Ebaluazioa eta berrazterketa egiteko bilera formalak, aldizka
Bizitza estiloaren funtsezko plangintza etengabeko prozesu bat da, bizitza osoan zehar garatzen dena, eta behar, nahi eta inguruabar berriei egokituz doa. Horretarako, beharrezkoa da bi mailako ikastea egitea: batetik, beharrezkoa da ezinduaren gaineko ezagutza etengabe hobetzea; bestetik, garrantzitsua da taldeak bere buruari buruz ikasten duenari, lan egiteko moduari eta emandako laguntzen kalitateari eta eraginkortasunari probetxu handiagoa ateratzea. Ikaste honen berri jasotzeko, garrantzitsua da aldizka bilera formal bat egitea, bizitza estiloaren funtsezko plangintza berraztertze aldera.
- Orokorrean, sei hiletik behingo aldizkakotasuna gomendatzen da, nahiz eta zenbaitetan urtebeteko epeei erreferentzia egiten zaiela ere ikus daitekeen.
- Bilera honen formatua ekintza plana definitzeko bileraren kasuan hartutako berdina da. Bilera egiten denean, parte hartzaileek aukera berriak pentsatuko dituzte, pertsonaren bizi kalitatea hobetzeko eta haien bizimodua haien desio, lehentasun eta beharrei hurbiltzeko.
- Oinarrizko galdera batzuk planteatzea lagungarri izan daiteke, azken bileratik gertatu diren aurrerapenak zeintzuk diren egiaztatzeko:
- Pertsonaren izaerari eta bere desio eta lehentasunei dagokienez, zer elementu berri eskuratu da?
- Zer egiteko saiakera egin da, hau da, zer ekintza gauzatu da pertsonari helburuak lortzen laguntzeko?
- Ekintza hauetatik zeintzuk suertatu dira onak?
- Garatutako ekintzei dagokienez edo horiek etorkizunean edukiko duten aplikazioari dagokionez, zer kezka planteatu da?
- Oso positiboa da galdera hauen inguruan eztabaida dagoela sustatzea, eta, amaitzerakoan, eztabaida beste alderdi hauen gainean oinarritzen dela lortzea:
- Zein alderditan behar da ezagutza gehiago eskuratu?
- Pertsonaren zein alderdi berriri hurbildu behar zaio?
- Zer ekintza komeni da mantentzea?
- Zer ekintza komeni da aldatzea?
Eztabaida horri esker, ekintza plana berriro diseinatu ahalko da, antzeman diren aldaketen eta nahi den bilakaeraren arabera.