Edukinera zuzenean joan

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planen diseinua

Ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planak garatzeko funtsezko lau osagai ezberdintzen dira:

  • inguruneko faktoreen aldaketa;
  • gaitasun alternatiboak irakastea;
  • ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak;
  • bizi estiloan oinarritutako esku-hartzeak.

Lau elementu horietako bakoitza beharrezkoa da laguntza planak arrakasta eduki dezan, eta bakoitza elkarrekintzan dago gainerakoekin epe luzerako eraginkortasunean laguntzeko. Praktikan, esku-hartzearen lau osagaiak elkarrekin aintzat hartu behar dira, elkarren mendeko direlako eta ez direlako pentsatu bakarka aplikatzeko.

 

¿Zertan datzate ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak?

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planetan sartzen badira ere, ondorioetan oinarritzen diren esku-hartzeak –hau da, jokabide gatazkatsua gertatu eta gero zuk edo beste pertsona batzuk egiten duten horretan– ez dira horien osagai garrantzitsuena, eta benetan eraginkor dira, bakar- bakarrik, planeko beste osagai batzuekin batera aplikatzen direnean, batez ere gaitasun alternatiboen irakaskuntzarekin.

Hain zuzen ere, ondorioetan oinarritzen diren estrategiek bi xede dituzte nagusiki: batetik, pertsona adoretzea gaitasun alternatiboetara jotzen duenean eta, bestetik, jokabide gatazkatsuen eraginkortasuna murriztea (hau da, horiek gertatzeagatik lortu nahi den emaitza lortzeko Estrategia hauekin, beraz, helburua hau da: ezinduari erakustea gaitasun alternatiboak eraginkorragoak direla nahi diren emaitzak lortzeko, eta jokabide gatazkatsuak ez direla hain eraginkorrak edo eraginkortasunik gabekoak direla, gizarterako desegoki izateaz gain, bere helburuak lortzeko.

Horrelako esku-hartzeetan krisiak gidatzeko estrategiak ere sartzen dira. Horrelakoak dira bere buruarentzat edo beste pertsona batzuentzat arrisku bat izan daitezkeen edo kalte materialak sor ditzakeen jokabide gatazkatsuak (eraso jokabideak, beren buruari eraso egitekoak edo gauzak hondatzekoak) ageri dituzten pertsonak babesteko erabiltzen diren estrategia erreaktiboak. Hala eta guztiz ere, krisiak gidatzeko estrategiek ez dute irakaskuntza funtziorik betetzen jokabideari lotutako laguntza positiboko planaren esparruan, eta, aldiz, jokabide gatazkatsua ageri duen pertsona nahiz inguruneko pertsonak eta ondasunak babestera zuzendutako larrialdiko prozedura bezala erabiltzen dira. Halaber, hauekin krisi egoeren bizitasuna murriztu nahi da, jokabideari lotutako laguntzako planean sartutako beste estrategia batzuk kale egin dutenean jokabide arriskutsuak agertzeari aurrea hartzerakoan.

Ondorioetan oinarritutako estrategiak planifikatzen dituzunean, kontuan hartu nola erantzungo duzun zuk eta inguruneko gainerako pertsonek, bai pertsonak ikasitako gaitasun alternatiboetara jotzen duenean, bai jokabide gatazkatsua agertzen duenean.

Jokabideari lotutako laguntzako plan batean sartutako estrategia mota guztietan bezala, ez dago hemen ere ez hobetzat edo eraginkorrentzat jo daitekeen bide bakarrik gaitasun alternatiboak erabiltzen direla areagotzeko eta jokabide gatazkatsuen egoerak murrizteko eta, beraz, kasu guztietan aplikatu ahal izateko. Aukeratutako formula pixkanaka diseinatu behar da, kasu bakoitzean bakarkako gaitasunei, ulermen gaitasunari eta jokabide gatazkatsuaren ebaluazio esparruan igarri diren eta horren hondotik finkatu den hipotesiaren ezaugarriei arreta emanez.

 

Ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak planifikatzeko gida diren galderak

Jarraian adieraziko diren gida erako galderak erreferentzia izan daitezke horrelako estrategiak planifikatzeko fasean:

 

  • Nola adoretu pertsona ikasitako gaitasun alternatiboetara jotzen duenean, lortu nahi duena lortzeko jokabide gatazkatsuak baino eraginkorragoak direla ikus dezan?
    • Garrantzitsua da gogoratzea helburua nahi duena lortu dezakeela irakastea dela, eta, gainera, eraginkortasun gehiagorekin gaitasun alternatiboak erabiliz gero. Horretarako, komenigarria da gaitasun alternatiboak erabiltzen direla indartzea, jokabide gatazkatsuak gertatu eta gero adoretzeak edo ordainak murrizten edo ezabatzen diren aldi berean.
      • Ondorioz, irakasten saiatzen ari garen gaitasun alternatibo bakoitzarentzako adoretze estrategiak pentsatu behar dira. Gaitasun alternatibo bat irakasten denean, ondorio egokiena, eta eraginkor eta indartsuena ere bai, jokabide gatazkatsuaren emaitza berdina sortzen duen erantzun bat da. Adibidez, Jonen adibidera itzuliz, hark “egin dut jada” iragartzen duenean, langileek azkar erantzun behar diote piezak eta poltsak kenduz eta, horrela, jarduera amaitu dela erakutsiz. Berehalakotasuna eta iraunkortasuna –hau da, pertsonak adierazi zaion gaitasun alternatiboa erabiltzen duen bakoitzean erantzun berdina edukitzea– funtsezkoak dira gaitasun alternatiboak erabiltzen direla indartzeko, izan ere, horiek bakarrik ahalbidetzen diote pertsonari jabetzea horiek jokabide gatazkatsua baino eraginkorragoak direla. Hasierako ikastean erantzuna atzeratu egiten bada (adibidez: “Jon, egin beste 5 zeregin, mesedez”), edo iraunkorra ez bada (adibidez, langileek zenbaitetan Jon zoriontzen dute jada amaitu duela jakinarazten duenean eta beste batzuetan ez), gerta daiteke pertsonak ez lotzea zuzenean gaitasun alternatiboa helburua lortzearekin, eta, beraz, jokabide gatazkatsuari heltzen jarraitzea. Bestalde, funtsezkoa da gizarte adoretzea ohituraz erabiltzea, eta ez bakarrik emaitzak lortzearen erreakzio modura aplikatuz, baizik eta, baita ere, ausaz erabiltzea, emaitza berdin horien arabera. Horrela, pertsonaren jarrera horiek lortzearen alde esfortzua egitekoa izango da.
      • Gaitasun orokorrak eta aurre egitekoak edo tolerantziakoak erabiltzen direla sendotzeko, beharrezkoa da adoretzeko estrategia egokiak garatzea. Posible den bakoitzean, komenigarria da helburu den gaitasunaren ondorio naturalak aukeratzea –adibidez, pertsona zoriontzea lortutako emaitzengatik, gizarte elkarrekintzako jardueretara edo oso erakargarri egiten zaizkionetara iristen dela erraztea–, ohiko inguruneetan gaitasun alternatiboak erabiltzen jarrai dezan. Hain modu naturalean gertatzen ez diren adoretzeetara jotzeko aukera aintzat har daiteke ere, adibidez jokabidea kontrolatzea lortzen duen aldi bakoitza autoerregistratzen laguntzea edo pribilegio edo bestelako ordain batzuk irabaztea. Horrelako adoretzeak ikasteko bereziki zailak diren gaitasun alternatiboak direnean erabiltzeko uztea erabaki daiteke (adibidez, pertsona bati, estres egoeretan, amorru sentimendua kontrolatzen irakasteak, hasieran behinik behin, pizgarri osagarriren bat behar izan dezake).
  • Nola erantzun pertsonak jokabide gatazkatsua ageri duenean? Nola erakutsi jokabide gatazkatsua ez dela eraginkorra, efizientea edo desiragarria izango etorkizunean horrek ez dituelako berak nahi dituen emaitzak eragingo?
    • Jokabide gatazkatsuen eraginkortasuna murrizten joateko, jokabide gatazkatsua gertatzen ari izateari jaramonik ez egitean oinarritzen diren estrategiak erabil daitezke, besterik gabe, hau da, gertatu izan ez balitz bezala erantzun. Jokabide gatazkatsuaren izaeragatik edo larritasunagatik horiei jaramonik ez egitea posible ez denean, pertsona beste jarduera batetarantz bidera daiteke edo laguntza eskaini dakioke ere, hartzen ari den gaitasun alternatibora jo dezan.
    • Jokabide gatazkatsuak egokiak ez direla ulertzen laguntzeko, feedback zuzentzailea emateko aukera ere aintzat har daiteke, horren bitartez argi azaltzeko zeintzuk diren mugak eta jokabide aldetik espero dena. Zenbaitetan, nahikoa izan daiteke ahozko feedback-arekin; beste batzuetan, aldiz, erabilgarria izan daiteke esku-hartze aktiboagoetara jotzea, betiere, pertsonaren adin kronologikoarekiko nahiz bere egoera kognitiboarekiko egokiak. Horiek arauek ezarritako ondorioak azaltzean oinarritutakoak izan daitezke (zentrokoak, familiarenak edo gizartearenak orokorrean). Adibidez, etxebizitzan apurtzen den beira batengatik ordaindu behar dela edo etxean pribilegioak gal daitezkeela –adibidez, telebista ikustea–. Funtsezkoa da ondorio zuzentzaile horiek iraunkorrak izatea eta ez, inolaz ere, ingurune berdinean dauden beste pertsonei aplikatzen zaizkienean baino intrusibo edo zigortzaileagoak, ezinduak izan zein ez.
    • Bestalde, aintzat hartu behar da feedback zuzentzailea ez dela halabeharrez egin behar jokabide gatazkatsua gertatzen den unean edo hura gertatu eta berehala. Aldiz, jokabidea zein den eta pertsonaren ezaugarrien arabera, lasaitu arte itxaroteko aukera kontuan izan behar da, ondoren bere jokabideak edukiko dituen ondorioak gogorarazteko. Izan ere, hori une egokian egiten ez bada, krisia areagotzea edo berriro azaltzea eragin dezakegu.
  • Hirugarren gaiak zerikusia du krisiak gidatzearekin, eta pertsonak jokabide gatazkatsu oso serioak agertzeko arriskua dagoenean aintzat hartu behar dira.
    • Zer egin dezakegu krisi egoeren bizitasuna murrizteko eta ezindua nahiz bere ingurunea egon daitezkeen kalte fisikoetatik babesteko? Krisi egoeretarako esku-hartze planak diseinatzeko garaian, zera behar da:
      • kontu handiz definitzea zer den krisi egoera bat;
      • esku-hartze prozedurak eta horiek aplikatzerakoan esku hartu dutenak nortzuk diren deskribatzea;
      • plana garatzeko behar diren baliabideak identifikatzea, adibidez jarduera programa aldatzea edo beste langile bati dei egitea laguntza eskatzeko.
    • Krisiak gidatzeko planak edozein krisik ageri dituen hiru faseen arabera diseinatu behar dira:
      • Hasierako fasearen ezaugarria bizitasunak gora egitea da, eta, beraz, krisia nola saihestu daitekeen finkatzeko saiakera egin behar da. Krisi bat gertatuko dela jakiteko aldez aurretik ba al da aztarnarik (adibidez, urduriago dago, hitz estereotipatuak ageri ditu)? Lehen aztarna hori agertzen den unean, lasaitzeko saiakera egin daiteke eta, halaber, arriskutsua izan daitekeen egoera aldatzeko saiakera egin daiteke (adibidez, mantso hitz egitea, jarduera maila murriztea eta gelako zarata gutxitzea).
      • Krisia lehertzen den fasean kontuan hartu larrialdiko prozedurak, horien bitartez kalteetatik babesteko, bai krisia duen pertsona bera, bai inguruan dituen pertsonak. Murrizketa fisikoa da, beharbada, fase honetan gehien aplikatu ohi den erantzuna. Hala ere, jardun alternatiboak ere aintzat hartu behar dira, babes xedearekin ere, adibidez pertsonaren buruaren azpian kuxina jartzea bere buruari eraso egiteari aurrea hartzeko edo gainerako pertsonak krisia gertatzen ari den gelatik ateratzea. Baliabide seguruenak eta intrusio gutxienekoak aukeratu.
      • Beheranzko fasean, jokabideak bizitasuna galtzen du eta, hor, krisia duen pertsona (eta baita gainerakoak ere) lasaitu dezaketen eta beste krisi bat sortzeari aurrea hartu diezaioketen estrategiak dira aintzat hartu beharrekoak.
    • Gogoratu krisiak gidatzeko esku-hartzeak larrialdi egoeran bakarrik erabili behar direla. Hauek ez dute balio epe luzera jokabide gatazkatsuak murriztera zuzendutako jardun estrategia modura. Horrelako gidatze estrategiei behin eta berriro heldu behar zaiela ikusiko balitz, krisiak maiz gertatzeagatik, horrek esan nahi izan dezake laguntza planeko beste osagai batzuk ez direla behar bezala funtzionatzen ari eta, beraz, ebaluaziopean eta aldaketapean jartzea komeni dela.

Labur adieraztearren, ondorioetan oinarritzen diren estrategiak pertsona adoretzeko helburuarekin aplikatzen dira, hark gaitasun alternatiboak erabiltzen dituenean eta, aldi berean, jokabide gatazkatsuen eraginkortasuna murriztuz doa. Larrialdiko egoeretan ere erabiltzen dira, pertsona bera nahiz inguruneko beste pertsona batzuk babesteko egon daitezkeen kalte fisikoetatik.

 

Ondorioetan oinarritutako esku-hartzeak planifikatzeko jarduera egokietarako gomendioak

Jarraian, plangintza egokia egiteko aintzat hartu behar diren ohar batzuk azalduko dira:

  • Ziurtatu ondorioetan oinarritutako estrategiak beste osagai batzuekin batera aplikatzen direla esku-hartzean zehar. Epe laburrera duen eraginkortasun handiagatik ondorioetan oinarritako estrategietara bakar-bakarrik jotzeko akatsa ez egin (hau da, oso berehalako emaitzak lortzen direlako). Funtsezkoa da kontuan izatea beti estrategia hauek ez dutela balio izango emaitza iraunkorrak lortzeko, aurrekarietan oinarritutako estrategiekin batera aplikatzen ez badira, hau da, gaitasun alternatiboak irakastearekin edo jokabide gatazkatsuak azaltzean eragina duten baldintzetan aldaketak sartzearekin. Ez ahaztu ondorioetan oinarritutako estrategiak bakarrik erabiliz gero, geroz eta intrusiboagoak diren esku-hartzeetara jotzea ekar diezazukeela.
  • Funtsezkoa da ulertzea nola erlazionatzen diren ondorioetan oinarritutako estrategiak beren hipotesiekin. Beste era batera esanda, jakin egin behar da hautatutako estrategia bakoitzak nola motibatuko duen pertsona gaitasun alternatiboak erabiltzeko, eta, horrekin batera, nola desanimatuko duen jokabide gatazkatsua erabiltzeko garaian. Aintzat hartuko dira hipotesian identifikatu diren jokabide gatazkatsuak agertzea eragiten duten faktoreak eta pertsonak ulertzeko duen ahalmena. Adibidez, ez du zentzurik “denboraldi bat kanpora bidaltzearena” erabiltzeak (etxebizitzako edo tailerreko taldearentzat hori izan arren ezarritako arau orokorra) Jonek mahai gainean ukabilkada ematen duenean zeregin bat amaitzeko, izan ere, estrategia horrek ukabilkadak maiztasun gehiagorekin ematea irakats diezaioke jarduerarekin amaitzeko modu eraginkor bezala. Desegokia da, halaber, pertsonaren ulermen gaitasuna gaindituko duen ondorio bat erabiltzea (adibidez, apurtutako mahaia ordaintzea, diruak duen balioa ulertzen ez badu).
  • Ziurtatu langile guztiek ulertzen dutela zer den krisia gidatzea, zer den larrialdi bat eta nola erantzun behar zaion hari. Krisia gidatzeko estrategietara jotzerakoan, krisia duen pertsonak bere burua edo inguruko pertsonak kaltetzeari edo kalte materialak eragiteari aurrea hartzeko hertsapen gutxieneko baliabideak aplikatu behar dira. Galde iezaiozu zure buruari, adibidez: altzariak ezabatu ditzakegu? Gainerakoei gelatik irten daitezela eska diezaiekegu? Pertsonak bere buruari eraso egitea eten dezakegu hormatik edo bestelako gainazal gogorretatik urrunduz? Murrizketa fisikoa bada aukera seguru bakarra, orduan zaintza muturreraino eraman behar da esku-hartze hori abusuzkoa ez dela ziurtatzeko beti:
    • inoiz ez da zigor bezala erabili behar, ezta pertsona eskatzen ari zaiona betetzera behartzeko modu bezala ere.
    • inoiz ez da pertsona bat immobilizatu behar beharrezkoa dena baino murrizketa mota biziago batekin, ezta segurtasun egoera bat berrezartzeko behar dena baino denbora luzeagoaz ere;
    • mugaketa fisikoaren erabilerak ez du inoiz aukera eman behar pultsu bat egoteko mugaketa aplikatzen duen pertsonaren eta krisia azaltzen duenaren artean.
    • Eragin hauetarako, ezinbestekoa da honakoa:
      • Horrelako kasuetan nola jardun behar den adierazten duen protokolo adostu bat edukitzea; zer kasutan esku hartu behar den, nola esku hartu behar den, nork esku hartu behar duen, zenbat denboraz, non, eta esku-hartzean zer beste aldagaik eragin dezakeen.
      • Laguntzeko langileei prestakuntza ematea horrelako teknikak aplikatzeko.
      • Ezinduaren legezko ordezkari diren pertsonak jakinaren gainean jartzea, horiek senideak edo ahaidetasun loturarik gabeko tutoreak izan gorabehera, eta haien baietza eduki horrelako neurriak aplikatu ahal izateko.
  • Ziurtatu aplikatzen diren ondorioak egokiak direla adinarentzako eta errespetuzkoak direla, eta ingurune barneratzaileen ezaugarrietara egokitzen direla. Hauek dira barneratzea errazteko gutxieneko irizpideak, pertsona estigmatizatu edo barregarri geldiarazi gabe.

ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.