Edukinera zuzenean joan

Nola diseinatu daiteke bizitza estiloaren funtsezko plangintza bat?

Informazioa erregistratu eta antolatzea

Ondoren, informazioa nola antolatu behar den azaltzen da: zein sekzio eta atalen barruan sartu behar den eta zer hizkera mota erabili behar den (A eranskinean proposatutako txantiloia begiratu).

1. Sekzioa.- Identifikatzeko oinarrizko datuak

Sekzio horretan oinarrizko informazioa islatzen da: planak hizpide duen pertsona identifikatzeko datuak batez ere, baina baita beste pertsona batzuei buruzko datuak ere, informazioa eta prozesuaren hasierari buruzko datak emanez, egindako elkarrizketen eta behaketen bitartez edo egokitzat jo den beste edozein informazio emanez lagundu dutenak.

 

2. Sekzioa.- Pertsona

Sekzio horretan zenbait informazio fitxa daude:

  • Pertsonaren alderdi positiboei buruzko fitxa. Fitxa horretan pertsonaren alderdi positiboak deskribatzen dituen informazio multzoa bildu da: bere buruari buruz gustatzen zaiona, berarentzat onak edo erakargarriak diren alderdiak eta beste pertsonek, berari dagokionez, balioesten dutena edo miresten dutena. Zerrenda egiterakoan kontu handiz jardun behar da:
    • Pertsonaren adinaren berezko alderdi positiboak jaso behar dira, hau da, bere adineko edozein pertsonaren kasuan positibotzat joko liratekeen alderdiak.
    • Soilik ezintasunen bat duten pertsonen kasuan positibotzat jotzen diren alderdiak ez dira barne hartu behar.
    • Zalantzazko interpretazioak eragin dezaketen gogoetak ez dira aintzat hartu behar.
    • Ez da komenigarria gehiegi luzatzea irakurketa zailago bihurtu ez dadila, beraz, ahal den heinean, antzemandako bertuteak laburtzea edo taldekatzea komeni da.
    • Profil kliniko edo teknikoko deskribapenak jasotzea ez da komenigarria, hala nola: “amorrazioa modu egokian adierazten du” edo “modu autonomoan jateko gai da”.
  • Pertsonarentzat garrantzitsuak diren gauzei buruzko fitxa. Atal horretan pertsonarentzat garrantzitsuak diren gauzei buruzko informazioa bildu da, besteekin dituen harremanei dagokienez, egiten dituen gauzei edo egitea gustatuko litzaiokeen gauzei dagokienez, dituen edo edukitzea gustatuko litzaiokeen gauzei dagokienez, bizitza erritmoari eta ohikeriei dagokienez, etab. Hiru garrantzi edo lehentasun mailei erantzuteko hiru zerrenda desberdin egitea komeni da:
    • Lehenengo zerrendan pertsonarentzat garrantzi gehien duten alderdiak bilduko dira, zentzuzko bizi kalitatea eduki ahal izateko nahitaez bere bizitzan egon behar direnak edo egon behar ez direnak; izan ere, hala izango ez balitz pertsona asebete gabe edo oso triste sentituko zen eta gerta daiteke atsekabe hori jokabide arazoen bitartez islatzea. Pertsonarentzat garrantzitsuak diren gauzei buruzko galderak egiteko gida:
      • Lare bizitzan parte hartzen duten pertsonak.
      • Zure buruari dagokionez gehien gustatzen zaizuna.
      • Zuri dagokizunez, beste pertsonek gustuko dutena.
      • Egitea gustatzen zaizuna.
      • Edukitzea gustatzen zaizkizun gauzak.
      • Gustatzen zaizkizun janariak eta gustuko ez dituzunak.
      • Zoriontsu sentiarazten zaituena
      • Triste edo haserre sentiarazten zaituena.
      • Ospatzea gustatzen zaizuna.
      • Etorkizunerako dituzun ametsak.
      • Eguneko gauzarik onena eta txarrena: goizean, eguerdian, arratsaldean eta gauean.
      • Beste pertsonek zuri buruz gogoratu behar dutena.
      • Zure eguneroko bizitzan eduki nahiko zenituzkeen gauzak.
      • Zure eguneroko bizitzan eduki nahiko ez zenituzkeen gauzak.
    • Bigarren zerrendak honako alderdi hauek biltzen ditu: pertsonarentzat oso garrantzitsuak direnak baina, aurrekoak ez bezala, kritikoak ez direnak. Izan ere, horiek egotea edo ez egotea ez du horrenbesteko eraginik edukiko pertsonaren bizi kalitatean.
    • Azkenik, informazioa biltzeko fasean garrantzitsutzat jo diren gainontzeko alderdiak jasoko dira. Azken horiek ez daukate aurreko bi multzoetako garrantzi maila.
    • Hiru zerrendak egiterakoan honako jarraibideak aintzat hartzea komenigarria da:
      • Garrantzitsuak diren gauzei buruzko deskribapenak argiak izan behar dira, anbiguotasunik gabeak, eta modu positiboan aurkeztu behar dira.
      • Soilik hirugarren aburuz pertsonarentzat garrantzitsuak diren gauzak ez dira barne hartu behar.
      • Komeni da soilik pertsonak berak garrantzitsutzat jo dituen gauzak jasotzea (ahoz edo jokabidearen bitartez adierazitakoak), bai eta beste pertsona batzuek, ezinduaren ikuspuntua aintzat hartuta eta haren ordezkaritzan jardun duten bitartean, garrantzitsutzat jo dituzten gauzak ere, pertsona oso ondo ezagutzen baitute.
      • Horrez gain, aipatu dituen eguneko zenbait unetako gauzarik gogokoenak edo onak idaztea ere komeni da.
      • Informazioa emateko prozesuan parte hartu duten pertsonek zein alderditan bat egin duten zehaztu behar da; izan ere bat etortze horrek ziurtasun eta fidagarritasun berme gehiago eskaintzen ditu.
  • “Egiteke dauden gauzak” fitxa. Fitxa horretan lortu den informazioaren bitartez erantzun ezin diren galderen edo kontuen zerrenda jasoko da. Beraz, horiei erantzuteko, plana osatzea ahalbidetzen duten erantzun osagarriak bilatu behar dira. Erantzun horiek lortze aldera, informazio hori biltzeko modurik errazena zein den pentsatu behar da eta, hala badagokio, norekin hitz egitea beharrezkoa den zehaztu. Edonola ere, ez da ahaztu behar hasierako plana dela eta, beraz, ezin dela lehenengo fasean osatu. Hortaz, zenbait gauza ezin badira une horretan erabaki sekzio horretan mantendu ahal dira, aurrerago, prozesuak aurrera egin ahala, erantzuna izango dutelakoan.

 

3. sekzioa.- Laguntzak

Sekzio horrek deskribatzen ditu, alde batetik, pertsonak behar dituen laguntzak eta, bestetik, laguntza horiek ematen dituzten pertsonen ezaugarriak. Pertsonak berarentzat garrantzitsua dena daukala bermatzeko egin behar denari edo jakin behar denari buruzko informazioa barne hartzen du, bai eguneroko lehentasunei dagokienez, bai osasun egoerari edo segurtasun sentimenduari dagokionez. Pertsonak bere kabuz egin edo konpondu dezakeena ez da hemen jaso behar. Zalantzazko interpretazioak saiheste aldera, datuak argiak izatea garrantzitsua da.

Sekzioak honako fitxa hauek ditu informazio hori antolatzeko:

  • Beharrezkoak diren laguntzei eta laguntza horiek ematen dituzten pertsonen ezaugarriei buruzko fitxa.
    • Atal horiek betetzeko, ezintasunen bat duen pertsonarentzat garrantzitsuak diren gauzen eta pertsonen gaineko oharrak gogoratu behar dira eta nork bere buruari galdetu: pertsonaren inguruan dauden pertsonek eta berarekin harremana duten pertsonek zer jakin edo egin behar dute elementu garrantzitsu horiek betetzen direla bermatzeko? zer jakin edo egin behar dute bere ingurukoek pertsonak osasun egoera ona mantentzen duela eta segurua sentitzen dela bermatzeko?
    • Zailtasunik handiena interesdunaren eta bere senideen eta artatzen duten profesionalen iritzien eta pertzepzioen artean oreka topatzea da. Izan ere, desberdinak izan daitezke, batez ere, osasunari edo segurtasunari dagokionez. Batzuetan, iritzien artean dagoen desberdintasuna oso adierazgarria izan daiteke, bereziki, familiak oso ideia errotuak dituenean pertsonarentzat garrantzitsuak diren gauzei dagokienez eta hori, argi eta garbi, pertsonak adierazten duenarekin bat ez datorrenean. Kasu horietan, gauza garrantzitsuen zerrendan bi iritziak jaso behar dira, desadostasuna azpimarratuz. Prozesuaren aurreragoko fase batean, kontu horiek modu sakonean eztabaidatzeko eta jorratzeko aukerak egongo dira.
    • Bestalde, osasunari eta segurtasunari buruzko zenbait kontu, sentikorragoak, zailagoak edo oso pertsonalak direlako konfidentzialtasun handiagoko testuinguru batean jorratu behar dira. Kasu horietan, informazio hori bereizitako fitxa batean sartu daiteke eta fitxa hori soilik ikusi ahalko dute informazio hori nahitaez behar duten pertsonek.
  • “Komunikazio” fitxa.
    • Pertsona askok hitz egiteko zailtasun handiak dituzte edo ezin dute hitz egin. Horrelakoetan, ezin da haiengatik zuzenean informazioa lortu eta, orduan, “Komunikazio fitxa” izenekoa erabiltzea komeni da. Komunikazio fitxa horrek nolabait lexiko edo hiztegi funtzioak egiten ditu eta komunikatzeko zailtasun larriak dituzten pertsonak hobeto ulertzen laguntzen du. Helburua ezindua gainerakoekin nola komunikatzen den deskribatzen saiatzea da, haren gorputz bidezko hizkuntzan eta jokabidean oinarrituta.
    • Horretarako, informazioa lau ataletan banatzen da:
      • Lehenengo atalean, “Zer ari da gertatzen?” deitzen dena, ahalik eta zehaztapen handienarekin bildu behar dira egunean zehar gerta daitezkeen edo mahaigaineratu daitezkeen inguruabar edo gertaera ezberdinak.
      • Hurrengo idatz zatian, “Zer egiten du pertsonak hori gertatzen den bakoitzean?” izena duena, argi eta garbi deskribatu behar da nola portatu ohi den pertsona –bere jokabidearen ezaugarriak–,  inguruabar horietako bakoitzean, eta hori ezindua ezagutzen ez dutenentzako lagungarria izango da, bere komunikazio saiakera antzeman dezaten. Zenbaitetan, zaila da jokabide bat deskribatzea (adibidez, aurpegi bidezko adierazpenak direnean) eta, horrelakoetan, argazki bat edo bideo bat izan daiteke azalpenak emateko modu erraz eta adierazgarriena.
      • Hirugarren atalak “Nola interpretatzen dugu?” izena du, eta, bertan, ezindua ezagutzen duten eta harekin hainbatetan jarduten duten pertsonen iritziz, jokabide horren esanahi posiblea bildu behar da, hau da, euren interpretazioa. Jokabide berdin baterako interpretazio bat baino gehiago egon daitekeenean, garrantzitsua da horiek guztiak adieraztea.
      • Azkenik, laugarren idatz zatian, “Nola erreakzionatu behar dugu?” izena duena, aipatu egin behar da zein den laguntza ematen duten pertsonek jokabide horiei erantzuteko hartu behar duten jarrera, erantzun ereduan koherentzia eta iraunkortasuna bermatze aldera.
    • Errazena, komunikazio fitxa erdiko bi zutabeetatik hasiz betetzea izaten da, ondoren muturretako bi zutabeen gainean lan egiteko.
    • Fitxa hori funtsezkoa da planak pertsonaren izenean garatzeko eta albait lasterren osatzea beharrezkoa da. Informazioa jasotzen hastea komeni da hoberen ezagutzen duten pertsonekin hitz eginez osatzeko; ondoren, inguruneko beste pertsona batzuen bitartez informazioa egiaztatzeko: pertsona familiarekin bizi denean, prozesua haiekin hastea komeni da; pertsona, berriz, egoitza eremuan bizi denean eta arreta eskaintzen dioten profesional talde bat daukanean erabilgarria izango da lehenik eta behin haiekin osatzea.

 

“Ohikerien” fitxa. Atal hori laguntza fisiko handia behar duten pertsonentzako da, haien eguneko ohikeriak oso araututa dauden kasuetarako.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.