Edukinera zuzenean joan

Jokabideari lotutako laguntza positiboari buruzko galdera ohikoenak

  • Zenbat denbora behar da ebaluazio funtzionala egiteko?
    • Jokabide gatazkatsuen ebaluazio funtzionala, nagusiki, ezinduari buruzko ezagutzan oinarritzen da: pertsona ulertzea, bere jokabidearen testuinguru eraginak zehaztea eta jokabide gatazkatsuaren funtzioa ezagutzan oinarritutako etengabeko prozesua da. Hori dela eta, pertsona ezin hobeki ezagutzen duten taldeentzat, hasierako ebaluazio funtzionalak egun gutxi batzuk behar izan ditzake eta, aldiz, pertsonari buruzko ezagutza hain sakona ez dutenentzat, aste batzuk behar izan daitezke.
    • Hala eta guztiz ere, hura aplikatzeko behar den denbora eraginik ere baduten beste faktore batzuk aintzat hartu behar dira: zer jokabide gatazkatsu den, ebaluazio funtzionala egiteko dagoen denbora, esku-hartzea garatzen duten profesionalen prestakuntza eta esperientzia, eta abar.
  • Zer gertatzen da taldeak jokabidea gertatzeko eragina duten faktoreak zeintzuk diren eta jokabide gatazkatsuaren funtzioa zein den zehaztea lortzen ez badu?
    • Jokabide gatazkatsu bat gertatzen denean eragina duten faktore guztiak ezagutza lan zaila eta konplexua da. Ohikoa da lehen aldi batean ezin zehaztea zeintzuk diren jokabidea lehertzea eragiten duten elementu guztiak. Aitzitik, pixkanaka, hasierako ebaluazioa etengabe berrikustearen esparruan, posible izan behar da ziurtasun gehiagorekin eta ulermen gehiagorekin mugatzen joatea faktore eragile horiek. Hori dela eta, ez da komenigarria guztia hasiera-hasieratik hartzen saiatzea; aldiz, hobe da ebaluazioa eta laguntza plana eskura dagoen informazioan oinarritzea, jakinda, aurrerago, posible izango dela datu multzoa osatzea eta baita hasiera batean antzemandako aldagai edo faktore batzuk zuzentzen joatea ere. Behin laguntza aplikatzen hasita, komenigarria da prozesuari jarraitutasuna ematea, informazio gehiago behatu eta bilduz jokabide gatazkatsuak gertatzen direnean eragina duten aldagaiak hobeki mugatzeko eta hobeki zehazteko zeintzuk diren behatutako jokabide gatazkatsuek dituzten funtzioak.
  • Hipotesi orokorrak eta berariazkoak garatzea beharrezkoa al da plan bat garatzeko?
    • Erantzuna baiezkoa da. Berariazko hipotesiak bakarrik garatuz gero, arriskua da taldearen gaitasuna mugatzea pertsonaren ulermen sakonera iristeko garaian, eta baita pertsonarentzat, familiarentzat eta laguntza taldeko beste kide batzuentzat adierazgarri diren bizi estiloko esku-hartze zabalagoak garatzeko aukera mugatzea ere. Aldiz, hipotesi orokorrak bakarrik garatzen badira, arriskua da gaitasun alternatiboen irakaskuntza edo pertsonarentzat gatazkatsu diren aurrekarien aldaketa aukerak mugatzea.
  • Jokabideari lotutako laguntza positiboko planak erabilgarriak al dira buruko osasun behar garrantzitsuak dituzten pertsonentzat?
    • Bai, izan daitezke; izan ere, prozesua jokabide gatazkatsuak ageri dituen edozein pertsonaren kasuan aplika daiteke, betiere, haren ezaugarrietara eta gizabanako bezala dituen beharretara egokituta bada. Gauzak horrela, ezintasun ertain edo larriak dituzten pertsonengan, aurrekarietako aldaketak curriculumean edo hezkuntza metodoetan oinarritu daitezke; gaitasun alternatiboen trebakuntza gizarte elkarrekintzako gaitasun konplexuak, arazoak konpontzekoak eta antolamendukoak irakastera zuzenduta dago, eta ondorioetan oinarritzen diren esku-hartzeek pertsona sar dezakete aktiboki prozesuan, bertan esku harraraziz autoebaluazioaren edo autoerregistroaren bitartez.
    • Pertsonek buruko osasuneko arazo adierazgarriak dituztenean, gomendagarria da profesionalen taldean buruko osasuneko profesionalak ere sartzea, izan ere, horrelako kasuetan, askotan sendagai bidezko tratamenduen eraginak magnifikatzeko joera egoten da (“Nola egongo da ba hartzen duen guztiarekin?”) edo bigarren mailako eraginak minimizatzekoa (adibidez, gerta daiteke etengabe uda edateko beharra edo lozorroan egotea jokabide arazotzat jotzea, benetan tratamenduaren ondorio izan daitekeenean).
    • Egoera horiek ongi argituz, jokabideari lotutako laguntza positiboa aplikatzea posible da, baita jokabide gatazkatsuak oinarri biologiko garrantzitsua duenean ere, izan ere, taldeek jokabide gatazkatsuak gertatzean eta horien izaera edo larritasunean eragina duten ingurune aldagaiak identifika ditzakete, eta laguntza planek estresa pizten duten aurrekarietan jardun dezakete edo bizi estiloaren alderdietan bestela. Horrez gain, pertsonari egoera gatazkatsuak saihesten edo horiei aurre egiten lagun diezaioketen gaitasun alternatiboak irakatsi dakizkioke.
  • Jokabideari lotutako laguntzako planean sartu diren estrategiek eragina edukitzeko eta, hala badagokio, horiek aldatzeko zenbat denbora aurreikusi behar da?
    • Egia esan ez dago denbora epe finkorik estrategien arrakasta edo kale egitea epaitzeko, nahiz eta, orokorrean, komenigarria den epea luzeegia ez izatea. Taldeak aurrerapenen lehenengo berrikuspena edo ebaluazioa egiten duenean, hura osatzen duten pertsonak adostasun batera iritsi beharko dira ebaluazioen aldizkakotasunari edo planaren berrikuspenei dagokienez. Helburuak arrazoizko denboran lortu ez badira, hausnartzen eta estrategia berriak pentsatzen jarraitu behar da. Horiek aukera eman behar dute ohiko inguruneetan aplikagarri diren eta oso hertsatzaileak ez diren aldaketak sartzeko. Ingurune barneratzaileetan garatu ezin daitekeen esku-hartzea ez da oso ohikoa, beraz, helburuak lortzen ez direnean, jarraitu egin behar da eta bi galderari erantzun: zer aldaketa behar da arrakasta edukitzeko? Zer egin dezakegu hori gertatzeko?
  • Nondik aterako dute langileek denbora jokabideari lotutako laguntza plan bat diseinatu eta ezartzeko?
    • Askotan, jokabideari lotutako laguntzako planen diseinua egiteko profesionalen aldetiko denbora inbertsio garrantzitsua behar dela baieztatzen da, eta, ondorioz, arreta pertsonaleko zerbitzuak ematen dituztenak kezkatu egiten dira, izan ere, beren funtzioak denbora muga batzuen barruan garatu beharretik etorritako eragozpenei aurre egin behar diete.
    • Kontua da, azterlanen arabera, badirudiela jokabideari lotutako laguntza positiboaren arabera jarduteko behar den denbora ez dela, epe ertain edo luzera, estrategia erreaktibo bat oinarri hartuta jarduteko funtsean behar den denbora baino gehiago (esku-hartzeak krisi garaian, larrialdiko egoera baten ondotik arretako bakarkako planak aldatzeko bilerak, diziplina prozeduren diseinua eta aplikazioa). Hala eta guztiz ere, hasiera batean, beharrezkoa da ezarpeneko hasierako denbora aintzat hartzea. Denbora horretan zehar, beharrezkoa izango da denbora input garrantzitsuagoa aurreikustea esku hartzen duten pertsonen aldetik eta, batez ere, jokabideari lotutako laguntza positiboko planetan eta prozesuetan lider diren profesionalen partetik.
    • Argi dago jokabide gatazkatsuak ageri dituzten pertsonek langileen aldetiko dedikazioa behar dutela etengabe; beraz, kontua ez da, egia esan, denbora gutxiago nola inbertitu, baizik eta denbora hori hobeki nola inbertitu, eraginkortasun handiagoarekin, alegia, epe luzera emaitzak lortzeko.
  • Pertsonak krisia oso maiz badu, zer komeni da egitea?
    • Krisi egoerak gidatzeko plan bat behin eta berriro erabiltzeak zera behar dela esan nahi du:
      • bere taldeko hipotesiak berraztertzea;
      • esku-hartzeak eta estrategiak aldatzea;
      • jokabideari lotutako laguntzako planak aldatzea hipotesi berriak eta esku-hartze berriak oinarri hartuta.
    • Funtsezkoa da beti buruan edukitzea jokabide gatazkatsuak funtzio oso zehatz bat betetzen duela hura ageri duen ezinduarentzat, beraz, krisiak maiz izaten badira, horrek esan nahi du, ziurrenik, plana ez datorrela bat bere beharrekin eta diseinatu eta aplikatu diren esku-hartzeak ez zaizkiola egoerari egokitzen. Horrelakoetan, pentsatu egin behar da planaren osagairen bat edo batzuk nola indartu edo aldatu (aurrekarietan oinarritutako estrategiak edo ingurunea aldatzekoak, gaitasun alternatiboak irakastea, bizi estiloko esku-hartzeak), eta ziurtatu egin behar da pertsonaren bizitzan esanguratsu diren pertsona guztiak planean sartuta eta haren aplikazioan integratuta daudela. Halaber, beharrezkoa da aintzat hartzea buruko osasuneko arazoren bat eragina edukitzen egon daitekeela, beraz, beharrezkoa izango da buruko osasunean aditu den pertsona batengana jotzea, hark faktore hori badagoen edo ez dagoen argitu dezan.
    • Inolako zalantzarik gabe, krisiak frustrazio elementuak dira, bai pertsonarentzat berarentzat, bai taldearentzat, eta horiek gertatzen diren bitartean, erreakzio azkarra eduki behar da eta kasuan kasuko babes neurriak hartu. Hala eta guztiz ere, ez da komeni gogogabetzea eta, batez ere, funtsezkoa da taldeak ez ahaztea arazoa luzarorako konpontzea zein garrantzitsu den. Horrela, hura eragiten duen arrazoian edo arrazoietan jardun behar du taldeak.
  • Jokabideari lotutako laguntza positiboko planeko osagai guztiak beharrezkoak al dira beti?
    • Jokabideari lotutako laguntza positiboa eskema ulergarri bat da; bertan, osagai bakoitzak lagundu egiten du epe luzerako eraginkortasuna bermatzen eta emaitza adierazgarriak lortzen. Osagai guztiak dira garrantzitsuak, nahiz eta egia den guztiek ez dutela pisu berdina izango kasu guztietan eta, gizabanakoaren ezaugarrien eta beharren arabera, osagai batzuk beste batzuk baino gehiago azpimarratu beharko direla. Ez ahaztu pertsonen bizitza konplexua eta dinamikoa dela eta, beraz, hartara ongi egokitzeko, jokabideari lotutako laguntza positiboko prozesuak ere halakoa izan behar duela.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.