Bizitza estiloaren funtsezko plangintzaren garapenean, lehenengo urratsa da pertsonari plangintza zertan datzan azaltzea eta zehaztea prozesu mota horri hasiera eman nahi dion. Erantzuna baiezkoa izanez gero, bideratzailea nor izatea nahi duen galdetu behar zaio. Plana norekin diseinatu etaaplikatu nahi duen adierazteko gai denean, aukeratzen duen pertsonak zenbait denbora pasa beharko du berarekin. Denboraldi horretan mota horretako plangintza aukeratzeko dauden arrazoiak eta plangintzaren faseak eta edukiak berraztertu beharko lituzkete. Pertsonak ulermena zaildu edo eragozten duen ezintasun maila altua duenean, haren parte hartzea laguntzarekin aurrera eraman daiteke, hau da, ondo ezagutzen duen, beragatik kezkatzen den eta konfiantzazkoa den pertsona baten laguntza eta aholkularitzarekin (senide bat, lagun bat edo langileren bat izan daiteke). Pertsona horren lana ordezkatzen duen pertsonaren izenean hitz egiten saiatzea izango da, hau da, pertsona horren ikuspuntua aintzat hartuta. Kasu horietan, pertsona hori izango da bideratzailea hautatuko duena.