Depresioaren ezaugarriak dira tristezia, neke edo akidura egoera, kontzentratzeko eta memoria arazoak eta lehen atseginak ziren jarduerengatik interesik ez edukitzea. Halaber, lo arazoak agertu daitezke (insomnioa edo hipersomnia), jateko gogoa areagotzea edo murriztea, sexuarekiko interesa galtzea, gorputzean molestiak (goragalea, buruko minak edo bestelako minak) eta mugimenduetan mantsotasuna edo aztoramendua. Depresioak sufrimendua dakar pertsonarentzat, beraz, sendagileen aldetiko arreta espezializatua eskatzen du.
Ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonengan, depresioak, aipatu diren sintomez gain, bestelako forma batzuk ere agertu ditzake, batez ere funtzionamendu kognitiboaren mailak oso baxuak direnean. Bereziki garrantzitsua da pertsonak ageri dituen jokabideak aintzat hartzea, izan ere, depresioan nagusiena tristezia ikaragarri hori eta bizitzaren gozamendua galtzea dira eta jokabide gatazkatsu modura agertu daitezke, umeekin gertatzen den bezala. Bestelako ezohiko sintomak ere topatu ditzakegu, adibidez oka ziklikoki egitea, delirio erotomaniakoak (beste pertsona bat, normalean gizarte maila altuago batekoa, haietaz maiteminduta dagoela sinestea) edo pikak okerrera egitea (jangarriak ez diren substantziak irenstea).
Depresioaren ohiko beste sintoma batzuk, adibidez errudun sentitzea, bere buruaz beste egiteko ideiak, pentsamendu gaitasuna mantsotzea edo autoestimuak behera egitea garapen kognitibo jakin bat behar izatean… ez dira horrenbestetan agertzen ezintasun intelektuala edo narriadura kognitibo larria duten pertsonengan.
Sindrome jakin batzuetan depresioa agertzeko joera handiagoa antzeman da, adibidez Down sindromearen edo autismoaren kasuan.
Egon daitezkeen arrazoiak
Genetikoa. Familiako kide baten edo gehiagoren aurrekariek transmisio genetikoa erakutsi dezakete.
Gaixotasuna azaldu baino lehenagoko nortasuna:
Pertsona pasiboak eta mendekoak (ekimen gutxikoak, men egiteko joera dutenak);
Nortasunaren beste nahasmendu batzuk dituzten pertsonak.
Osagai biokimikoen nahasmendua. Osagai biokimiko hauek arrazoitzeko, pentsatzeko, planifikatzeko, maitatzeko, gorrotatzeko, memorizatzeko gaitasuna erregulatzen duten substantziak dira. Gure aldartean paper handia betetzen duten hiru neurotransmisore dago: serotonina, noradrenalina eta dopamina.
NAHASMENDU BIPOLARRA
Nahasmendu bipolarrak, Nahasmendu Maniako Depresibo bezala ere ezagutzen dena, egoera maniakoak eta depresiboak agertzearen ezaugarria du, eta horiek ziklikoki txandakatu ohi dira.
Sintomak
Nahasmendu bipolarraren ezaugarria da energia eta jarduera neurriz gain areagotzea. Ezinegona, pentsamendu azkarrak eta hitz jario azkarra agertu ohi dira. Sintoma horiek topatzea zaila izan daiteke ezintasun intelektuala duten pertsonengan, izan ere, beren erritmoa gainerako pertsonena baino mantsoagoa izan ohi da. Gauzak horrela, egoera maniakoetan ohikoak diren energia areagotzeek jardueraren hazkundea ekar dezakete, lehen begiratuan deigarria suertatzen ez dena baina ohiko erritmoa zein den ongi ezagutuz gero –hau da, pertsonaren abiaburua– antzematera iritsi gintezkeena. Hori dela eta, pertsonaren ohiko jarduera egoera ezagutzeak berebiziko garrantzia du aldaketak antzemateko.
Bestalde, aldartearen gorespen horretatik eratorritako sinesmenak edo ziurtasunak agertu daitezke, adibidez:
zenbait arazo existitzen dela ukatzea;
Euforia sentitzea eta, ez inork, ezta albiste txarrek edota gertaera tragikoek ere, zoriontasuneko euforia egoera hori kaltetu ezin dezakeela uste izatea.
Baikortasuneko sentimendu arrazoirik gabeak bizitzea eta baita konfiantzazkoak ere norberaren gaitasun eta ahalmenengan.
Aurreko paragrafoan aipatutako energia hazkundearekin gertatu ohi den bezala, beharrezkoa da oso adi egotea eta egoera berria baloratzea, pertsonak gaixotasuna azaldu baino lehen zuen izaeraren aldean.
Azkenik, beste sintoma adierazgarri batzuk ere agertu daitezke:
muturreko suminkortasuna (ezintasun intelektuala duten pertsonengan, horrek jokabide nahasmenduen forma hartu dezake).
kontzentratzeko defizita;
loa falta izatea (lorik egin gabe edo nekatuta sentitu gabe egunak egin ditzakete);
sexu desira areagotzea.
Ezintasun intelektualik gabeko pertsonen kasuan euforiako edo tristeziako une bat edo bi agertu ohi dira urtean; ezindu intelektualengan, ordea, datuek diote faseen arteko aldaketak askoz ere azkarragoak izan ohi direla eta urtean lau une edo gehiago izaten dituztela, nahiz eta iraupen laburragokoak.
Fase depresibo bat dago, eta, bertan, ideia autolitikoak egotearen arriskua oso altua da. Fase honetan ohikoak dira sintoma hauek: aldarte pattala, nahasmenduak elikaduran eta loan, itxaropen faltako sentimendua, heriotzari buruzko pentsamenduak, apatia, interes falta eta gizarte isolamendua.
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak. Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik “konfigurazioa” aukeran. “Onartzen dut” botoia sakatuz gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula adierazten ari zara. Sakatu "Irakurri gehiago" lotura informazio gehiago lortzeko.