezaten?
- Zer irizpide jarraitzea komeni da langile bakoitza zein ezinduz (bat edo bat baino gehiago) arduratuko den zehazteko?
- Nola ziurtatu behar gehieneko uneetan langile nahiko egongo dela, adibidez jatorduetan?
- Jardueraren antolamendua
- Jardueraren antolamendurako, funtsean, beharrezkoa da asteko egun guztietarako errutina bat planifikatzea, eta bertan pertsona bakoitzaren berariazko beharrak nahiz zerbitzuarenak berarenak aintzat hartu behar dira. Asteko plangintza horretan beharrezko eta ohiko jarduerak sartuko dira, adibidez erosketak egitea, arropak garbitzea eta tokia txukuntzea. Horiekin batera, ordea, ezohiko jarduerak ere sartuko dira, adibidez sendagilearekin edo dentistarekin duen hitzordura bertaratzea.
- Parte hartzeko helburuak planifikatzeko eta martxan jartzeko prozesuak lan denbora eskatzen du taldekide guztien partetik, eta horiek behar besteko erregulartasunarekin osatu behar dira eta zerbitzuaren antolamenduaren barruan integratu.