Bizi estiloaren gaineko esku-hartzeak
Bizi estiloak ezinduaren eguneroko erritmo eta errutinei heltzen die: non bizi den, non egiten duen lan eta non gozatzen duen denbora libreaz; zer geratzen den, zehatz-mehatz, ingurune horietan, hau da, nola antolatzen duen bizitza eta norekin, eta nola eragiten duten jarduera horiek bere gogobetetasun mailan eta gozamen pertsonalean. Bizi estiloaren gaineko esku-hartzeek lagundu egiten dute jokabide gatazkatsuei epe luzera aurrea hartzen, bizi kalitatea, orokorrean, hobetzearen bitartez. Jokabideari lotutako laguntza positiboko planaren laugarren eta azken osagai bezala azaldu arren hemen, ziurrenik guztietan garrantzitsuena da eta, inolako zalantzarik gabe, arreta taldetik baloratu beharreko lehenengoetariko bat izan beharko litzateke, izan ere, gainerako laguntza guztiak aplikatzeko eta gainerako laguntza esfortzu guztien arrakastarako testuinguru egokia ematen duena da.
Bizi estiloaren gaineko esku-hartzeak aintzat hartzeko eta horiei garrantzi berezia emateko beharra arrazoi ezberdinen bitartez azaltzen da:
- Lehenengoa eta nabarmenena da bizi kalitate pobre bat (adibidez bere bizitzan aukeraketak egiteko eta hura kontrolatzeko aukera gutxi, isolamenduko edo bazterkeriako egoera) edo eguneroko bizitzarekiko orokorrean gogobetetasun falta edukitzeak jokabide gatazkatsuak agertu eta gertatzean zerikusi zuzena eta aktiboa duten faktoreak dira, eta horien arrazoi nagusi izatera ere iritsi daitezke. Horrelako egoeretan, jokabideari lotutako laguntzako planean bizi estiloaren gaineko esku-hartzeak sartzen ez badira, gainerako esku-hartzeek, ugariak eta egokiak badira ere, ez dituzte espero diren emaitza positiboak eragingo. Adibidez: pertsona ez badago inolaz ere gustura bere lanbide programarekin eta piezak poltsetan sartzeko zereginetan trebatzeko tematzen bagara, gutxirako balioko dute atsedena eskatzeko edo hainbat jardueren artean aukeratzeko gaitasun alternatiboak irakasteko egiten diren esku-hartzeek edo ohitura onak edo laneko emaitzak saritzeak. Horrelako esku-hartzeek lagundu egin dezakete lana jasangarriago bihurtzen, baina ez du aldatu izango jokabide gatazkatsuaren arrazoi nagusia eta, beraz, eskuratzen diren emaitzak ez dira iraunkorrak izango.
- Bizi estiloaren gaineko esku-hartzeei protagonismoa ematera behartzen duen bigarren arrazoi bat da errazagoa eta ziurtasun gehiagokoa izatea pertsonek gizartean onargarri diren jokabideak ikastea erakargarri eta adierazgarri zaizkien testuinguruetan. Ohikoena da jokabide gatazkatsuen historiala duten pertsonei ikastetxera, lanera, komunitatera eta, zenbaitetan, baita etxeko jardueretara ere iristeko aukera ukatzea. Halaber, ohikoa da jokabide gatazkatsu bat geroz eta gehiago azaldu, orduan eta intrusiboak bihurtzea aplikatzen diren esku- hartzeak. Halaber, egiaztatutako gertaera da esku-hartze bat geroz eta intrusibogoa izan, orduan eta aukera gutxiago edukiko dituela pertsonak bere ingurunea kontrolatzeko eta, beraz, bere jokabidea ere kontrolatzeko, eta handiagoa izango da ohiko jardueretatik kanpo uzteko probabilitatea. Helburu nagusia sorgin gurpil hori apurtzea da, ingurune inklusiboetan laguntzeko testuinguruak eraikiz.
- Hirugarren arrazoia zera aintzat hartzean oinarritzen da: bizi estiloaren gaineko esku-hartzeek aukera ematen dutela ezinduari laguntza iraunkorra eta epe luzerakoa emateko. Hain zuzen ere, inguruneak etengabe aldatzen ari dira eta ezindu ugarik laguntza jarraitua behar dute jada hartutako gaitasun alternatiboak mantentzeko eta hainbat egoeratan mantentzeko, eta baita egoera eta ingurune berrietan aplikatu ahalko diren gaitasun alternatiboak ikasteko ere. Halaber, arreta taldeak laguntzako testuinguruak edo gizarte laguntzakoak eraikitzeko beharra ikus dezake; horiek, batetik, ezindua onartu eta barneratuko dute eta, bestetik, haien beharrei erantzungo diete.
Garrantzitsua da kontuan hartzea bizi estiloaren gaineko esku-hartzeak gainerako esku-hartze modalitateak baino sistematizazio gutxiagokoak direla. Beharrezkoa da taldeko kide guztiek estrategiak pentsatzea, horiek taldeko jarduerak aztertzen eta proposatzen diren bileretan partekatzea eta bilera horietan eztabaidatu eta onartu diren estrategia guztiak aintzat hartzea esku-hartzeak garatzen direnean, bai laneko testuinguruan, bai etxean edo komunitatearen bestelako inguruneetan. Beharrezkoa da estrategia horiek eguneroko errutinen ebaluazioan, eskura dauden baliabideetan, ezinduaren zaletasunetan eta familiaren lehentasunetan oinarriturikoak izatea.
Estrategia hauek planifikatzeko edo programatzeko garaian, aintzat hartu, gutxienez, funtsezko diren gida erako bi galdera:
- Pertsonaren bizi kalitatea hobetzeko, bizi estiloko zer faktore alda daiteke eguneroko bizitza gogobetetasun gehiagokoa eta atseginagoa izan dadin?
- Galdera honi erantzuteko, komenigarria da hasieran formulatu den hipotesia berraztertzea, jokabide gatazkatsuak ezinduarentzat betetzen duen funtzioaren arabera. Zehazki, komenigarria da pertsona honen eguneroko errutinen eta adin bereko eta ezintasunik gabeko pertsonen errutinen arteko alderaketa egitea eta horiek behatzea; halaber, interesgarria da garatzen dituen eta garatu nahi lituzkeen jardueren arteko desberdintasunak finkatzea, hau da, errealitatearen eta desio edo nahien artekoak. Aintzat hartu, halaber, lagunen eta familiaren arteko harremanak, aukeraketa eta kontrol aukerak, erakargarri eta adierazgarri suertatzen zaizkion jardueretan parte hartzeko benetako aukerak, bere adinarekiko ohiko diren lan, eskola eta komunitate jardueretan sartzea.
- Balorazio horiek egiten eta gero, galdetu zure buruari: “zer egin daiteke egoera hobetzeko?”. Jarri helburuak epe laburrerako eta epe luzerako: lehenik eta behin, identifikatu bizi estiloan berehalako hobekuntzak ekarriko dituzten aldaketak. Bigarrenik, aintzat hartu zer ekintza den komenigarri aplikatzea epe luzeago batera (urtebete edo gehiago).
- Aintzat hartu bigarren galdera bat ere plangintza egiterakoan: emaitza positiboak mantentzeko eta jokabide gatazkatsuak agertzeari aurrea hartzeko, zer nolako egokitzapen edo laguntza behar izango dira epe luzera (adibidez, gaitasun alternatiboak, bizi estiloan hobekuntzak)?
- Horien artean irakaskuntzako laguntza edo laguntza emozional iraunkorrak sartu daitezke, horiek pertsonak lagun ditzaten egoera ezberdinetan gaitasun alternatiboak erabiltzen dituztela zabaltzen. Halaber, beste batzuen gizarte erantzunetan eragina edukiko duten estrategiak diseina daitezke (adibidez, kideei erantzun positiboa ematera animatzea, ezinduak jardueraren batean parte hartzea eskatzen duenean).
- Epe luzerako bizi estiloaren egokitzapen iraunkorrak ere aintzakotzat hartu: sartu eguneroko errutinaren barruan, izan ere, gogobetetasun sentimendua areagotzen dute eta estres egoerak arintzen laguntzen dute (adibidez, egunean zehar atsedenaldiak maiz eman edo errespetatu sekuentzia jakin bat egunero errutinetan).
- Azkenik, epe luzerako estrategiak pertsonaren ahalmena areagotzeko gaitasun ugari irakastea ere izan daitezke, horien bitartez nahi dituen emaitzak lor ditzan. Halaber, denboran zehar eta egoera eta testuinguru ezberdinetan hartutako gaitasun alternatiboak mantentzen irakastea ere izan daiteke (mantentzeko estrategiak).
