Aurrerapena berraztertzea
Bildu behar den informazio motaren eta hura biltzeko moduaren gainean akordio batera iristea garrantzitsua da. Dena dela, epe luzera arrakasta edukitzeko, funtsezkoa da, horrez gain, laguntza planari buruzko erabakiak hartzeko garaian informazio hori nola erabili behar den ulertzea: planaren osagaiak berriro ebaluatu behar diren, laguntza estrategiak sendotu behar diren edo egungo planaren edukiak zabaldu behar diren.
- Laguntza plana eraginkorra denean, hazkundeak lortuko dira gaitasunetan, murrizketak jokabide gatazkatsuetan eta hobekuntzak bizi estiloan. Horretarako, taldeak nola jarraitu galdetu behar dio bere buruari: lortutako emaitzak mantentzea bakarrik komeni den edo plana zabaltzea komeni den hobekuntza berriak lortze aldera.
- Aldiz, garapen adierazgarririk igartzen ez bada, taldeak bere buruari galdetu behar dio ea hori zergatik den horrela. Izan liteke hipotesiak lausoak izateagatik izatea, edo plana ez delako behar bezala oinarritu inguruneko eraginetan edo pertsonaren jokabide gatazkatsuaren funtzioan. Halaber, izan liteke planaren edukiak zuzenak izatea baina aplikazioan kale egin izana, edo beste elementu edo gertaera batzuk emaitza positiboak ezkutatu izana. Aurrerapenik ez egoteak laguntza planaren ebaluazio berria ekarri behar du, atzerapausoak saihesteko eta berriro ere esku-hartze hertsatzaileenetara ez itzultzeko.
Laguntza planaren eraginkortasunari buruz erabakiak hartzeko beharrezkoa da kontuz jardutea; hala, beharrezkoa da aldaketak sartzea inguruabar eta behar pertsonaletan egondako aldaketek hala exijitzen dutenean. Planaren eraginkortasuna ebaluatzeko garaian, komenigarria da hurrengo taulan bildutako gaiak aintzat hartzea.

