Ezintasun sentsorialek, eta, bereziki, ikusmenarekin eta entzumenarekin zerikusia dutenek, eragin handia eduki dezakete pertsonen bizitzetan, izan ere:
- jasotzen den informazioan murrizketa eragin daiteke;
- hitzak, jarduerak edo objektuak harrapatu eta ulertzeko zailtasunak sortu ditzakete;
- errealitatearen gaineko ikuspegi mugatua, nahastua edo zuzena ez dena sortu dezakete.
Ongi ez entzutearen edo ez ikustearen sentsazioa, gainera, frustrazio eta estres ikaragarrikoa da pertsona gehienentzat, eta zera eragin dezake:
- harremanak eratzeko zailtasunak, norbera bere baitan biltzea eta isolamendua;
- mugikortasun arazoak;
- ikaste zailtasunak;
- ingurunea ez ezagutzea;
- konfiantza falta norberarengan;
- jardueretan eta komunitatean parte hartzeko aukerak mugaturik edukitzea.
Ikusmen edota entzumen arazoak beste ezintasun larri bat duen pertsona batean agertzen badira, batez ere ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonetan, eragin orokor horri gehitu egin behar zaio izaera berariazkoago baten eragina, hain zuzen ere: norberak bere buruari kalte egiteko jokabide estereotipatuen eragin handiagoa, antzematen duten munduari egokitzeko saiakerari erantzuten diotela irudituz (adibidez, ezintasun intelektuala eta ikusmen arazoak dituen pertsona batek uste izan dezake ikusmeneko estimuluren bat lortzeko modu bakarra begiak igurztea dela, eta igurtzia horrenbesteko bizitasunarekin ematea lesioren bat eragitera iritsi daitekeela). Horrelakoetan, zera kontuan izan behar da:
- Aurre egin beharreko zailtasunak areagotu egiten dira ezintasun intelektualaren maila edo narriadura kognitiboa geroz eta handiagoa izan eta geroz eta zentzumen gehiago kalteturik eduki.
- Ezintasun intelektualik ez baina muga sentsorialak dituzten pertsonek beren zailtasunetara egokitzeko saiakera egiten duten bezala, horretarako gainerako zentzumenak erabiliz eta egokitzeko gaitasun berriak garatuz, ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonen kasuan egokitzeko estrategia hori zailagoa da, izan ere, gaitasun berriak ikastea zaila da. Ondorioz, bi ezintasunen konbinazioak eragina biziagotzeko joera eduki ohi du.