Edukinera zuzenean joan

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planen diseinua

Jokabideari lotutako laguntza positiboko plan bat diseinatzeko beharrezkoa da lankidetzako eta taldeko laneko ikuspegi batetik aritzea. Haren esparruan partekatu egiten dira baliabideak eta informazioa, konponbideak pentsatzen eta sortzen dira arazoentzat eta xede komun baten aurrean elkarrekiko konpromiso bat partekatzen da. Ikuspegi honetatik begiratuta, interesgarria zaigu jokabideari lotutako laguntza positiboko taldeek pertsona hobekien ezagutzen duen senideren bat edota lagunen bat edo egoitza arretako edo eguneko arretako zerbitzuetan nahiz komunitatearen ingurunean pertsonaren testuinguru ezberdinetan laguntza ematen dion langilea sartzea (hezitzailea, osasunaren alorreko profesionalak, psikologiaren alorreko profesionalak, eta abar).

Lankidetzako jarraibide eraginkor batek lagundu egiten du talde batek oinarrizko helburuak lortzen:

  • ezinduaren, bere senideen eta taldeko beste kide batzuen artean akordioetara iristea ezinduaren lehentasun nagusiak definitzerakoan;
  • ebaluazio funtzionala egitea eta jokabide gatazkatsuen arrazoiak azaltzeko hipotesiak planteatzea;
  • esku hartzeko aukera sorta zabala garatzea, hipotesiarekin harreman logikoa dutenak;
  • pertsonaren lehentasunei eta horiek aplikatzen diren testuinguruko baliabide eta errutinei (etxean edo egoitzan, lanean edo komunitatean) hobekien erantzuten dieten laguntza estrategiak aukeratzea;
  • laguntza estrategikoak iraunkortasunez aplikatzea ingurune edo testuinguru ezberdinetan eta une ezberdinetan;
  • eta plana egokitu eta aldaraztea beharrezkoa denean.

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planean sartzen diren esku-hartze aukerak jokabide gatazkatsuaren arrazoiei jaramon eginez aukeratu behar dira, baina, halaber, pertsonaren berariazko beharrei, bere nahiei eta esku- hartze horiek eguneroko errutina eta inguruneetan duten eraginari ere arreta eman behar zaie. Hori dela eta, laguntza plan berdin bat ez da egokia izango pertsona ezberdinentzat, biek jokabide gatazkatsu berdina azaltzen badute ere eta jokabide horren arrazoiak berdinak badira ere.

Jokabideari lotutako laguntza positiboaren plana diseinatu, aplikatu eta jarraitzeko garaian pertsona ugarik eta oso profil ezberdinekoek esku har badezake ere, ez da ahaztu behar metodologia batek prestakuntza, esperientzia,behatzeko gaitasuna, elkarrizketako estrategien gaineko ezagutza, eta abar behar dituela. Ondorioz, ezinbestekoa da prozesua psikologiaren eremuko profesional batek zuzentzea. Pertsona hori planaren aplikazioan esku hartzen duen taldea koordinatzeaz, senideekin edo hurbileko beste pertsona batzuekin edukiko diren elkarrizketak zuzentzeaz, plana aplikatzerakoan parte hartzen duten langileei laguntza eta prestakuntza emateaz eta, azken batean, prozesuaren lider izateaz arduratuko da.

Jokabideari lotutako laguntzako plan bat diseinatu eta bateratu denean, funtsezkoa da aplikatzerakoan esku hartzen duten pertsona guztiek hurrengo alderdiak betetzea:

  • Diseinatu den moduan aplikatzeko konpromisoa gain hartzea, baita erabilgarritasunari edo egokitasunari buruzko zalantzak edukita ere.
  • Ez eten edo utzi plana edo haren elementu batzuk norberak bere kasa aplikatzeari, etendura hori aldez aurretik planaren diseinuan eta jarraipenean parte hartzen duen taldeak erabaki izan gabe.

 

Jokabideari lotutako laguntza positiboko planen ezaugarriak

Eraginkorrak izan daitezen, jokabideari lotutako laguntza positiboko planek hurrengo ezaugarriak eduki behar dituzte:

  • Jokabide gatazkatsuen ebaluazio funtzionalean oinarritu behar dira, eta esku-hartzeek zerikusi zuzena eduki behar dute jokabide gatazkatsua gertatzea eragiten duten inguruneko faktoreekin –jarduera aldagaiak, ingurunekoak, pertsonalak edo gizartekoak– eta jokabide gatazkatsuak jokabidea ageri duen pertsonarentzat betetzen duen funtzioari buruz ezarri den hipotesiarekin.
  • Ulerkorrak izan behar dira eta hainbat esku-hartze barne hartu (ia inoiz ez da nahikoa izango esku-hartze bakarra garatzea).
  • Proaktiboak izan behar dira, hau da, gaitasun alternatiboen irakaskuntza jaso behar dute eta baita ingurunean egokitzapenak sartu ere.
  • Ingurune barneratzaileetan bizi estiloaren hobekuntzak azpimarratu behar dira, eta ez bakarrik esku hartzeko testuinguru bezala, baizik eta, baita ere, esku-hartzeen epe luzerako helburu bezala.
  • Pertsonan eta haren duintasunaren eta lehentasunen errespetuan oinarritutako balioak islatu behar dituzte.
  • Eguneroko inguruneetan eta normalean eskura dauden baliabideekin aplikatu ahal izateko diseinatu behar dira.
  • Diseinuan kontuan izan behar da esku-hartzearen arrakasta hurrengo alderdiei buruzkoa izan behar dela: gaitasun alternatiboen erabilera areagotzea, jokabide gatazkatsuaren agerpena murriztea eta bizi kalitatea hobetzea.
  • Pertsonan Oinarritutako Plangintzaren esparruan antolatu behar dira, pertsona berdin bati buruzko esku-hartze guztiak antolatzen dituen ardatz gisa.
ITZULI
INPRIMATU
PARTEKATU

Cookien kustomizazioa

Cookies Analytics

Webgune honek hirugarrenen cookieak erabiltzen ditu erabiltzaile kopurua zenbatzeko eta eskainitako zerbitzuari ematen zaion erabileraren neurketa eta azterketa estatistikoa egin ahal izateko. Horretarako, gure webgunean zure nabigazioa aztertu egiten da, eskaintzen ditugun produktu edo zerbitzuen eskaintza hobetze aldera, Google Anlytics cookiearen bidez

Sare sozialetan partekatzeko cookieak

Sare sozialetan partekatzeko osagarri batzuk erabiltzen ditugu, sare sozialetan gure webguneko orri batzuk partekatu ahal izateko. Osagarri horiek cookieak jartzen dituzte, orria zenbat aldiz partekatu den ondo ikusteko.