Osasun ona edukitzea pertsonen bizitzarengan eta bizi kalitatearengan eragin gehien duen faktoreetako bat da, eta motibazioari, garapenari eta jokabideari eragiten die. Osasun fisikoak eta buruko osasunak harreman estua dute, eta gorputzak gaixotasun baten eraginak jasan behar dituenean, horrek eragin txikia edo handia eduki ohi du aldartean eta jokabidean, eta baita alderantziz ere: buruko gaixotasun batek eraginak eduki ditzake osasun fisikoan. Hori egia da pertsona guztientzat, eta baita, beraz, ezinduentzat ere.
Kapitulu honetan, batetik, osasun ona sustatzeari eta, orokorrean, osasuna zaintzeari buruzko oinarrizko jarraibide batzuk ematen dira eta, bestetik, oso berariaz jorratzen dira ezinduei dagokienez garrantzi berezia hartzen duten bi gai: buruko osasuna eta epilepsia.
Egoitza zerbitzuen esparruan, funtsezkoa da beharrezko neurriak hartzea, ezinduak osasun egoera onean mantendu daitezen. Oinarrizko neurri batzuk oso aktiboki lagundu dezakete xede horretan: osasunean hezteko programa bat aplikatzea; hurbileko harremana eratzea atenditutako pertsonen familia medikuekin, eta, halakorik egonez gero, baita ezinduak tratatzen dituzten espezialistekin ere; aldizka, oinarrizko osasun kontrolak egitea; sendagaiak ongi hartzen direla kontrolatzea.
Osasunerako hezkuntza
- Osasuna faktore ezberdinen ondotik dator eta, besteak beste, inguruneak eta bizitza estiloak paper erabakigarria betetzen dute. Garrantzitsua da ezinduek bizitza osasungarriko jarraibideak garatu ahal izatea eta, horretarako, komeni da egoitza zerbitzuetan osasunean hezteko oinarrizko jarraibide batzuk eskura jartzea. Horiek ondoren zehaztuko diren eremuak estaliko dituzte:
- Higiene pertsonala: norberak bere burua txukuntzea eta ahoko eta hortzetako higienea.
- Elikadura eta nutrizioa: dieta orekatu bat edukitzea, oinarrizko elikagai multzoak sartuz eta, behar izanez gero (kolesterola, diabetesa, obesitatea, elikagaiekiko alergiak...), dieta berezia edukitzea.
- Ingurune osasuna: hurbileneko ingurunea garbitzea eta birziklatzea; ura behar bezala erabiltzea.
- Drogen kontsumoari aurrea hartzea.
- Istripuei aurrea hartzea.
- Gaixotasunei aurrea hartzea, bereziki zainduz harreman sexualen ondotik kutsatzen diren gaixotasunak.
Harremanetan egon familia medikuekin eta espezialistekin
- Funtsezkoa da ezindua laguntzeko profesional taldeak konfiantzazko harremana edukitzea familia medikuarekin eta, halakorik balego, baita ezindua tratatzen duten espezialistekin ere. Garrantzitsua da hainbat arrazoi direla eta:
- egoitzaren esparruan, laguntza emateko profesionalek behatzeko aukerak dituztelako eta horiek funtsezkoak izan daitezkeelako diagnostikoa egite aldera;
- ezinduak komunikatzeko zailtasunak dituen kasuan, laguntza emateko taldeko profesionalek eroale edo interprete gisa jardun dezaketelako;
- horrelako ezaugarriak dituen harreman bat ezinbestekoa delako ere berariazko kontsultak egiteko eta larrialdi egoeretan, familia medikuak espezialistaren aurrean bitartekari edo eroale modura jardutea interesatzen bada, harremanetan jarri ahal izateko.
Oinarrizko kontrolak aldizka
- Orokorrean, biztanleria osoari aplikatzen zaizkion oinarrizko eta aldizkako osasun kontrolak egitea beharrezkoa da:
- Entzumena aztertzea
- Azterketa oftalmologikoa
- Hortzen azterketa
- Odolaren presioa kontrolatzea
- Odol eta gernu analisiak
- Azterketa ginekologikoak
- Prostataren azterketak
Sendagaiak hartzen direla kontrolatzea
- Ezintasunen bat duten pertsona askok sendagaiak hartu ohi dituzte.
- Tratamenduetako batzuk iraunkorrak dira eta buruko osasuneko arazoak, epilepsia edo jokabide gatazkatsuak tratatzeko jarri dira; horien artean, sendagai neuroleptikoak edo antipsikotikoak, lasaigarriak edo hipnotikoak eta depresioaren aurkakoak aipa daitezke. Horiek guztiek berariazko jarraibideak dituzte, baina, sendagai guztien kasuan bezala, bigarren mailako ondorioak dituzte edo eduki ditzakete. Beste era batera esanda, sendagai hauek espero daitezkeen baino nahi ez diren ondorio farmakologikoak eduki ditzakete, eta hori produktua agindutako dosian hartuta ere.
- Beste sendagai batzuk aldi batez hartu ohi dira, gaixotasun edo koadro kliniko zehatzak tratatzeko. Horien artean, antibiotikoak, ultzeraren aurkakoak, hanturaren aurkakoak, analgesikoak, eta abar daude.
- Bai ohiko sendagaia emateko, bai aldi bateko edo une jakin bateko sendagaietarako, beharrezkoa da pertsona jarraitzeaz arduratzen den sendagileak agindutako jarraibideak errespetatzea. Modu osagarrian, ondoren adieraziko diren jarduteko jarraibide orokor hauek oinarrizko orientazioa eskaini dezakete:
- Sendagai bidezko tratamenduak, beti, sendagileak agindutakoak izan behar dira.
- Agindutako sendagai bakoitzak etiketa bat eduki behar du, eta hartan zera jasota egon:
- erabiltzailearen izena;
- agindu zitzaion data;
- sendagaiaren izena;
- sendagaiaren dosia eta zer maiztasunarekin hartu behar den;
- berariazko edozein jarraibide (adibidez, otorduak eta gero hartu).
- Komenigarria da sendagaiak dosi bakarreko pastilla kaxatan prestatzea, kasuan kasuko erabiltzailearen izenarekin identifikatuta.
- Erabiltzaile bakoitzari buruz informazio fitxa bat egon behar da; bertan, sendagaiak, dosia eta zer maiztasunarekin hartu behar den adierazi beharko da. Hartu behar diren sendagaietan aldakuntzarik dagoenean, fitxa eguneratu egin behar da berehala.
- Langileek erabiltzaile bakoitzari eman behar dizkiote kasuan kasuko sendagaiak, arreta berezia jarriz pertsonak behar bezala irensten dituela ikusteko. Aurrekoaren kaltetan izan gabe, komenigarria da eremu honetan ezinduen erantzukizunaren eta autonomiaren alde egitea, ahal den heinean haiek sendagaiak hartzen dituztela saiatuz, lan hori erraztuz (pastilla kutxekin) eta, beharrezkoa izanez gero, ikuskapenpean eginez (pastillak kontatuz, adibidez).
- Komenigarria da laguntza ematen duten langileei eskaintzen zaien prestakuntzak hurrengo alderdiak hartzea:
- oinarrizko ezagutzak sendagai mota batzuk edo besteek normalean eragin ditzaketen eraginen gainean;
- egoitza zerbitzuak sendagaiak erregistratzeari eta manipulatzeari buruz duen politika;
- sendagaiak irenstetik eratorritako larrialdiko egoerak gertatuz gero, jarduteko dauden jarraibideak.
- Sendagaiak, beti, honela gorde behar dira:
- ezintasun intelektuala edo narriadura kognitiboa duten pertsonen helmenetik kanpo;
- ontzian edo sendagaiaren informazio paperean adierazten diren bestelako jarraibideak jarraituz (adibidez, toki lehor eta hotzean, hozkailuan, eta abar).
- Sendagaiak ez dira iraungitzen diren datatik harago gorde behar.
- Sendagai guztiek bigarren mailako eraginak dituzte, beraz, askotan, beharrezkoa izango da kontrolak egitea gaixoaren bilakaera egiaztatze aldera –analitikak, proba fisikoak, eta abar–.
- Benetan garrantzitsua da sendagaien banakako erregistroak ongi eguneraturik edukitzea; horrela, interakzio desegokiak edo arriskutsuak eduki ditzaketen sendagaiak agindu edo ematea saihestuko da.